Zaldi bat (Maddi Ane Txoperena), Kontua eta zikina (Eneko eta Iban Iztueta eta Aritz Vieites) eta En kvinna att älska (Theodor Kallifatides) liburuek jasoko dituzte aurten Zilarrezko Euskadi Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak ematen dituen sariak.
Urteroko sarion helburua “aurreko urteko lanak erreskatatzea” da, “merkataritza bultzada eta ikusgarritasun handiagoak merezi dituztelakoan”, eta urriaren 13an emango dituzte aurten, Alde Zaharreko Elkar liburu dendan, lokal horrek 50 urte bete dituela eta.
Epaimahaiaren ustez, Zaldi bat liburuak “tramak ez ezik, bereziki sentimenduak ere deskonposatzen ditu literaturaren bidez”.
Kontua eta zikina. Euskal pop noir bat (Txalaparta) eleberri grafikoak, bestalde, "euskal komikigintzaren aukerak aberasten ditu, herriko historia eta thriller klasikoaren arau narratibo eta bisualak uztartuta”.
Gipuzkoako Liburudenden Elkarteak Theodor Kallifatides idazle saridunarekiko topaketa bat antolatu du San Telmo Museoan, Donostia Kulturarekin lankidetzan, sariak emateko ekitaldiaren egun bererako, urriaren 13rako.