Musika eta literatura izango dira protagonista Gutun Zuria Zabalik ekimenaren aurtengo topaketetan, Azkuna Zentroa ? Alhóndiga Bilbaon

  • Musika eta literatura izango dira protagonista Gutun Zuria Zabalik ekimenaren aurtengo topaketetan, Azkuna Zentroa ? Alhóndiga Bilbaon

Gutun Zuria Zabalik, Gutun Zuria Bilbao Jaialdiak jorratutako gaiak zabaldu eta garatzen dituen programa, mundua kontatzeko eta pentsatzeko modu berriak aurkitzeko gonbita egiten du, sorkuntza literarioa berritzen ari direnen eskutik. Gaur egungo letren esparruko ahots nabarmenak biltzen dituen programa Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaora itzuliko da urriaren 14an, Gorka Urbizu, Olaia Inziarte eta Amets Arangurenen arteko solasaldiarekin. Ondoren, azaroaren 17an, Sabina Urraca eta Laura Fernández idazleen arteko topaketa izango da.  

Gutun Zuria Zabalik programak batera biltzen ditu erreferentzia diren ahotsak, hizkuntza eta egitura narratiboak berritzeko duten gaitasunagatik. Begirada bereziak eskaintzen dituzte orainari buruz, betiere bertako eta mundu globaleko testuinguruetatik abiatuta, eta gai ugari jorratzen dituzte, besteak beste, identitatea, memoria, tentsio sozialak, ezagutzaren mugak eta errealitatearen eta fikzioaren arteko harremanak.

Kanturako Hitzak elkarrizketan, Olaia Inziarte eta Gorka Urbizu solasean arituko dira Amets Arangurenekin, eta xehe azalduko dituzte beren obrak nola jaio eta taxutzen diren, lan egiteko dituzten moduak, beren erreferenteak eta sorkuntza-prozesu osoan hartu beharreko erabakiak.  Abestiak idazteko modua, musika eta egileek sortzeko moduan literaturak duen lekua hizpide izango diren topaketa honetan, hainbat galderei erantzuten saituko da.  

Bastida Aretoa izango da Olaia Inziartek kantu berri bati hitzak jartzeko duen abiapuntuaz hitz egiteko agertokia: paper zuriaren aurrean boligrafoa jartzen den, bat-batekotasunari lekua ematen dion edo gero paperera eramanen dituen ideiak denbora batez buruan ontzen uzten dituen azalduko du. Papera eta boligrafoa izanen dira ala gitarra eta telefonoaren grabatzailea zuzenean? 

Gorka Urbizuk, bestalde, hitzak jartzen dizkio melodiei ala melodiak hitzei? Eta uneren batean biek bat egiten ez dutenean zer gertatzen den, isiltasunak zein leku hartzen duen edo 90eko hamarkadan kantuen idazle zenetik gaur egunera arte zein ibilbide egin duen ere emango du ezagutzera.

Horrez gain, euren sormen prosezua partekatuko dute, idatzi ahala, idatzitakoak inorekin partekatzen badituzte edo behin kantuaren hitzak bukatuta, inoren onespenik jaso behar badute. Gainera,  abeslari gisa egiten duten lanean literatura eta idazleak inspirazio iturri edo erreferente ote diren aztertuko dute.

Saioaren bigarren topaketa azaroaren 17an izango da, Sabina Urraca eta Laura Fernández idazleekin, eta bertan irudimenaz eta munduan ez egoteko, tarte batez aldendu edo irteteko , edota barrurago joateko beharraz arituko dira.  Maitasun-harremanean irudumenarekin izenburupean, egileak hizketan arituko dira beren egoeraz, (ESPIOI) edo (AGENTE BIKOITZA) izateaz. Hau da, munduan behatzeko eta gauzak biltzeko dagoen pertsona bat, horiekin askoz handiagoa den beste zerbait egiteko, bera gabe —idaztean bilakatzen den beste ni hori gabe— existituko ez litzatekeen zerbait.

Olaia Inziarte

Olaia Inziarte hogeita zazpi urteko abeslari eta kantugile nafarra da. Bakarkako ibilbideari hasiera eman zion Lehengo Lepotikan Burua (2022) diskoarekin, non folk ukituak eta elektronika poparekin nahastu zituen, intimotasuna ardatz edukiz. 2025ean Zerrautsa eta Zura kaleratu ditu: erro bera duten eta natura eta barne-mugimendua ardatz dituzten lanak biak ere. 

Beti ibili da musikaren bueltan handik eta hemendik, proiektu desberdinetan parte hartuta: erromerian, ipuin kontalaria den Amaia Elizagoien lagunaren musikari bezala, trikitixarekin iñauterietan, Iker Lauroba, Joseba Tapia edo Chica Sobresaltorekin piano/kitarra edo koroetan eta abar. 

Zuzenean, formatu zaindu eta hurbila eskaintzen du, aretoetatik jaialdietara zabalduta, eszenatokian bost pertsonaz inguraturik: Gema Ines Murillo eta Eric Deza kitarretan, Ander Unzaga Teklekin, Lore Nekane Billelabeitia baxuan eta Josu Erviti baterian. Soinuan eta argietan (hauek aurrekoak bezain garrantzitsuak izanik) Ibai Indart eta Ania Rodriguez aritzen dira.

Gorka Urbizu

Musikari, kantugile eta ekoizle nafarra. 14 urterekin lehendabiziko taldea sortu eta ordutik eskenatokiz eskenatoki aritu da bere kantuak jendaurrera eramaten, munduan barna emandako milatik gora kontzertuak lekuko. Berri Txarrak taldea sortu eta bertan 25 urtez abeslari eta gitarjole moduan aritzeagatik ezaguna, 2024an bakarkako bideari ekin zion, urteko egunik tristeenean eta ezustean 'Hasiera Bat' diskoa kaleratuta.

'Bakan' izeneko single sorta etorri zen gerora, zeinak Abbey Road estudioetan grabatzera eraman baitzuen. Euskarazko Urteko Diskorik Onena (Premios de la Música Independiente MIN), Euskarazko Kanturik Onena ('Etxe Bat', Premios de la Academia Española de la Música), Musika Bulegoa Saria eta beste hainbat sari jasoa da azken lan hauei esker.

Magisteritza Musikala eta Euskal Filologia ikasitakoa, birritan irabazi du Iruñeko Udalaren Egile Berrien Poesia Saria. Peiremans+ edo Katamalo bezalako proiektuen sortzailea ere bada, bere eklektizismo eta jakinminaren erakusgarri. Only In Dreams ekoiztetxe propioan kaleratu ohi du bere obra guztia. 

Amets Aranguren

Iruñean jaio zen Amets Aranguren 1998an. Euskal Ikasketak hasi zituen Baionan, bertako kontserbatorioan Iruñean hasitako musika ikasketei jarraipena emanez. Baiona utzi eta Musikaren pedagogia gradua ikasi zuen Nafarroako goi-mailako musika kontserbatorioan. Arte, Kultura eta Literatura garaikideak masterra ari da egiten egun Universitat Oberta de Catalunya-n. Profesionalki euskalgintzaren eta musikaren artean mugitu da batez ere, baina kultur munduari loturiko bestelako lanetan ere ibilia da, hala nola, BaDA!bil bideopodkastean, ARGIA astekarian, edota BERRIA egunkarian. 

Ibil bedi musika taldeko kide ere bada, eta talde nafarra bere laugarren lan luzea prestatzen aritu den azken bi urteotan bereziki jarri nahi izan du arreta Arangurenek kantuen hitzetan.

bilbao.eus

  • DataUrriak 9
  • Gaia Musika, Literatura