https://www.irun.org/eu/berriak/udal-gaurkotasuna/22046-eduardo-chillidaren-eta-remigio-mendibururen-obrak-elkarrizketan-jartzen-dituen-lehen-erakusketaren-kokalekua-izango-da-irun

  • https://www.irun.org/eu/berriak/udal-gaurkotasuna/22046-eduardo-chillidaren-eta-remigio-mendibururen-obrak-elkarrizketan-jartzen-dituen-lehen-erakusketaren-kokalekua-izango-da-irun

Irungo Udalak gaur aurkeztu du Chillida Mendiburu. Denboraren ispilu erakusketa, Eduardo Chillida (1924-2002) eta Remigio Mendiburu (1931-1990) eskultoreen obrak elkarrizketan jartzeko pentsatutako lehen erakusketa. Menchu Gal aretoan egongo da ikusgai 2027ko urtarrilaren 10era arte, eta 24 obrak osatzen dute, artista bakoitzaren 12 artelan hautatu baitira. Aurkezpenean izan dira Irungo alkatea, Cristina Laborda; Kulturako ordezkaria, Nuria Alzaga; Chillida Lekuko zuzendaria, Mikel Chillida; erakusketaren komisarioak; Estela Solana eta Juan Pablo Huercanos; eta Mendibururen zenbait senide.

Cristina Laborda Irungo alkatearen aburuz, «benetako plazera da Irunen gisa honetako erakusketa bat antolatzea, eta Menchu Galen elkartzea bi artista hauen obrak, euskal eskulturan zinez figura garrantzitsuak izan dira eta Chillida eta Mendiburu.Haien obra ezagutzeko aukera izango dugu gure hirian, baita haien arteko harremana ulertzekoa ere, eta hori kultur arloko parada paregabea da».

Alkateak nabarmendu duenez, «Irunen apustu handia egiten dugu kulturaren alde eta kultur bokazioko hiri baten mailako proposamenak egitearen alde.Horrelako erakusketek Menchu Galen izaera propioa indartzen dute eta, aldi berean, gure hiria kultur zirkuituetan kokatzen dute. Horri esker, interes handiko obrak eta proiektuak iristen dira gurera».

Formatuari dagokionez, artisten 12na pieza hautatu dira erakusketarako, 24 artelan, beraz, guztira.  Zabalaga Lekutik datozenez gain, erakusketarako obra ugari laga dituzten bildumagile partikularrek, baita Laboral Kutxaren bildumak ere, zehazki, Puño Mazo artelana maileguan utzi baitu.

Mostra hau Menchu Gal aretoaren lan-ildoan txertatzen da. 2010ean ireki zen, eta euskal sorkuntzaren eta artelan garaikideen difusioan jartzen du arreta. Espazio honetan erakutsi dira, esaterako, Gaur taldeko kide guztiak, eta presentzia izan dute bertan aurretik ere hala Eduardo Chillida nola Remigio Mendiburuk: Chillidaren erakusketa bat antolatu zen bertan 2011n, eta Mendibururena, aldiz, 2014an. Oraingoan, bi artisten obrak espazio berean bilduta, bien ibilbideek elkarri nola eragin zioten ikusiko dugu.

Chillida Mendiburu. Denboraren ispilu

Erakusketak bi eskultoreen lanari begirada bateratua emateko aukera eskaintzen du. Horrela, materia, espazioa, sormen-prozesua eta artearen, naturaren eta lurraldearen arteko lotura bakoitzak nola ulertzen zuen ikusiko dugu. Elementu nabarmenetako bat erreportaje fotografiko bat da: Chillida eta Mendiburu hirurogeiko hamarkadaren erdialdean Mendiburuk Hondarribian zeukan tailerrean elkartu zirenean egindako argazkiek osatzen dute. Argazkiak Sidney eta A. Lurie Waintrob estatubatuarrek egin zituzten, eta parada ematen digute bi artistak ikusteko, noiz eta beren ibilbideko une bereziki esanguratsu batean zeudenean.

Estela Solana eta Juan Pablo Huercanos izan dira erakusketaren komisarioak; Xabier Salaberria arduratu da museografiaz eta katalogo bereziaren diseinatzailea Maite Zabaleta izan da. Katalogoa 12 euroan dago salgai. Izenburuak, Denboraren ispilu, Remigio Mendibururen olerki bat du abiapuntu, eta prozesu eskultorikoaren, denboraren eta kultur testuinguruaren arteko harremanari egiten dio erreferentzia.

Erakusketaren osagarri, familientzako tailerrak antolatu dira Maushaus arkitektura-tailerraren eskutik. Saio horiek doakoak izango dira, aurretik izena emanda, eta urriaren 16an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n eskainiko dira. Hitzordu bakoitzean, erakusketa bisitatuko dute aurrena parte-hartzaileek, eta gero tailerra bera egitera joango dira Udalaren euskaltegira.

Menchu Gal aretoa ostiral eta larunbatetan irekitzen da 18:00etatik 21:00etara, eta igandeetan 11:30etatik 13:30etara.


  • DataUrriak 9
  • Gaia Ikusizko arteak