Jesus Ibañez de Matauco Antzokian aurkeztu dituzte gaur Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 51. edizioan parte hartuko duten hamabost euskal konpainiak. Sonia Díaz de Corcuera zinegotzi arduradunak adierazi duen bezala, programazioaren % 40an duen protagonismoak “Udaleko Kultura arloaren ardatz garrantzitsu eta estrategikoetako bat ikusarazten du: tokiko eta euskarazko sorkuntza eszenikoaren aldeko babesa eta apustu irmoa”.
Zinegotziak eta Marta Monfort Antzokien Udal Sareko arduradunak eskerrak eman dizkiete kultur hitzordu honetan egindako ekarpenagatik. Hain zuzen ere, hirian mende erdiko ibilbidea duen ekitaldi garrantzitsu eta errotuenetakoa da, eta Estatuko arte eszenikoen erreferente argia.
Parte hartu duten tokiko artistek lehen pertsonan aurkeztu dituzte Jaialdiko eszenatokietan eskainiko dituzten proposamen eszenikoak, horietako 7 euskaraz. Aurtengo programan Euskadiko artistek izango duten parte-hartzea azpimarratzea izan da gaurko helburua. Guztira, 15 euskal eragilek parte hartuko dute (Arabako 7 konpainia eta Euskadiko beste 6, eta programazio hedatuko 2 ekintza, Ines Aubert nafarraren eta Juan Ibarrondo arabarraren eskutik).
Oraingo honetan, honako lan hauez gozatzeko aukera egongo da:
Izen batzuk aipatzearren, sortzaile hauen lanaz gozatzeko aukera egongo da: Kepa Errasti, Mireia Gabilondo, Dorleta Urretabizkaia, Aizpea Goenaga eta Joseba Apaolaza. “1975az geroztik, Jaialditik antzerki, dantza eta beste hizkuntza batzuetako lan asko, artistak, teknikariak, eszenografoak, pertsona pila bat… igaro dira. Eta Nazioarteko Antzerki Jaialdiak guztiontzako etxea izaten jarraitzea nahi dugu, etorkizunean ere zuei harrera egiten jarraitzea eta harekin batera hazten jarraitzea”, azpimarratu du Kultura zinegotziak euskal konpainiei zuzenduta.
Sarreren salmenta hilaren 16tik aurrera
Joan den uztailaren 28an eman zen ezagutzera aurtengo edizioa osatuko duten programazioa eta gainerako jarduerak. Datorren irailaren 25ean Off Lokal zirkuituko ikuskizunekin (espazio ez konbentzionaletan egiten diren ikuskizun berriak) oihala igotzeko bi aste falta direnean, datorren irailaren 16an, 10:30ean, sarreren salmenta hasiko da.
Oroigarri gisa, edizio honek 34 ikuskizunez osatutako kartela du, gustu guztietarako 47 emanaldi eta Antzerkia Zabaltzen ekimeneko 8 jarduera taularatuko dituena. Bertan, tokiko konpainien 6 estreinaldi absolutu eta Euskadin lehen aldiz ikusiko diren 6 lan daude, baita Donostia, Bilbo eta Gasteizko antzokiek bultzatutako Antzerkigintza Berriak programak hautatutako obra bat ere.
Bestalde, edizio honetan, Gasteizek nazioarteko 7 konpainia hartuko ditu, Txina, Italia, Britainia Handia, Brasil edo Argentinatik iritsitakoak, hala nola TAO Dance Theater dantza-konpainia ospetsua, El Rayo misterioso eta La compañía criolla, Poliana Lima, The Tiger Lillies eta JIMren agertokira itzuliko den Teatro delle Ariette italiarra.
Konpainia horiez gain, Espainiako antzerkigintzako beste izen batzuk ere igoko dira agertokira: Carolina Yuste, Carlos Hipólito, José María Pou, Eneko Sagardoy, Malena Alterio, Javier Cámara, Israel Elejalde eta Natalia Huarte, besteak beste. Estatuko zuzendari handien artean, Sergio Peris-Mencheta, Andrés Lima, Josep María Mesures, Ernesto Caballero eta Pablo Remón nabarmentzen dira.
Eta koreografiako izarren atalean, La Veronalen Firmamento, Taiat Dansa Valentziako konpainiaren Las hijas de Bernarda, Brodas Brosen familientzako hip-hopa eta Paula Quintanaren dantzaren bizikidetza multikulturala nabarmentzen dira.