La Fundición aretoan atzo, larunbata, Maria Laudes Gonzalezen eta Guiu Gimeno Bardisen “Parkuir” eta Raffaella Menchettiren eta Giselda Ranieriren “Cat Care Calling” obrak aurkeztu ziren. Lehendabizikoa ikerketa-proiektu honen erabateko estreinaldia da, “Cat Care Calling”-en antzezpena, berriz, ikuskizun horren inguruan Euskadin egin den estreinaldia.
Bi piezak BAD–Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdiaren programazioan sartzen dira, Bilboko Udalak antolatuta, eta urriaren 25era (igandea) arte egingo da. XXVIII. edizio honetan, antzerkiaren, dantzaren eta dramaturgia berrien inguruko proposamen berritzaile eta askotarikoen erakustaldia eskainiko zaio Bilboko publikoari.
“Parkuir” Parkour delakoan inspiratutako eta sortzaileen sormenetik sortutako praktika artistikoa da. Sexu-, genero- eta gorputz-disidentziatik berrirakurketa bat egitea proposatzen du, kirola eta haren logika normatiboak zalantzan jartzea gonbidatzearekin batera. Horretarako, publikoari hainbat ekintza proposatu zitzaizkion La Fundición aretoko terrazan, gorputzaren eta arkitekturaren arteko harremana jolasetik eta esperimentaziotik aztertzeko, queer ikuspegia erabilita. “Parkuir” lanak Cultura Resident (CCCC), NOTAR (hablarenarte) eta Kultura Ministerioaren Tabacalera egoitzen babesa jaso du.
“Cat-calling” deitzen zaio “piropotzat” aurkeztutako kale-jazarpen moduan ulertutako hitzezko eta keinuzko adierazpenen multzoari. Menchettik egindako elkarrizketetan oinarritzen da, eta proiektuak bideo-material hori erabiltzen du keinuen ikerketarako abiapuntu gisa. Obrak funtsezko galdera bat aurkezten du: indarkeria nola bilakatu zaintza? Keinua errepikatuz eta deskonposatuz, performanceak aukera ematen du erantzun hori zalantzan jarri ahal izateko eta aukera askotara irekitzeko.
Horrez gain, La Fundicion aretoko eszenatokia aukeratu zuten Bilbao Eszena 2026ko “Artistak Egoitzan” deialdian hautatutako sortzaileen sormen-prozesuan dauden proiektuak aurkezteko. Zehazki, Iara Solanok “Actos reflejos” proiektua partekatu zuen publikoarekin, eta Angela Millanok gauza bera egin zuen “Orro” lanarekin. Bi proposamenak sortzeko eta ikertzeko prozesuan aurkitzen dira.
BAD Bilbaok bere XXVIII, edizioa egingo du urriaren 25era arte, eta programaren barnean 17 konpainia ezberdinen emanaldiak eskainiko dira, horietako sei Euskal Herrikoak, zazpi estatukoak eta lau nazioartekoak. Era berean, erabateko sei estreinaldi egingo dira, bat estatu-mailan, eta lau estreinaldi Euskadin.
Programa osoa BAD Bilbaoren web gunean eskura daiteke.