Bilbon ospatuko da ostegun honetan Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa, eta hainbat herrialdetako adituek parte hartuko dute

  • Bilbon ospatuko da ostegun honetan Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa, eta hainbat herrialdetako adituek parte hartuko dute

Bilbon egingo da ostegun eta ostiral honetan —azaroak 5 eta 6— Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa, Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Kulturaren Euskal Behatokiaren 20. urteurrena dela eta. «Behatu, Ulertu, Proiektatu» lelopean, topaketak hainbat herrialdetako kultur arloko espezialistak, erakundeetako arduradunak, ikertzaileak eta profesionalak bilduko ditu Guggenheim Bilbao Museoan.

Foroak hiru gai nagusi landuko ditu: kultura behaketa testuinguru globalean; adimen artifizialaren eragina eta kultura-analisiaren paradigma berriak; eta kulturaren balio publikoa eta kultura-eskubideak.

Parte-hartzaileen artean, hauek nabarmendu behar dira: Antonio Ariño, Valentziako Unibertsitateko Soziologiako katedradun emeritua eta Soziologia eta Zientzia Politikoko 2026ko Sari Nazionala; Pierluigi Sacco, Chieti-Pescarako Unibertsitateko Ekonomiako irakaslea eta kulturaren ekonomian aditua; Marta Peirano, teknologian eta boterean espezializatutako analista eta idazlea, El enemigo conoce el sistema eta Contra el futuro liburuen egilea; eta Jesús Prieto de Pedro, Kultura Eskubideen Andres Bello Katedraren titularra.

Aditu horien hitzaldien bidez, gai hauetan sakonduko da: agenda globalaren aldaketak, kultura-behatokien bilakaera, adimen artifizialaren erronka etikoak eta kultura-eskubideen aitortzatik eskubide horiek benetan erabiltzeko urratsa.

Kultur arloko beste aditu esanguratsu batzuek ere parte hartuko dute saioan, besteak beste, Luca Dal Pozzolo, Fitzcarraldo Fundazioaren sortzaileetako bat; Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusia; Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia; eta Jordi Baltà, Re|Shaping Policies for Creativity nazioarteko txostenaren editore nagusia edota beste herrialde batzuetako adituak, (Sudafrika, Txile…)

Hogei urte euskal kultura behatzen

Foroa Kulturaren Euskal Behatokiaren hogeigarren urteurrenean egingo da. 2006an sortu zen Behatokia, Euskadiko kultura-errealitateari buruzko informazioa, estatistikak, adierazleak eta analisiak sortzeko. Bi hamarkada horietan, besteak beste, kultura-ohiturei eta -parte-hartzeari, industria sortzaileei, enpleguari eta jarduera ekonomikoari buruzko azterketak egin ditu.

Nazioarteko egitasmo honi esker, esperientziak eta metodologiak partekatu, behaketa-eredu desberdinak kontrastatu eta ezagutza erabilgarria nola sortu hausnartuko da, kultura-eraldaketak ulertzeko eta etorkizuneko politika publikoak bideratzeko. Egitarau osoa Eusko Jaurlaritzaren webgunean kontsulta daiteke: Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa


  • DataAzaroak 2
  • Gaia Sektore anitz