Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean bere sailaren 2027ko aurrekontua: 442,8 milioi euro, % 7 gehiago, Sailaren historiako handiena. Langile-gastuak kontuan hartu gabe, kulturarako, euskararako eta kirolerako baliabide zuzenak % 32 hazi dira legegintzaldian. "Egiturak indartzen ari gara, profesionalei laguntzen eta aukerak zabaltzen, kultura, euskara eta kirola pertsona gehiagorengana irits daitezen. Hori ere Euskadiren ongizatean eta etorkizunean inbertitzea da", azpimarratu du Bengoetxeak.
Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Gorka Iturriaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria ere izan dira agerraldian.
% 32 gehiago legegintzaldian
Sailaren aurrekontuak etengabe egin du gora legegintzaldi honetako hiru ekitaldietan: 2024ko 369,4 milioietatik 2027ko 442,8 milioietara igaro da. Langile-gastuak eta EITBren ekarpena kenduta, Kulturara, Hizkuntza Politikara eta Kirolera bideratutako baliabideak % 32 hazi dira. "Oso hazkunde esanguratsua da, eta politika publikoak garatzeko eta gure kultura-, hizkuntza- eta kirol-ehuna indartzeko gaitasun handiagoa ekartzen ari da", adierazi du lehendakariordeak. Adibide gisa:
Kultura: sorkuntza, industria eta proiekzio gehiago
Kultura arloak 93,2 milioi euro izango ditu 2027an (% 7,4 gehiago). Kultura Sustatzeko programak 53,8 milioi izango ditu (% 10,2 gehiago), 2026an baino 4,9 milioi gehiago, eta sektore profesional guztiek baliabide gehiago izango dituzte.
Ikus-entzunezkoa izango da gehien haziko den sektorea: 16 milioi (% 17,5 gehiago), eta 25 milioira iritsiko da EITBren ekarpenarekin. 12 milioi izango dira ekoizpenerako, euskarazko ekoizpenei protagonismo berezia emanez, eta bi deialdi berri egingo dira zinema-aretoetarako eta laborategietarako. Zinemaldiak 1,75 milioi izango ditu (300.000 euro gehiago) bere 75. urteurrenean.
Musikak 15,5 milioi izango ditu (% 8,6 gehiago), eta arte eszenikoek, 4,5 milioi (% 12,2 gehiago). Kultura tradizionalak (abesbatzak, euskal dantzak eta bertsolaritza) milioi bat jasoko du (% 20 gehiago).
Kultura-ondareak 39,4 milioi izango ditu (% 3,9 gehiago), eta horietatik 20,4 milioi Euskadiko Museoen Sistemara bideratuko dira. Kultura Ondarea Digitalizatzeko Laborategi Esperimentala bultzatuko da, Teknikerrekin lankidetzan, eta aurrera egingo da Arte Ederren Museoaren handitzean eta Miramar Jauregiaren (Donostia) eta Principal Antzokiaren (Gasteiz) birgaitzean.
Euskara: jauzi kualitatiboa ezagutzan eta erabileran
Hizkuntza Politika arloak 105,1 milioi euro izango ditu (% 12,4 gehiago); hazkunde hori Sailaren batez bestekoa baino % 77 handiagoa da. HABEk 69,6 milioi jasoko ditu (% 8,9 gehiago), ikaskuntzaren doakotasunerantz aurrera egiteko, euskaltegiak finantzatzeko eta irakasleen baldintzak hobetzeko.
Jauzia Gara prozesuak 26,9 milioi izango ditu euskara lanera, aisialdira eta bizitza garatzen den esparruetara eramateko. Nabarmentzekoak dira lan-mundurako 6,26 milioiak (LANERA, LanHitz, Bikain), Aisialdia proiektuaren 1,87 milioiak eta Ate Berriak programa, euskara migratzaileengana hurbilduko duena. Gainera, III. Mundu Biltzarra antolatuko da, eta 11,7 milioi bideratuko dira euskarazko hedabideetara, 2,6 milioi hizkuntza-teknologietara eta 1,5 milioi Euskaltzaindiara.
Kirola: Euskadi aktiboagoa, osasungarriagoa eta nazioarteko proiekzioa duena
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloak 15 milioi euro izango ditu (hazkunde garbia: % 8,1). Goi mailako kirolak 4,6 milioi jasoko ditu (% 13 gehiago). 4,5 milioi (% 6 gehiago) bideratuko dira jarduera fisikora, kohesiorako, berdintasunerako eta inklusiorako tresna gisa. Ildo horretan sartzen dira Orbeldiko ur bizietako kanalari eta Irun-Txenperenea proiektuari emango zaien laguntza. Jarduera fisikoaren eta osasunaren sustapenak 885.000 euro izango ditu. Gainera, euskal federazioek egoitza berria izango dute Bilbon.
Komunikazioa eta EITB
EITBk 212 milioi euro izango ditu (% 5,3 gehiago), abangoardiako hedabide publikoa, informazio-erreferentea eta euskararen, euskal kulturaren eta ikus-entzunezko sektorearen eragilea izaten jarraitzeko.
Etxepare Euskal Institutua
Etxeparek 5,2 milioi euro izango ditu (% 12,3 gehiago) euskara eta euskal kultura munduan proiektatzeko. Esther Ferrer Katedra sortuko da Parisko Sorbonan, Euskara Mundua programa indartuko da eta euskal sorkuntzak Frankofonian presentzia izan dezan bultzatuko da, "Ça colle au basque" proiektuaren bidez. Etxeparek gidatuko ditu, halaber, 2028ko Veneziako Bienalerako lanak.
2027rako proiektu nabarmenak