Gasteizko Udal Musika Bandak jarriko dio musika 2025eko Urrezko Zeledon sarien banaketa-ekitaldiari

  • Gasteizko Udal Musika Bandak jarriko dio musika 2025eko Urrezko Zeledon sarien banaketa-ekitaldiari

Datorren astelehenean, urriak 19, Urrezko Zeledonak elkarteak 2025eko Urrezko Zeledon gala ospatuko du. Bertan, Vitoria-Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Udal Konpartsak eta urte askoan haien jantziak egin dituen Gasteizko Udaleko Kultura Saileko jostun ohiak, Txaro Iturraldek, jasoko dute saria. Ekitaldia 19:30ean izango da, Europa Biltzar Jauregian, eta musika Gasteizko Udal Musika Bandak jarriko du.

“Kontzertu hau urteko berezienetako bat da Banda eta Udalarentzat; izan ere, Gasteiz defendatu, sustatu eta zaintzen duen elkarte tradizional horrekin lankidetzan aritzeko aukera bikaina da. Hain zuzen ere, sariak hiriari zerbitzuak eman dizkioten pertsonak edo erakundeak saritzen ditu; hau da, hiriari prestigioa, eredugarritasuna eta gorespena ematen lagundu diotenak. Aurten, gainera, bi sariak estu lotuta daude Kultura Sailarekin, eta horrek harrotasunez betetzen gaitu”, ziurtatu du Gaizka Uraga Kultura eta Hezkuntza Saileko zuzendariak.

Bestalde, Iker Olazabal kontzertuaren zuzendariak adierazi duenez, “sari-banaketa hori aitortzatik haratago joango da, eta tokiko kulturaren benetako ospakizun bihurtuko da. Txaroren eta konpartsaren parte-hartzeak erritmoa, kolorea eta tradizioa ekarriko ditu, eta ikusleek identitatez eta hurbiltasunez betetako ikuskizunaz gozatuko dute”.

Programa

Gala honetarako urtero egiten duen bezala, Udal Bandak publikoarentzako proposamen berri eta erakargarriak biltzen dituen programa prestatu du, Gasteizko esentzia galdu gabe. Honako zazpi pieza hauek osatuko dute:

  • Fernando Velázquezen El Guardian invisible
  • José M. Sistiagaren Alkate Soinua
  • Juanma Sáezen Vals de Bodas
  • Juan Carlos Doñabeitiaren Elgacena
  • Jesus Guridiren Fantasía Caserío Final
  • Luis Arambururen Plegaria a la Virgen Blanca
  • Eduardo Morenoren Una tarde en Laguardia

Gonbidapenak gaur, urriak 14, 16:00etan jarriko dira eskuragarri Udal Antzoki Sareko leihatilan (Plaza Berriko Turismo Bulegoan). Gehienez, pertsona bakoitzak 4 gonbidapen eskuratu ahal izango ditu.

2025eko Urrezko Zeledon Sariak

Aurtengo edizioan sarituak Gasteizko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa eta 40 urtez Udaleko Kultura Saileko jostuna izan den Txaro Iturralde Saez de Vicuña izan dira.

Konpartsa 1917an sortu zuten Aramaioko baserritarrek, Arabako Mendialdeko baserritarrek eta Zeledon, Cachan, Escachapobres eta Margolaria buruhandiek. Ordutik hona, erraldoi eta buruhandi berriek, zaldiek eta txotek, osatu dute konpartsa eta hiriari bizitza emateaz eta Gasteizko tradizioak eta nortasuna defendatzeaz arduratu dira.

Konpartsari oso lotuta dago 2025ean Urrezko Zeledon aitortza eskuratu duen beste sariduna: Txaro Iturralde. 1982tik 2023ra arte, hiriko pertsonaia enblematikoen janzkeraren eta eszenaratzearen arduraduna izan da, hala nola Zeledon, erraldoiak, buruhandiak eta Gargantua. Gainera ,bera arduratu izan da jaietako banderak eta apaingarriak egiteaz ere.


  • DataUrriak 14
  • Gaia Musika