Polifônica brasildar taldeak "Deserto" aurkeztuko du bihar Félix Petite antzokian, Roberto Bolaño idazlearen bizitza eta obra berrinterpretatzen dituen lana

  • Polifônica brasildar taldeak

51. Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, bihar, azaroaren 4an, Félix Petite antzokiak Deserto lana hartuko du, 19:30ean. Brasilgo Polifônica konpainiaren pieza honek Roberto Bolaño idazle txiletarraren obra eramaten du agertokira. Besteak beste, La universidad desconocida, 2666, El gaucho insufrible, Entre paréntesis eta Bolaño por sí mismo lanetako pasarteak jasotzen ditu, Rodrigo Bolzan interpretearen eskutik bizia hartzen dutenak. «Antzerkia, literatura, musika, irudia eta performancea uztartzen dituen proposamen dramatiko zabaldua da pieza hau», azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Luiz Felipe Reis zuzendari eta dramaturgoak sortutako proiektua 2015ean hasi zen itxura hartzen, Bolañoren literatur debuta egin zuenetik 40 urte bete ziren urtean, Poetas infrarrealistas mexicanos (1975) antologian. Sortu eta bederatzi urtera, Deserto 2024an estreinatu zen; urte hartan, Bolañoren lehen eleberria argitaratu zenetik 40 urte bete ziren, eta haren maisulanaren, 2666 lanaren, argitalpenaren 20. urteurrena ere ospatu zen.

Bolañoren poemak, ipuinak, kronikak, hitzaldiak, elkarrizketak eta pasarte autobiografikoak abiapuntu hartuta, gogoeta kolektiboa proposatzen du piezak, galdera honen inguruan: Zein da artistaren eta sorkuntza poetikoaren eginkizuna mundu garaikideko indarkeriaren erdian?

XXI. mendearen hasierako Latinoamerikako idazlerik handienaren bizitzan barrena egindako bidaia da, batez ere haren azken urteetan oinarritua, gaixorik zegoenean. Bidaia horretan, haren kezka artistiko eta existentzial funtsezkoenak eta behin eta berriz agertzen zirenak azaleratzen dira. Txilen jaio zen, Mexikon bizi izan zen eta Espainian finkatu zen gizona; lekualdatzeak, erbesteak, babesgabetasunak eta sistemaren arauak baztertzeak markatutako bizitza izan zuen.

Polifônica, ikerketa- eta sorkuntza-zentroa

Polifônica ikerketa- eta sorkuntza-zentroa 2014an sortu zen Rio de Janeiron, Luiz Felipe Reis zuzendari, dramaturgo eta ikertzailearen eta Julia Lund aktore, interprete eta ikertzailearen ekimenez.  Polifonia eszenikoaren eta Antropozenoarekiko kontraeszenen nozioei buruzko ikerketa estetikoa eta tematikoa egin du.

Bi nozio horiek, batera, Antropokapitalismoari heltzeko eta erantzuteko modu desberdinak esperimentatzera bultzatu nahi dute; hau da, ideologia antropozentriko, kolonialista, kapitalista eta neoliberalaren makineriak eragindako asaldura ekologiko, sozial eta politikoei aurre egiteko moduak aztertzera.

Deserto ikuskizunak ikerketa estetiko eta tematiko horiei jarraipena ematen die, eta, gainera, autobiografia eta autofikzioaren, interpretearen eta pertsonaiaren arteko mugak lotu eta lausotzen dituen lerro meheari buruzko ikerketa zabaltzen du. Halaber, honako harreman hauek aztertzen ditu: tragikotasunaren eta traumaren artekoa, indarkeriaren eta erresilientziaren artekoa, metamorfosiaren, birsorkuntzaren eta bizi-indarraren baieztapenaren artekoa. Elementu horiek guztiak Polifônicaren aurreko proiektu guztietan ikertu eta landu dira.


  • DataAzaroak 3
  • Gaia Musika