Hiriko Soinuak-en zortzigarren edizioak ateak itxi zituen joan den igandean, arratsaldeko ordu biak pasata, Bunkerren hirugarren eta azken jardunaldiaren amaierarekin batera. Musika eta emozioei buruzko azoka talde berriei zuzendutako lehiaketaren eta ondorengo finalaren, eta Herriko plazan egiten den doako festibalaren osagarria da.
Hiriko Soinuaken 2026ko edizioak 5.500 pertsona inguru bildu ditu doako festibalean (2025eko 4.750 pertsonen gainetik), urriaren 23an, ostirala, eta 24an, larunbata, Barakaldoko Herriko plazan. The Baboon Show, Toundra, Viva Belgrado eta Nuevo Catecismo Católico izan dira aurtengo edizioko 4 izen handiak, eta festibalak Hiriko Soinuak lehiaketaren zortzigarren edizioko talde eta bakarlari irabazleak publiko zabal baten aurrean aurkezteko balio izan du berriz ere: Cabaret, Últimos nómadas, Mandarinas al sol eta Somak. Datu hauei joan den irailaren 26an Barakaldoko San Bizente parkean izan zen finalera etorritako 550 pertsona inguru batu behar zaizkie.
Festibaleko une gorena larunbat gauean iritsi zen, The Baboon Show talde suediarraren kontzertuarekin. Herriko plazako karpa bete eta bertaratutako guztiak dantzan jarri baitzituen.
Bestalde, Bunkerrek leku askotatik etorritako gonbidatuak hartu ditu: Suedia, AEB, Madril, Bartzelona, Kordoba, Logroño, Iruñea eta, nola ez, Ezkerraldetik -Barakaldo, Portugalete eta Santurtzi- eta Euskadiko beste leku batzuetatik etorritakoak (Bilbao, Gasteiz, Donostia, Bergara). Artistak, sortzaileak, argitaletxeak, diskoetxeak, disko-dendak, liburu-dendak, kazetariak... hiru egunetan zehar publikoarekin harremanetan jarri dira azokako standen, sei solasaldiren, tailer baten eta bi kontzerturen bitartez. Bunkerrek etengabe izan du zaleen joan-etorria hiru egunetan, bereziki solasaldietan eta kontzertuetan.
“Oso pozik gaude festibalaren aurretik genituen espektatibak bete ditugulako. Hiriko Soinuaken tamainako proiektu batek 6.000 pertsonatik gora biltzeak leku pribilegiatu batean jartzen gaitu, eta zortzi edizio hauetan egindako fidelizazio-lanaz oso ondo hitz egiten du.
Zaleen erantzun zoragarria izan duten bi gauez gozatu dugu Herriko plazan. Nazioarteko artistak izan ditugu, baita euren disko berriak aurkezteko Barakaldoren aldeko hautua egin dutenak ere.
Gainera, Bunkerrek berriro erakutsi du oraindik badagoela lekua hurbileko kontsumorako, zuzeneko giza-traturako eta komunitaterako. Hainbeste pertsona erakartzea lortu duen festibal baterako osagarri ezin hobea da.
Horri guztiari 2026an Hiriko Soinuaken lehiaketako parte-hartze zifrak berriro hobetu direla gehitzen badiogu, aurtengo edizioaren balorazioa oso positiboa da”, adierazi du Nerea Cantero Barakaldoko Udaleko Kultura zinegotziak.