Hernanikomik, euskarazko komikigintzaren plaza bosgarrenez

  • Hernanikomik, euskarazko komikigintzaren plaza bosgarrenez

HERNANIKOMIK, euskal komikiaren azokaren bosgarren edizioa izango da azaroaren 20 eta 21ean Atsegindegi plazan. Hernaniko Udaleko Kultura zinegotzi Aitor Huizik eta, Hernanikomiken antolakuntzan dabiltzan Dani Fanok eta Aitor Azpiazu Axpi-k aurkeztu dute aurtengo edizioa. 

Huizi zinegotziak adierazi duenez, "momentu honetan, euskarazko komikiari eskainitako plaza bakarra da Hernanikomik".

Hernanikomik euskal komikigileen eta Hernaniko Udal Liburutegiaren arteko elkarlanean antolatzen den azoka da. "Udaletik, komikiaren bueltan dabiltzan euskal sortzaileekin egiten dugun elkarlan oso garrantzitsua da hau. Erekunde publikook askotan baliabideak ditugu, baina ekimenek funtzionatzeko sektorearen laguntza garrantzitsua da".

Udazkeneko berritasunak eta Zaldieroari aitortza

"Hernanikomik euskal komikigintza sustatu eta zabaltzeko apustua da". Komikigintza erdigunean jarrita, bi eguneko azoka izango da: argitaletxeen postuak; komiki-aurkezpenak; sinatze saioak; zuzeneko marrazketa; omenaldia; erakusketa... 

Gaien zein proposamen artistikoen aldetik, aniztasun handiko egitaraua da aurtengoa. Aurkeztuko diren komiki gehienak, udazkeneko berritasunak izango dira. Azokaren ordutegia honakoa izango da: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.

Aurten, Patxi Huarte Zaldieroa izango da Hernanikomik-en omendua. Joseph Camino sariarekin, euskal komikigileen ibilbideari aitortza egitea da helburua. 

Fanok azaldu duenez, "Patxi Huartek komikigile gisa jasoko duen lehenengo aitortza da. Zaldieroa komikigilea baino askoz gehiago da: bineta bidez zabaltzen du bere pentsamendua, sintetizatuta. Bazen garaiak komikigintzatik aitorpena egitekoa".

Haren lanaren nondik norakoak jasoko dituen erakusketa ere egongo da ikusgai Biteri kultur etxean, azaroaren 9tik 25era.

Iaz omendutako Lopek egin du aurtengo Hernanikomik azokako kartela. 

Girotzen hasteko, erakusleiho apainketa eta bertso-afari marraztua

Hernanikomikerako girotzen, hala ere, aurretik hasiko da Hernaniko herria. Izan ere, azaroaren 7an, herriko komertzioetako zenbait erakusleiho margotuko dituzte zortzi komikigilek.

Bertso-afari marraztua ere izango da Hernanikomik-en egitarauaren barruan, bigarren urtez (azaroak 20, Santa Barbara elkartea). Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan, marrazkiak egiten Amaia Carrere eta Exprai, eta Asisko Urmeneta gai-jartzaile eta gidari lanetan. Txartelak azaroaren 2tik 16ra salduko dira Biteri kultur etxean (25 €).  

Horrez gain, Buruntzaldea eskualdeko udal liburutegietan, euskal komikia irakurri eta gomendioak egiten dituzten irakurleen artean zozketa jarri da martxan aurten. 

Euskal komikiaren garai aldaketa

Dani Fano komikigile eta antolakuntzako kideak azken 20 urteetan euskal komikigintzak eman duen aurrerapausoa azpimarratu du. "Duela 20 urte euskal komikigintza ez zen batere oparoa, lau katu ari ginen komikia egiten eta oso gutxi argitaratzen zen. Garai hartako azoka askotan, euskararen kuota betetzen genuen". 

Egoera hori erabat aldatu dela baieztatu du Fanok: "Zorionez, urte hauetan hazi egin da euskarazko komikia, egileak, urtero argitaratzen dena eta komikia argitaratzen duten argitaletxe kopurua. Elkar kutsatu gara".

Horren adibide da Hernanikomik bera: "Lehen ez genuen aukeratzeko; orain, badago ekoizpen nahiko egitaraua osatzea buruhaustea izateko adina".

Huizik eta Fanok Hernanikomik aurrera eramateko egiten den "auzolanaren" garrantzia azpimarratu dute. Fano haratagoa joan da: "Harro gaude Hernanikomik azokaz. Behar genuen euskal komikiaren plaza bat eta, hori da Hernanikomik. Hemen, euskal komigileak ez agara kuota: nagusi gara". 

Eta, noski, euskal komikizale guztiak gonbidatu dituzte Hernanira, azaroaren 20 eta 21eko asteburuan. 

EGITARAUA

hernani.eus/

  • DataUrriak 28
  • Gaia Ikusizko arteak, Literatura