LABO GEOk dantza garaikidea eramango du Larraulera eta Alkizara irailaren 26an eta 27an

  • LABO GEOk dantza garaikidea eramango du Larraulera eta Alkizara irailaren 26an eta 27an

LABO GEOren hirugarren edizioa. Gorputza eta Ondarea / Cuerpo y patrimonio irailaren 26an eta 27an iritsiko da Larraulera eta Alkizara, hurrenez hurren, kaleko ikuskizunak eta herritar guztiei irekitako tailerrak konbinatuko dituen dantza garaikideko programazioarekin.

LABO GEO gaur goizean aurkeztu da Foru Jauregian, eta bertan izan dira Goizane Álvarez, Kulturako diputatua, Maite Arana, Larraulgo alkatea, Ana Barrantes, LABOko Ekoizpen burua, eta Ion Estala, LABOko zuzendaria.

Proiektuaren helburua da dantza eta praktika artistiko garaikideak Gipuzkoako landa eremuko udalerrietara hurbiltzea, sorkuntzarako espazio berriak eta publiko berriak sortuz hirigune nagusietatik kanpo. Ekimenak, gainera, kulturaren, ondarearen, paisaiaren eta komunitatearen arteko elkarrizketa ezarri nahi du, proposamen eszenikoak haiek garatzen diren ingurunean integratuz.

LABO GEOk Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren babesa eta Larraul eta Alkizako udalen laguntza du. Goizane Álvarez Kulturako foru diputatuaren ustez, "kultura deszentralizatuz bermatzen da bizi garen lekuak ez baldintzatzea kalitatezko proposamen artistikoak eskuratzeko ditugun aukerak. Herri txikiak, ondarea eta landa-ingurunea ere Gipuzkoa dira, eta sorkuntza garaikidea errealitate horren parte izatea nahi dugu".

Álvarezek azpimarratu duenez, "LABO GEOk erakusten du kulturak topaketa, parte-hartzea eta komunitatea sor ditzakeela lurraldeko edozein tokitan. Dantza garaikidea espazio ez-konbentzionaletara eramateak, gainera, aukera ematen du gure herriak eta gure ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko, kultura lurralde-kohesiorako eta irispide berdintasunerako tresna bihurtuz".

Bestalde, Ion Estalak azaldu duenez, “LABO GEOren hirugarren edizioa programa artistiko eta hezitzaile oso sendo batekin dator, kalitate handiko proposamen garaikideekin, baina, batez ere, Alkizan eta Larraulen aurkeztu ginen apaltasun eta begirune handiz. Udalerri horiek beren etxeko ateak irekitzen dizkigute, eskuzabaltasun ekintza zintzo batean, eta gure helburua da beren lurraldean gertatzen den guztia zerbait erreal gisa agertzea, espazio horren zati natural gisa. Benetan sinesten dugu dantza dela horretarako lengoaia artistiko egokietako bat.”

Hirugarren edizio honetako programazioak askotariko proposamenak bilduko ditu, lengoaia garaikide eta esperimentaletatik hasi eta sustraiekin eta tradizioekin lotutako piezetaraino.  Udalerri bakoitzean hiru konpainiaren hiru dantza-pieza aurkeztuko dira, bai eta publiko orori zuzendutako ordubete inguruko tailer bat ere. Tailerrak eta ikuskizunak sarrera libre eta doakoak izango dira.

Larraul, irailaren 26a

Jardunaldia 10:00etatik 11:00etara hasiko da, Oihana Vesgaren Iada bazegoen dantza tailerrarekin. 12:00etatik aurrera hiru ikuskizun izango dira:

  • Oihana Vesga, Sonus Fossio
  • Compañía X, Eta orain zer?
  • Valeria Polorena, El cuerpo tartamudeando en la proximidad de un signo futuro

Alkiza, irailaren 27a

Igandean, 10:00etatik 11:00etara, Asier Zabaletak Hitz gabe, esan tailerra emango du. 12:00etan emanaldiak hasiko dira:

  • ALDAKETA / dantza konpainia, El mambo que llevamos dentro
  • DAB dantza konpainia, Kea
  • ERTZA, UN’WE

Hirugarren edizio honekin, LABO GEOk natura, ondarea eta dantza garaikidea batzen ditu berriro, Larraul eta Alkizako landa inguruneak eszenatoki gisa aprobetxatuz hizkuntza artistiko berriak publiko ezberdinetara hurbiltzeko.

LABOri buruz

LABO programa 2017an sortu zen Donostian, NODE dantza eta performance konpainiaren eskutik, arte eszeniko garaikideen sorkuntza proposamen eta prozesu berrietarako espazioak sortzeko helburuarekin. LABO GEO bere hiru zikloetako bat da eta, bereziki, Gipuzkoako landa eremuko udalerri txikietara dantza eta praktika garaikideak eramatera zuzenduta dago.

.gipuzkoa.eus

  • DataIrailak 11
  • Gaia Arte eszenikoak