Off Lokal Arabak Arabako herrietara eramango ditu formatu txikiko arte eszenikoak

  • Off Lokal Arabak Arabako herrietara eramango ditu formatu txikiko arte eszenikoak

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak Off Lokal programa lurralde historiko osora zabaldu dute aurten. Programa hori Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiari lotutako ekimena da, eta tokiko sorkuntza eszenikoa sustatzen du, eta ohiko antzoki edo aretoetatik kanpoko espazioetan aurkezteko pentsatuta dauden proposamenen alde egiten du.

Off Lokal Araba izenpean, lankidetza berri honi esker, 2026ko ediziorako hautatutako proposamenak hiriburutik atera eta Arabako beste hainbat herritara hurbilduko dira. Kultura deszentralizatzen, arte eszenikoak publiko berrietara hurbiltzen eta lurraldeko konpainia profesionalei eta erdiprofesionalei ikusgarritasuna ematen lagundu nahi da.

Proposamenak antzerki emanaldi konbentzionalez bestelako formatu baten alde egiten du. Formatu txikiko piezak dira, oro har 15 eta 20 minutu bitartekoak, ikusle kopuru txiki batentzat sortuak. Pieza horietan funtsezkoa izango da artisten eta publikoaren arteko hurbiltasuna. 

Gainera, antzezpenak herriko hainbat gunetan egingo dira. Ikusleak, gidari batek lagunduta, gune batetik bestera joango dira proposamenez gozatzeko, eta udalerria bera ere agertokiaren zati bihurtuko da.

Lurraldera zabaltze horretan Laudio izango da lehenengo herria Off Lokal programa hartzen. Urriaren 10ean eta 11n Kultur Etxean egingo den egitarauarekin.

Programazioan bi proposamen daude, biak euskaraz: Nora, nora ezean, Musaloka Kolektiboarena, eta Etorkizunak dio Fuego!, Makur Antzerkiarena. 

Esperientziak 50 minutu inguru iraungo du, eta pase bakoitzean gehienez ere 15 pertsonako taldea egongo da.  Urriaren 10ean, larunbata, bi emanaldi egingo dira, 19:00etan eta 19:30ean; eta urriaren 11n, igandea, beste bi, 12:00etan eta 12:30ean. 

Parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena, Laudioko Udalaren bidez, urriaren 7ra arte. Eskaera kopurua libre dauden plaza kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo da izena eman duten pertsonen artean.

Off Lokal Gasteizko Udalaren ekimenez sortu zen bertoko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, zehazki tokiko sorkuntza eszenikoa sustatzeko. Proposamenak deialdi publiko bidez aukeratzen dira, Gasteizen edo Arabako Lurralde Historikoan egoitza duten sektoreko profesional eta erdiprofesionalei zuzendutako deialdi baten bidez

Programa Arabako lurralde osora zabaltzeak aukera ematen du orain proposamen horiek hiriburutik harago ere iristeko, eta parte hartzen duten udalerriak egun batez sorkuntza garaikidearen gune eta agertoki bilakatzeko.

Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak adierazi duenez, "gure sortzaile eta konpainien proposamenak Araban barrena zabaltzea eta askotariko ikusleekin topo egitea nahi dugu. Eta, gainera, oso modu berezian egitea nahi dugu, formatu txikiko ikuskizunekin, talde txikiekin eta agertokiaren gainean daudenen eta beste aldean daudenen arteko harreman oso zuzenarekin", adierazi du.

Del Val-ek azpimarratu duenez, ekimen hau "guztiz bat dator kultura lurralde osora hurbiltzeko eta tokiko sorkuntzarako aukerak sortzen jarraitzeko dugun konpromisoarekin. Kultura deszentralizatzea ez da soilik kultur eskaintza bat toki batetik bestera eramatea; izan ere, udalerri bakoitzak kultura bere erara bizi ahal izatea eta bere espazioak sorkuntzarako topagune bihurtzea ere bada".

Off Lokal Araba Arabako beste herri batzuetan egiten jarraituko da urrian, Gasteizen Off Lokalaren programazioa amaitu ostean.

araba.eus

  • DataUrriak 7
  • Gaia Arte eszenikoak