Euskadiko Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalak hamargarren urteurrena ospatuko du, ilustrazioaren eta argitalpen-sektorearen nazioarteko topagune gisa sendotuta. Hamarkada honetan, ekitaldiak lurraldea nazioarteko ilustrazioaren mapan kokatzen lagundu du, sorkuntza garaikidea ulertzeko hainbat begirada, joera eta modu hurbilduz.
Urriaren 22tik 24ra, Irudika 2026k mundu osoko 39 profesional, argitaletxe eta kultur eragile lotuko ditu guztira, sareak sortuz eta Euskaditik lankidetza bide berriak irekiz, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoan, Artiumen.
Toki berean egin dute gaur goizean Topaketa aurkezteko prentsaurrekoa, eta bertan parte hartu dute Vitoria-Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Merkataritza, Enplegu eta Turismo zinegotzi María Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol foru-diputatu Ana del Valek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibáñez de Opacuak, Artiumen Museoko kontserbatzaile Kike Martínezek, Irudikako zuzendari Elisabeth Pérezek eta Euskal Irudigileak elkarteko idazkari Estíbaliz Zearsolok.
“Gasteizko Udalak Irudika babesten du, sormen- eta kultura-industrien sektore giltzarri horretako eragileen artean sinergiak sortzea bultzatzen duelako”, nabarmendu du María Nanclares zinegotziak. “Arabako hiriburuan elkarrekin igaroko ditugun hiru egun hauek esperientziak, ideiak eta proiektuak trukatzeko aukera paregabea dira. Izan ere, profesionalen arteko lankidetza funtsezkoa da Adimen Artifizialaren etorrerak ekarriko dituen ondorioei aurre egiteko”, gaineratu du.
Edizio honetan, Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak ilustrazio profesionala mota guztietako publikoengana hurbildu nahi du, zeharkako gai eta euskarriei begiratuz, hala nola podcastei, ikuskizunei, bideoklipei, komikiari eta intuiziotik sortzen den marrazkirik puruenari.
Gainera, izaera soziala are gehiago indartuko du, gutxiengoak eta bazterretan dauden kolektiboak erdigunean jarriko dituzten hitzaldien bidez. Horietan, besteak beste, Palestinatik, Frantziatik, Hego Koreatik, Herbehereetatik, Norvegiatik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Italiatik, Argentinatik eta Mexikotik etorritako artistek, argitaletxeek eta sektoreko eragileek hartuko dute parte.
Helburua da herrialde gonbidatuen dinamika haustea eta askotariko programa eraikitzea, ikuskizun eta euskarri berri gehiagorekin, ilustrazio profesionalarekiko interesa publiko berriei helarazteko.
Ilustrazio Profesionalaren Nazioarteko Topaketaren edukia lau arlotan garatuko da: Hitzordu profesionalak, tailerrak, egonaldi artistikoak eta hitzaldiak, hiru jardunalditan banatuta: Sektore Paraleloak, Argitalpen Mundua eta Ilustrazio Mundua.
Guztira 125 lagunentzako tokia izango du formatu presentzialean, eta etorri ezin duten profesionalek online parte hartu ahal izango dute. Horretarako, lanen galeria birtuala eta intraneta izango dira erabilgarri, eta edukia nahieran ikusi ahal izango da, jatorrizko bertsioan eta itzulita. Topaketak eduki guztiak doan eta modu irekian emango dira irudika.eus webgunearen bidez.
Balantzea
Irudikaren hamar urteotan, guztira 1.300 ilustratzailek parte hartu dute 350 profesional gonbidaturen 150 hitzalditan. Sektorearen profesionalizazioan ikasteko eta elkarri laguntzeko giro horretan, topaketak 2.000 hitzordu profesional egitea ahalbidetu du.
Euskadiko Ilustrazioaren Nazioarteko Topaketa Profesionalak lan handia egiten du Euskadiko ilustrazioaren sektorea nazioartekotzeko eta beste kultura grafiko batzuk sustatzeko, tokiko sortzaileak aberasteko. Horretarako, 30 herrialde desberdinetako profesionalen laguntza izan du.
Irudika Euskadiko Ilustratzaileen Elkarte Profesionalak, Euskal Irudigileak elkarteak, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Kultura Ministerioaren, Espainiako Kultur Ekintzako Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren (PICE) (AC/E), Vital Fundazioaren, Czech Literary Centre – CzechLit, eta Euskadiko Arte Garaikideko Museoaren (Artium Museoa) laguntzarekin antolatzen da, beste erakunde laguntzaile askoren artean.