Exkixu taldea bueltan da, eta kontzertua iragarri du apirilaren 17rako Bilbon, Bilbao Arena Miribillako pabiloian. Emanaldi horretarako sarrerak urriaren 23an, ostirala, jarriko dituzte salgai, 10:00etan, exkixu.eus eta haziberri.eus atarietan.
Formazio berria du taldeak, Gaua heldu orduko bere bigarren eta azken diskoa atera zuenetik 31 urte bete diren honetan. Alex Sardui kantariaren ondoan, Ekain Alzola baxu-jotzailea (Gatibu), Beñat Serna gitarra-jotzailea eta Jon Fresko bateria-jotzailea (Ken Zazpi), Iñigo Ibarretxe taldeko jatorrizko albokaria eta Jon Eguskiza trikitilaria egongo dira. Jose Alberto Batiz musikaria ere taldean ari da musika-produkzio lanetan.