Arriaga Antzokiak eta Bilboko Koral Elkarteak indarrak batu dituzte proiektu berri bat aurrera eramateko, zeinak, une honetan, azken txanpari ekingo baitio astebete pasatxo barru estreinatu baino lehen. Arriagaren Aterkia musika ikuskizun poetiko eta oniriko bat da, bi erakundeek elkarrekin bultzatutakoa, eta aurtengo urriaren 17an eta 18an estreinatuko da. Larunbateko, hilaren 17ko, emanaldia 18:00etan izango da, eta igandekoa, hilaren 18koa, berriz, goizeko ordutegian, 12:00etatik aurrera. Beti bezala, Arriaga Antzokiak Bilboko Udalaren aterkipean —inoiz baino aproposago da horrela adieraztea— lan egin du proiektu honetan. Gainera, Bilboko Koral Elkarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza izan du ekoizpen honetarako.
Arriagaren Aterkia familiarentzako musika-ikuskizun bat da, publiko guztiarentzat egindakoa. Ane Pikazaren zuzendaritza eszenikoarekin eta Aitor Biainen musikazuzendaritzarekin, estetikoki zinez ederra den proposamena aurkezten da (azpimarratzekoak dira Betitxe Saituaren jantziak eta David Bernuésen argiztapen-lana), eta agertokia artistaz beteko da. 8 eta 16 urte bitarteko ehun haur inguruk abestu eta interpretatuko dute. Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzako eta prestakuntzaabesbatzetako ikasleak dira. Horiez gain, Eskolan Kantari proiektuko abesbatzak egongo dira, euren agerraldia laburra izango bada ere. Hunkigarria izango da José Luis Ormazabalek zuzendutako ahots zuri horiek guztiak ikustea eta entzutea. Gainera, bi abeslari bakarlari ere izango dira, Ibone Sardón eta Julen García. Obran duten presentzia eta garrantzia ahotsetatik harago doaz, izan ere, pertsonaiak antzeztuko baitituzte eta eszenan asko jolastuko baitute ikuskizunaren alderdi teatralenean protagonista diren hiru aktoreekin batera: Loli Astoreka, Leire Ucha eta Itziar Manerorekin batera. Euren antzezpenek une dibertigarriak eta sinbolismoz beteak oparitzen dituzte.
Izan ere, Arriagaren Aterkia obra oso sinbolikoa da, Juan Crisóstomo de Arriagaren musika-ondarea eta Bilboko hiria bera omentzen dituena, hiribilduko elementu ikoniko ugari erantsiz: kale bustiak, itsasadarra, baldosak, uholdeak, ontziolak edo zirgariak. Libretoa idatzi zuen Leire Bilbao idazlearen ideia eder batetik abiatzen da dena. Juan Crisóstomo de Arriagaren —euskal musikako pertsonaia enblematikoa, «Euskal Mozart» izenez ezagutzen dena— partitura ahaztuen eta aterki baten irudimenezko aurkikuntzatik sortu da Arriagaren Aterkia. Objektu magiko horretatik abiatuta, musikalak bidaia bat proposatzen du memorian, denboraren joanaren eta bizitzaren etapetan zehar, beti Bilboko euripean. Istorioak haurtzaroa, gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa zeharkatzen dituen pertsonaia bati jarraitzen dio, musikak eta oroitzapenek denboren eta emozioen artean bidaiatzeko aukera ematen dioten bitartean. Hala, belaunaldien arteko transmisioaren, irudimenaren eta jarraitutasunaren sinbolo bihurtzen da aterkia. Hori guztia Nerea Alberdi eta Aitor Etxebarria konpositoreek sortutako soinu unibertsoarekin nahasten da, Arriagaren doinu ezagunenetako batzuk ere integratuko baitituzte. Zuzeneko nterpretazio instrumentalerako, hamar musikariz osatutako hari-, haize-, perkusio- eta elektronika-ensemblea eskaintzen du ikuskizunak.
Osagai horien guztien emaitza musikaren ospakizuna, Bilboren oroimena eta euripean ere kantatzen jarraitzeko gaitasuna dira.