Artium Museoak arte garaikideko dokumentazio-zentroen XIII. topaketa aurkeztu du

  • Artium Museoak arte garaikideko dokumentazio-zentroen XIII. topaketa aurkeztu du

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, Arte Garaikideko Dokumentazio Zentroen XIII. Topaketa aurkeztu du. Dokumentu-ondarea aktibatzea: ekosistema digitalean sartzeko praktikak, teknologiak eta politikak izenburupean, azaroaren 5ean eta 6an egingo da. Digitalizazio masiboak, prozesuen automatizazioak eta adimen artifizialeko sistemak gero eta sartuago dauden testuinguru batean, dokumentu-ondarea kontserbatzeko, ikertzeko, interpretatzeko eta zirkulazioan jartzeko moduari eragiten dioten eraldaketa sakonak jasaten ari dira artxiboak, liburutegiak eta dokumentazio-zentroak. Aldaketa horiek azpiegitura teknikoak eta kudeaketa-prozesuak aldatzeaz gain, ezagutza sortzeko, memoria eraikitzeko eta ondarerako sarbide publikoa bermatzeko moduak ere aldatzen dituzte.
XIII. Dokumentazio Topaketek eztabaida profesional eta akademikoaren erdigunean kokatzen dute dokumentu-ondarearen aktibazioa. Zaintza eta sarbidea gainditzen dituen prozesu gisa ulertuta, aktibazioak ikerketa-, interpretazio- eta bitartekaritza-modu berriak sortzea dakar, kontakizunak sortzen, dokumentu-funtsak kritikoki berrerabiltzen eta artxiboen, erakundeen, ikertzaileen eta herritarren artean loturak ezartzen lagunduz.

Topaketek arreta berezia eskaintzen diete egungo ekosistema digitalak planteatzen dituen erronkei ere. Horretarako, berrikuntza teknologikoaren eta oinarrizko eskubideen, automatizazioaren eta kultura-aniztasunaren, efizientziaren eta jasangarritasunaren, zaintzaren eta sarbidearen arteko tentsioei heltzen diete, bai eta adimen artifiziala dokumentu-ondarearen eremuan erabiltzeak dakartzan inplikazio etiko, juridiko, politiko eta ekosozialei ere.

LKS Next-en lankidetzarekin antolatutako edizio honekin, Dokumentazio Topaketen XIII. edizioak berretsi egiten du truke espezializaturako gune izateko duen bokazioa. Artxiboen, liburutegien eta dokumentazio-zentroen orainari eta etorkizunari lotutako profesionalen, ikertzaileen, ondare-arduradunen eta kultur eragileen arteko hausnarketa kritikoa, ezagutzaren transferentzia eta diziplinarteko eztabaida sustatzea du helburu.

Jardunaldien hasierako hitzaldia Elena Roseras Artium Museoko Dokumentazio Zentroko arduradunak eta Topaketen zuzendariak emango du. Ondoren, honako hauek hartuko dute parte: Elisabet Rodríguez, MACBAko Artxiboko teknikaria; Laura Donadeo Navalón, Ikerketa Zientifikorako Informazio Baliabideen Unitateko (URICI-CSIC) ondarearen digitalizazioaren eta komunikazioaren arduraduna; Javier Garrido Viloria, DocuNext-eko zuzendaria; Ana María Morales García, Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Bibliotekonomia eta Dokumentazio Saileko irakasle titularra; Ion Lopez Barrena, Euskadiko Filmategiko Kontserbazio Saileko zuzendaria; eta Anabel de la Paz González, Informazioaren eta Komunikazioaren doktorea eta Santo Domingoko Hiri Kolonialeko museografia- eta kultura-ondare-proiektuetan Garapenerako Banku Interamerikarraren nazioarteko aholkularia. Jardunaldia amaitzeko, museoko erakusketak bisitatuko dituzte.

Ostiralean, berriz, honako hauek hartuko dute parte: Debora Rossi, Arte Garaikideen Artxibo Historikoko (ASAC) zuzendaria eta La Biennale di Venezia Fundazioko Lege eta Erakunde Gaietako eta Giza Baliabideetako zuzendariordea; Arantza Mariskal Balerdi, Tabakalerako Medialabeko arduraduna; Gloria Expósito Álvarez, Espainiako Liburutegi Nazionaleko Prozesu eta Zerbitzu Digitalen zuzendaria; Lucía Ortiz de Zárate Alcarazo, Filosofia Moraleko irakaslea (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Filosofia Saila); Ariadna Matas Casadevall, jabetza intelektualeko eskubideetan espezializatutako legelaria; eta Loreto Corredoira y Alfonso, Informazio Zuzenbideko katedraduna eta Jean Monnet Chair.

Dagoeneko 80 pertsonak baino gehiagok eman dute izena topaketetan aurrez aurre edo online parte hartzeko. Matrikulak 40 € balio du publiko orokorrarentzat; ikasle egiaztatuentzat eta Artium Museoko Adiskideentzat, berriz, 20 €. Izen-emateko epea zabalik dago.

Programa osoa ikusi

artium.eus

  • DataAzaroak 2
  • Gaia Ikusizko arteak, Museoak, Ondarea