Kulturako sailburuorde Andoni Iturbek gaur eman ditu ezagutzera 2026ko Euskadi Literatura Sarien lehen hiru irabazleen izenak, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldian. Ekitaldian Ana López Kultura Sustatzeko zuzendariak eta saritutako hiru egileek ere parte hartu dute.
Andoni Iturberen hitzetan, «hiru obra hauek sormenaren eta literaturara hurbiltzeko moduen aniztasuna erakusten digute. Euskadi Literatura Sarien bidez, gure idazleen talentua aitortu, haien lanak ezagutarazi eta gizartera hurbildu nahi ditugu, irakurle kritikoak sustatuz eta irakurketaren bidez ikuspegi berriak ezagutzeko aukera eskainiz».
Euskarazko Literatura Saria: Ixiar Rozas
Euskarazko Literatura Saria Ixiar Rozas-i eman zaio, Consonni argitaletxeak argitaratutako Narrugorrik lanagatik.
Epaimahaiak egileak egiten duen literatur esplorazio lana, hizkuntzaren bidez adierazteko modu berriak bilatuz eta literatura-generoen artean mugituz azpimarratu du. Lanak hitzen biluztasuna eta hortik sortzen den indar poetikoa ditu ardatz, gorputzaren eta naturaren arteko zentzumen-esperientziak proposatzen dituzten hizkuntza-jokoen bidez.
Halaber, epaimahaiak nabarmendu ditu hizkuntzaren soinu- eta forma-esperimentazioa, baita egileak proposamen berritzaile bat garatzeko duen gaitasuna ere; aldi berean, euskal tradizioan sustraitzen da eta ahozkotasunaren eta idazketaren arteko mugan barrena dabil.
Ixiar Rozas (Lasarte-Oria, 1972) Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Narratiba, poesia, arte eszenikoetarako testuak eta testu kritikoak idatzi ditu, hainbat herrialde eta hizkuntzatan argitaratu direnak. Gaur egun, arte-hezkuntzako irakaslea da Mondragon Unibertsitatean, eta Arabako Lasierran dagoen AZALA sorkuntza-espazioko kidea ere bada.
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria: Yolanda Arrieta
Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak jaso du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Saria, Denonartean argitaletxeak argitaratutako Zurtz lanagatik.
Epaimahaiak lanak umezurtztasunaren kontzeptuari ematen dion esanahi zabala eta iradokitzailea, bere adiera literaletik harago doana, eta pertsonaien ikuspegi desberdinen bidez eraikitako kontakizun-egitura aberats eta poliedrikoa nabarmendu du. Eleberriak sentiberatasunez jorratzen ditu hazkundearekin, nortasun propioaren bilaketarekin eta desberdina sentitzearekin lotutako bizipenak. Bakardadea, galera eta beste pertsona batzuengan aurki daitezkeen loturak ere lantzen ditu, sentimentalismoan erori gabe. Epaimahaiak, gainera, hizkuntzaren zaintza, kontakizunaren erritmoa eta zenbait esaldiren indarra azpimarratu ditu.
Yolanda Arrieta Malaxetxebarria (Etxebarri, 1963) irakaslea, antropologoa eta idazlea da. Haur eta gazte literaturan nahiz helduentzako literaturan ibilbide oparoa garatu du. Idazketa sortzaileko tailerrak gidatzen ditu, eta irakurzaletasuna sustatzeko ekimen ugari garatzen ditu familientzat eta hezitzaileentzat.
Literatur Lanaren Ilustrazioaren Saria: Kike Ibáñez
Kike Ibáñez Fernández saritu dute Literatura Lanaren Ilustrazioaren modalitatean, Abuenpaso argitaletxeak argitaratutako El diablo sobre ruedas lanagatik.
Epaimahaiaren ustez, lanak aparteko kalitate artistiko eta narratiboa erakusten du, eta ilustrazioak ez direla testua laguntzera mugatzen azpimarratu du; aitzitik, haren mezua aberasten dute eta irakurlearen esperientzia emozionala indartzen dute. Proposamenak estilo fresko, ausart eta berritzailea uztartzen du, eta irudimenaren bidez itxaronaldiak kudeatzera gonbidatzen duten ilustrazio adierazkorrak eskaintzen ditu. Egoera dramatiko batetik abiatuta, liburuak gatazkari beste begirada bat proposatzen dio, eta haserretik eta mendeku-nahitik jorratzen du kontakizuna.
Epaimahaiak, halaber, kaosaren eta ordenaren arteko oreka grafikoa, kolorearen erabilera adierazkorra, unibertso bisual propio baten sorkuntza eta etengabeko mugimendu-sentsazioa transmititzen duten enkoadraketak nabarmendu ditu.
Kike Ibáñez Fernández (Donostia, 1980) ilustratzailea, artista bisuala eta idazlea da. Diseinu grafikoan eta ilustrazioan trebatu ondoren, haur eta gazte literaturaren esparruan garatu du bere ibilbide profesionala. Bere lanetan marrazkia, umorea, irudimena eta begirada kritikoa uztartzen ditu. 2016an Lazarillo Saria jaso zuen Barrios de Colores lanagatik, eta 2020an Ciclismo Épico lana Boloniako Haur eta Gazte Liburu Azokan hautatu zuten.
Hurrengo prentsaurrekoa, urriaren 21ean
2026ko Euskadi Literatura Sarien bigarren prentsaurrekoa datorren urriaren 21ean izango da, 11:00etan, Gasteizko Montehermoso Kulturunean. Bertan emango dira ezagutzera honako modalitate hauetako saridunak: Gaztelaniazko Literatura, Euskararako Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera.
2026ko Euskadi Literatura Sarien sari-banaketa ekitaldia azaroaren 20an egingo da, 18:00etan, Bilboko Euskal Museoan.
Euskadi Literatura Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak urtero ematen ditu Euskadi Literatura Sariak, literatura-sorkuntzaren bikaintasuna eta euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko.
Saridun bakoitzak 18.000 euroko diru-saria jasotzen du. Horrez gain, saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada, 4.000 euroko laguntza osagarria ere jaso dezake. Sari hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak literatura-sorkuntza, talentu artistikoa eta obren nahiz haien egileen zabalkundea sustatu nahi ditu.
(*) Oharra: Prentsa-ohar honetan epaimahaiaren balorazioen laburpena jaso da. Balorazio horien testu osoak eta hitzez hitzekoak prentsa-dosierrean daude eskuragarri.