Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, aurkezpen bat egin du gaur goizean, museoaren irekieraren 25. urte betetzen direla gogoratzeko 2027an egingo diren ospakizunaren atariko gisa. Urteurren honen ardatz nagusia museoaren bilduma izango da, 3.000 artelan baino gehiago biltzen dituen eta jatorria Arabako Foru Aldundiaren Arte Moderno eta Garaikideko Bilduma zaharrean duen funts oparoa. Artium Museoak 2002ko apirilaren 26an ateak ireki zituenean, funts horiek elikatu zuten, hain zuzen ere, aurkezpen-programa. Mende laurden bat geroago, urteurrenaren ospakizunak jatorri horri begiratzen dio berriz ere, eta museoaren sorrera ahalbidetu zuten prozesu instituzional, herritar eta kulturalei.
Hala, joan-etorriko ibilbide batean, bi bildumetako pieza enblematiko banaren truke baten bidez lotuko dira orain Artium Museoa eta Arabako Arte Ederren Museoa. Alde batetik, Aurelio Artetaren (Bilbo, 1879 - Mexiko Hiria, 1940) Tríptico de la Guerra, Arabako Arte Ederren Museoaren bildumaren parte dena, museo garaikidearen aretoetan dago jada. Bestetik, Pablo Picassoren Mousquetaire à la pipe (Mosketeroa pipa eta guzti) mihisea gonbidatu gisa itzuliko da Aldundiak 1979an erosi zuenetik bi hamarkada baino gehiagoz ikusgai egon zen museora. Artelan horien gurutzaketak korrespondentzia historiko argiak marrazteko aukera emango du. Izan ere, Artetaren margolanak Gernikako bonbardaketaren tragediari heltzen dio zuzenean —1937ko apirilaren 26an gertatu zen eta 2027an 90. urteurrena bete zen—, eta Picassoren mosketaria Malagako margolariaren azken garaikoa da. Bi artisten ibilbideek bat egin zuten Espainiako Errepublikaren Pabilioiko gune historikoan, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan. Baina Artetaren dramaren aurrean, Picassok 1968an margotutako mosketariak autorretratu antiheroiko gisa funtzionatzen du, non egileak jenialtasunaren eta heroitasun artistikoaren kontzeptuak zalantzan jartzen dituen. Joan-etorri horrek, koadroen irakurketa suspertzeaz gain, lankidetza-zubi egonkor bat irekitzen du Arabako bi erakundeen artean.
Aldi berean, sorrerako une hori gogora ekarriz, eta Artetaren lanarekin batera, proiektuaren lehen urteetako pieza eta material dokumentalak daude ikusgai bildumaren aretoetan. Zehatzago esanda, 1966an Orain taldeak Arabako erakundean antolatutako Arte Garaikidearen Euskal Eskolaren erakusketaren memoria berreskuratu da. Juan Mieg, Joaquin Fraile, Carmelo Ortiz de Elgea eta Gaur taldeko ordezkari Amable Ariasen lanei Joaquin Fraileren (Garinoain, 1930 - Gasteiz, 1998) artxiboko materialak gehitu zaizkie, familiak 2012ko urtarrilaren 26an gordailuan utziak eta —inbentariatu, katalogatu eta digitalizatu ondoren— museoaren webgunean kontsulta daitezkeenak. Joaquin Frailek, XX. mendearen bigarren erdian Euskadiko hizkuntza artistikoen berrikuntzan funtsezkoa izan zenak, Orain taldea sortu zuen Juan Mieg, Carmelo Ortiz de Elgea, Jesús Echevarria eta Alberto Schommerrekin batera. Gaur museoan ikusgai dauden lan horietako batzuek eman zioten hasiera Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bildumari. Erakusketan, gainera, Vegas Aramburu artxiboa ere badago, museoari dohaintzan eman berri zaiona.
Lehen kapitulu horretatik harago, museoaren 25. urteurrena ospatzeko programaren protagonista izango da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduma, eta museoko hainbat aretotara zabalduko da 2027ko lehen seihilekoan, elkar osatuko duten hiru erakusketa-proiekturen bidez. Hala, martxoan, bildumaren funtsen berrantolaketa berria aurkeztuko da A0 aretoan. Areto horretan, Bildumaren hastapenei buruzko ikerketa bat egongo da, adigaiak, terminoak eta obrak antolatzeko gailu gisa ulertuta, 60ko hamarkadaren amaieran sortu zirenetik 90eko hamarkadan finkatu ziren arte. A1 eta A2 aretoetan, berriz, apiriletik aurrera arte-ekoizpen garaikidearen erakusgarri diren bildumako lanak egongo dira ikusgai, Artium Museoaren funtsetan egindako lan berriak abiapuntu hartuta. Bi erakusketa horiez gain, azaroan I Baschi alla Biennale 1976/2026 aurkeztuko da, joan den udaberrian Veneziako Palazzo Contarinin aurkeztu zen ganbera erakusketaren bertsio zabalagoa. Museoko A3 aretoan ikusi ahal izango da 2027ko maiatzera arte.