Urriaren 30ean, ostirala, Norma Vilak zuzendutako Salitre (2026) euskal ekoizpenak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Rhys Frake-Waterfielden Pinocho: Unstrung (2026) film britainiarrak amaiera emango dio areto berean azaroaren 6an.
Bi data horien artean, urteko fantasiazko zinemaren titulu onenen aukeraketa bat proiektatuko da, film luzeak eta laburrak, eta hainbat jarduera paralelo egingo dira. Besteak beste, Nikias Chryssosen Bloody Tennis (2026), Ángel Gómez Hernándezek zuzendutako Crawlers (2026), Indonesiako Ghost in the Cell (2026) eta Frantziako Sanguine (2026) filmak ikusi ahal izango dira egun horietan Antzoki Zaharrean.
Aurten 32 film luze, 33 film labur eta telebistako 6 atal proiektatuko dira guztira.
Animedonen hirugarren edizioa, animazioko zinema japoniarrari eskainitako sail paraleloa, Victoria Eugenia Antzokira itzuliko da aurten ere, eta bertan garatuko da programazioaren zatirik handiena. Hiru film luze eta familia arteko saio bat, Nire izena da Shin chan, proiektatuko dira. Bertan, telesailaren hiru atal historiko emango dira, eta Nekane Sarobe bikoizlea omenduko da, Shin chanen ahotsa, EITBn emandako 500 atal baino gehiagotan.
Animedonek Hyakki yagy?: Ehun deabruen gaueko desfilea (Fuego Fatuo Art) erakusketa eta Flop Kultura: Maritxuetik Songokura gure identitatea sortzen podcastaren zuzeneko saioa ere eskainiko ditu.
Aurten, arreta berezia eskainiko zaio Hong Kongeko zinemari: batetik, Antzoki Zaharrean, herrialde horretako egungo bi film proiektatuko dira (Back to the Past eta Ultimate Revenge, 2025ekoak biak), eta TBKn, berriz, generoko bi klasiko: The Black Magic with Buddha (1983) eta Hard Boiled (1992). Bruselako Hong Kong Economic and Trade Office erakundearen lankidetzarekin.
Antzoki Zaharra izango da zinemaldi honen egoitza nagusia, eta bertan Asteko film luzeen sail ofiziala osorik proiektatuko da, 20 tituluz osatua.
Victoria Eugenia Antzokian, Animedonen zinema-saioak, EITB babesle duen euskal film laburren maratoia, eta Izaki pixkat gardenak telesailaren aurrestreinaldia programatuko dira; sail honen hiru atal proiektatuko dira Primeranen programatu aurretik.
Aurten, Tabakaleran, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, El cebo (1958) ere programatuko da, Ladislao Vajdak zuzendutako espainiar fantasiazko zinemaren klasikoa.
Bestalde, urriaren 24an Bang! Bang!-ek, Astearekin lankidetzan, bere ohiko saio bikoitza aurkeztuko du Antzoki Zaharrean. Bertan irekiko du urteko bere programazioa Matrix (1999) eta [REC] (2007) filmen proiekzioarekin.
2026 Astearen irudiak, Samantha Hudsonek, bere lehen kontzertua eskainiko du Donostian. Samantha Hudson Live Showcase Intxaurrondo Kultur Etxean izango da urriaren 29an.
Aipatutakoaz gain, beste hiru erakusketa izango dira aurtengo egitarauan: Bitxikeria, munstro eta makinen kabinetea (Conflictivos Productions) Okendo Kultur Etxean, Mai Egurzaren omenez (Euskadi Fantastikoa 22) Liburutegi Nagusian, eta Kafkaren Metamorfosia, Stéphane Levalloisen eskutik Irungo CBAn (Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunea).
Beste jarduera batzuek ere osatuko dute egitaraua: Fanzineen Gerra klasikoaren 11. edizioa ospatuko da eta hitzaldiak eta topaketak ere izango dira.
SARREREN ETA ABONUEN SALMENTA
Urriaren 23an 09:00ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Urriaren 26an 11:00ean jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta webgunean.