Aurten ere, hogeita laugarrenez, munduko fotokazetaritza lehiaketa garrantzitsuena Gasteizera iritsiko da. Oraingoan, 42 istorio bisual egongo dira ikusgai, beste hainbeste kazetarirenak (10 emakume aurtengo edizioan), askotariko ikuspegi eta eduki hunkigarriekin.
WPPk hautatzea bera dagoeneko sari profesional bat bada ere, beti egoten da bereziki deigarria den irudi bat: urteko argazkia. Kasu honetan, New Yorkeko immigrazio-auzitegi bateko korridoreetan ICEk atxilotu zuen unean senide bati etsipenez eusten dioten bi emakumeren minez beteriko aurpegiaren irudia da. Irudiak “ICEk bananduta” izenburua du, eta Carol Guzi kazetari grafiko iparramerikarrak —besteak beste, Pulitzer saria lau bider irabazi duenak— egindako erreportaje baten parte da.
Aurtengo erakusketan izango ditugun 147 argazkien artean, giza hauskortasuna erakusten diguten kontakizun intimo eta hunkigarriak daude, zeinak, pertsonalak izan arren, balio globala baitute; bestetik, ezin ditugu ahaztu Ukraina eta Gaza, ezta Z belaunaldiak munduko hainbat lekutan egindako protestak erakusten dizkiguten irudiak ere. Krisi klimatikoa (indar handikoak eta, kasu batzuetan, harrigarriak diren irudiekin, erakusten duten erresilientzia dela eta), animalien mundua, botere-abusuak salatzeko ekintza zibikoak, eta Guatemala eta Kenyako emakumeen mugimenduak dira, estilo desberdinekin, munduan zehar urte osoan gertatutakoaren erregistro bisuala osatzen duten istorioetako batzuk.
Errespetutik, zorroztasunetik eta ikuslearen begirada bare eta gogoetatsua lortzeko helburutik sortutako lan profesionalak dira. Egiarekiko konpromisotik abiatuta beti.
Erakusketako 147 irudiak 141 herrialdetako 3.747 argazkilarik aurkeztutako 57.376 argazkien artean hautatu dituzte.
World Press Photo 2026 publikoarentzat zabalik egongo da Montehermoso Kulturuneko ur biltegi zaharrean, gaurtik, urriaren 15etik, azaroaren 15era, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara, astelehen eta jaiegunak barne. Sarrera doakoa da.
Gurean dugu berriz On Egin argazkigintza gastronomikoaren nazioarteko lehiaketa
Jovellanos aretoan, ur biltegiaren ondoko aretoan, bigarrenez izango dugu argazki erakusketa berezi bat: World Food Photography Awards, duela 16 urte Erresuma Batuan sortutako argazkigintza gastronomikoaren nazioarteko lehiaketa. Tamaina handiko 22 irudi ditu, urtero lehiaketara aurkezten diren mundu osoko milaka irudien artean aukeratutakoak. Guk On Egin izenburua jarri diogu erakusketari.
Iaz, World Press Photorekin kontrastea egiteko proba pilotu gisa aurkeztu genuen lehen aldiz Gasteizen irudi gastronomikoen lehiaketa, eta emaitza ezin hobea izan zen: 9.000 bisita baino gehiago eta iruzkin oso positiboak izan zituen, beraz, esperientzia errepikatzea erabaki dugu.
Mahai-ingurua: “Pertsonen aurkako gerra”
Urriaren 27an, asteartean, 19:00etan, Montehermoso Kultur Etxeko Ortuño aretoan eta World Press Photoren esparruan, “Pertsonen aurkako gerra” izeneko mahai-ingurua izango dugu, EnfocAH eta Mugarik Gabeko Medikuak-ek antolatuta. APko Bernat Armangué fotokazetariak, Pulitzer eta WPP sarien irabazleak, Santi Palacios WPP sari baten irabazleak eta Sonda Internacional aldizkariaren zuzendariak hartuko dute parte, Kate Burton MSFko gai humanitarioen aholkulariarekin batera. Mahai-ingurua moderatzen, Patricia R. Blanco “El País” egunkariko kazetaria izango dugu, zeina desinformazioan eta mundu arabiarreko gatazketan espezializatuta baitago.