Kaiola Festibalak nazioarteko musika esperimentalaren izen handiekin ospatuko du hamargarren urteurrena Galdakaon

  • Kaiola Festibalak nazioarteko musika esperimentalaren izen handiekin ospatuko du hamargarren urteurrena Galdakaon

Kaiola Festibalak bere hamargarren urteurrena ospatuko du urriaren 16an eta 17an, beste urte batez Galdakao musika esperimentalaren eta abangoardiako proposamenen topagune bihurtuz. 2016an abiatu zenetik, jaialdia sendotu egin da eta nazioarteko musika eszenan bere lekua egin du. Hamarkada honetan, musika esperimentalaren, free jazzaren, inprobisazioaren eta abangoardiaren esparruetako artista eta proiektu garrantzitsuak igaro dira Galdakaotik.

Aurtengo edizioak, maila goreneko nazioarteko artistak eta zuzeneko emanaldi indartsuak izango ditu protagonista: Trevor Dunn, Joey Baron & Robyn Schulkowsky, Backengrillen eta Titan to Tachyons izango dira egitarauko izen nagusiak, eta, haiekin batera, Akauzazte taldearen itzulera berezia izango da. 

Jaialdiaren aurkezpena gaur egin dute Edurne Espilla Kultura zinegotziak eta Aritza Landaluze Kaiola Festibalaren antolatzaileak, Torrezabal Kultur Etxean. Jaialdiak azken hamar urteotan izan duen bilakaera eta Galdakaoko kultur eskaintzaren barruan duen lekua nabarmendu dute biek, baita aurtengo egitarauaren berezitasunak eta proposamen artistikoen maila ere.

Kaiola Festibalak eskaintzen duen “programazio berezia” nabarmendu du Espillak, Galdakaon musika esperimentalaz eta “zirkuitu komertzialetik kanpo dagoen musikaz gozatzeko aukera” ematen duena. Ildo horretan, bereziki balioan jarri du “nazioartean ezagunak diren eta munduan zehar biraka ibiltzera ohituta” dauden talde eta artistak herrira ekartzea. Bere ustez, hori da jaialdiaren ekarpenetako bat: “normalean hiriburuetan egoten diren eta nazioarteko zirkuituan mugitzen diren proposamenak Galdakaora ekartzea”, eta, horrela, herrian bestelako kultur esperientziak ezagutzeko aukera izatea.

Horrez gain, egitasmoak azken urteotan landu dituen bi ildo aipatu ditu zinegotziak: alde batetik, gutxienez Euskal Herriko talde edo artista bat egitarauan sartzea, eta, bestetik, jaialdia kalera ateratzea, proposamena are gehiago herritarrengana hurbiltzeko.

Horren harira, Landaluzek aurtengo emanaldien inguruko xehetasunak azaldu ditu, Joey Baron & Robyn Schulkowsky bikotearen kaleko emanaldia eta Akauzazteren itzulera nabarmenduz. Lehenengoei dagokienez, urriaren 16an Gandasegiko arkupetan egingo duten emanaldia “publiko guztiei zuzendutako proposamen didaktiko eta interaktiboa” izango dela jakinarazi du, ikus entzuleek “musikariengandik hurbil egoteko eta perkusioaren zein soinuaren inguruko esperientzia ezagutzeko aukera izan dezaten”. Bestalde, Akauzazteren itzulera ere aipatu du; 1990eko hamarkadan ibilbideari ekin zion taldearen jatorrizko zazpi kideek osatutako formazioak Galdakaon eskainiko du 2019tik egingo duen lehen kontzertua. “Espero dut ez izatea beraien azken kontzertua”, esan du.

Azkenik, antolatzaileak “bi gau polit izatea” espero du, eta Kaiola bezalako jaialdi bat Galdakaon antolatzea “zoragarria” dela azpimarratu du, halako proposamenak hiri handietara mugatu beharrean herrira ekartzeko aukera ematen duelako. Aurrera begira, gainera, jaialdia “herriko hainbat txokotara zabaltzen eta emanaldiak ordutegi zein espazio desberdinetan” eskaintzen jarraitzeko asmoa azaldu du, gero eta herritar gehiagok proposamenaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Sarrerak dagoeneko salgai daude Udalaren webgunean, 15 euroko prezioan, urriaren 17ko (larunbata) kontzertuetarako. Urriaren 16ko Joey Baron & Robyn Schulkowsky bikotearen emanaldia, berriz, doakoa izango da eta publiko guztiei irekita egongo da.

Hurrengoa da aurtengo Kaiola Festibaleko egitarau osoa 

Urriak 16, ostirala

Joey Baron & Robyn Schulkowsky (AEB)

Gandasegiko arkupetan · 18:30 · Doan

 

Urriak 17, larunbata

Trevor Dunn (AEB)

Musikari eta konpositore estatubatuarra da Trevor Dunn, eta nazioarteko musika eszenako izen ezagunenetako bat. Mr. Bungle, Fantômas eta Tomahawk taldeetako sortzaileetako bat izan da, eta jazzaren, inprobisazioaren eta rock esperimentalaren arteko mugak arakatzen dituzten hainbat proiektutan parte hartu du.

Joey Baron & Robyn Schulkowsky (AEB)

Perkusioaren munduko bi erreferente dira Joey Baron eta Robyn Schulkowsky. Baron Naked City eta Masada taldeetako kide sortzailea eta John Zornen ohiko kolaboratzailea izan da; Schulkowskyk, berriz, ibilbide luzea egin du musika garaikidean, inprobisazioan eta abangoardiako perkusioan.

Backengrillen (Suedia)

Backengrillen Refused taldeko hiru kide ohik eta Mats Gustafsson saxofonista eta inprobisatzaileak osatutako proiektu berria da. Hardcorearen energia, rocka eta inprobisazio askea uztartzen ditu, zuzeneko bizi eta intentsu baten bidez.

Titan to Tachyons (AEB)

New Yorkeko laukote instrumentala da Titan to Tachyons, eta hardcorea, jazza, inprobisazioa eta rock esperimentala uztartzen ditu. Soinu indartsu eta erritmo aldakorrez osatutako proposamen esperimentala eskaintzen du.

Akauzazte (Euskal Herria)

Euskal Herriko talde berezienetako bat da Akauzazte, soinu ilun, primitibo eta esperimentaleko unibertso propioarekin. 2019tik eszenatokietatik kanpo egon ondoren, jatorrizko zazpi kideko formazioarekin itzuliko da Galdakaora, taldeak egingo duen lehen kontzertua eskainiz.

Torrezabal Kultur Etxean · 20:00 · 15 euro

galdakao.eus

  • DataUrriak 7
  • Gaia Musika