Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa aurrera bidean da, Nafarroa Arenak abenduaren 20an hartuko duen finalaren bila. Lehenengo fasekoak jada kitatuta, 42 bertsolariko taldetik sailkatu diren 17ei 2022ko zazpi finalista batuko zaizkie orain, zazpi saiotan beste horrenbeste bertsolarik finalerako txartela lor dezaten. Zazpikote horrek Maialen Lujanbio txapelduna izango du zain, Iruñean.
Finalaurrekoetako lehen saioa larunbatean izango da, Larraun-Lekunberriko Plazaola kirolgunean. 17:00etatik aurrera, EITBren kamerak aurrean direla eta ORAINen streamingez jarraitzeko moduan, kantuan arituko dira Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Gorka Pagonabarraga, Saioa Alkaiza, Xabat Galletebeitia eta Xabat Illaregi.
Lan hauek egin beharko ditu bertolari seikoteak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian/lau puntuko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian/lau puntuko txikian; binaka, gaia emanda, zortziko txikian/lau puntuko txikian, puntutan, zortzi bertso osatu arte; banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian/bost puntuko txikian.
Finalaurrekoetan, bi fase egongo dira: lehenengo fasea Larraun-Lekunberrin (urriak 24), Eibarren (urriak 31), Gernika-Lumon (azaroak 7) eta Biarritzen (azaroak 14) jokatuko da, eta seina bertsolarik kantatuko dute lau saioetan. Lau saio horiek burututa, puntuazio baxuena lortu duten sei bertsolariak kanpoan geldituko dira, eta gainerako hamazortziek berriz kantatuko dute, seiko taldeetan, finalaurrekoen bigarren itzulian, Donostian (azaroak 21), Gasteizen (azaroak 28) eta Bilbon (abenduak 5).
Azkenik, bi itzulietako puntuazioak gehituta, zazpi bertsolari pasatuko dira finalera, eta han izango dute zain egungo txapelduna, Maialen Lujanbio. Abenduaren 20an jakingo dugu zeinek jantziko duen txapela.