Bilbao BBK Live jaialdiak XXI. ediziorako bideari ekin dio nazioarteko, estatuko eta bertako musikaren izen handiak biltzen dituen lehen iragarpena eginda. 2027ko uztailaren 8an, 9an eta 10ean, Kobetamendi izango da, ostera ere, musika, ingurune naturala eta komunitatea uztartzen dituen jaialdiaren topagune. The xx, Pixies, Teddy Swims eta The War on Drugs izanik aurrerapen honen buru, belaunaldiak eta sentsibilitateak konektatuko dituen kartela aurkeztu da jaialdirako, hainbat generotako erreferenteak eta jaialdiaren musika-aukera zabaltzen duten ahots berriak bilduta.
Kobetamendin zirrara nagusituko da berriro The xx taldearekin, intimitatea Romy eta Oliver Sim-en ahotsekin eta Jamie xx-ren beatekin partekatutako hizkuntza bihurtuko baita. Pixies taldekoek melodia eta zarataren arteko kontrastea ekarriko dute hainbat belaunaldi markatu dituen errepertorioarekin. Emozioak beste pultsu bat hartuko du Teddy Swimsekin, Bilbao BBK Liven eskainiko baitu Estatuan 2027an egingo den emanaldi esklusiboetako bat. Bere ahots boteretsu eta soulaz beteak r&b, pop eta country estiloen nahasketa eramango du jaialdira, Lose Control bezalako abestiekin aurkezpen gutun bezala. Estatuko kontzertu esklusibo bakarra egingo du The War on Drugs taldeak ere, Kobetamendiko debutaren soinu-banda izanik Adam Granduciel-en gitarra hedakor eta melodia argitsuak.
Kartelaren nazioarteko begirada Jack Johnson hawaiiarrekin zabalduko da, bere melodia epel eta espiritu akustikoak paisaia konplize bat aurkituko baitute Kobetamendin. alt-J bandako kideek beren ahots-harmoniak eta ustekabeko erritmoak ekarriko dituzte, eta Two Door Cinema Club taldeko gitarren indie pop erritmoak pultsu dantzagarria jarriko du. Gauak aurrera egin ahala, Amelie Lens presents AURA proiektuaren txanda izango da, musikaren eta eszenaratzearen arteko konexioa areagotzen duen proposamena, egungo techno musikaren figura handienetako baten eskutik. Bestalde, Bonobok ehundura organiko, erritmo inguratzaile eta melodia erakargarridun musika elektronikoa aurkeztuko du.
Viva Suecia taldeak leku nabarmena izango du zerrendaren goiko postuetan, Estatuko talde handienetako bat den aldetik. Murtziarrek beren zuzenekoaren intentsitatea eta arnasa betean abesteko leloz beteriko errepertorioa ekarriko dute Kobetamendira, kontzertu bakoitza ospakizun partekatu bihurtuz. Iragarpenari gehitu zaizkio, alde batetik, Alcalá Norte, taldearen kastadun iruditeriak eta postpunk giroak parerik gabeko proposamenari forma emanik; eta, bestetik, Barry B, generoen nahasketarekin eta nortasun sutsuarekin Estatuko musikaren pultsua markatzen ari den ahotsetako bat.
DJ Shadow urteurren batekin iritsiko da Kobetamendira: samplingaren artea irauli eta hip hoparen eta elektronikaren arteko bide berriak ireki zituen Endtroducing..... diskoak hogeita hamar urte bete ditu. Antony Szmierek poesia mugimenduan jarriko du bere spoken word, rap eta dantza nahasten dituen musikarekinn, eta mustbejohnek bere eguneroko kontakizunak indie eta elektronikaren erdigunera eramango ditu. Pultsuak gora egingo du Fat Dog euren punkaren eta ravearen arteko musika leherraraziko dute eta Frost Children taldearen pop elektronikoarekin. Oxisek bide intimoagoa irekiko du, testura elektronikoen eta uretako iruditeria propioaren artean.
Gitarrek 90eko hamarkadako rock alternatiboaren urradura eta sentsibilitate melodikoa izango dute KEOn. Violet Grohlek, Foo Fighterseko Dave Grohlen alabak, hamarkada horren soinu herentzia jasotzen du bere ikuspuntu pertsonala igorriz. Michael Jacksonen alaba den paris jacksonek, folk eta rock arteko alderdirik introspektiboena eskainiko du. Intentsitateak beste forma bat hartuko du Sofia Isellarekin, bere barru-barruko unibertso iluna hedatuko du, letra zorrotzekin eta presentzia eszeniko desafiatzailearekin. Ari Abdulek bere pop ilunaren atmosferetan bilduko ditu ikusleak, eta Sofia & The Antoinettes-ek, berriz, maitasunari eta zaurgarritasunari buruzko bere kontakizunak taularatuko ditu.
Soulak eta grooveak adierazpen desberdinak aurkituko dituzte Genesis Owusun, funka, soula eta punkaren pultsua berezko lengoaia bihurtzen dituena, eta The Womack Sistersen, zeinenen ahots harmoniek soula, r&b eta gospela elkarlotzen baitituzte. Sam Cookeren bilobak eta Womack & Womacken alabak, ahizpek jarraipena emango diote berezko nortasuna duen ondare horri. Saint Levantek beste zubi bat eraikiko du eragin arabiarren eta pop garaikidearen artean, frantsesez, ingelesez eta arabieraz abestuz; Los Bitchosek, berriz, cumbiarantz, surferantz eta psikodeliarantz eramango du dantza bere koktel instrumentalarekin.
Estatuko eszenak presentzia nabarmena izango du Sexy Zebras taldearekin, zintzurra urratzeko moduko zuzenekoan rock elektrikoa barru-barrutik deskargatuko baitu. MARTINen popak sentsibilitate nostalgikoa ekarriko du, eta Mala Gestión valentziarrek punk rockaren lotsagabekeria eta ausardia oholtzaratuko dituzte, eta LAAZA pop alternatiboaren, tradizioaren eta esperimentazioaren arteko solasaldia izango da. Eusko labeldun ahotsak ere izango dira: Merina Gris taldeak bere suntsiketa-popa eramango du Kobetamendira, elektronika, distortsioa eta emozioa euskaraz uztartuta; Nøgen taldeak bere folk-poparen berotasuna eta ahots-harmoniak eskainiko ditu; SUA bizkaitarrek rock alternatiboaren indarra eta kontrasteak aurkeztuko dituzte; eta TOC bandak melodia eta gordintasuna jarrera inkonformistarekin konbinatuko ditu. Horiekin batera, Indabe eta Zeatikez ere arituko dira, entzunak izateko bide berriak urratzen jarraitzen duten bertako artisten presentzia areagotuta.
Izen horiek guztiak lehen aurrerapena baino ez dira; ezusteko asko ezkutatzen ditu oraindik hurrengo edizioak. Datozen hilabeteetan, Kobetamendiko Bilbao BBK Live jaialdian agertoki gainera igoko diren artisten berri ematen jarraituko dute.
Kobetamendi: hogeita bat urtez erritmoa markatzen
Azpialdean Bilbo eta zuhaitzen artean musika dituela, Kobetamendi izango da berriro ere Bilbao BBK Live jaialdiaren topagune: jaialdiaren nortasunaren eta udan etortzen diren guztien oroimenaren parte den ingurune naturala. Hiru egunez, mendi-hegaletan kontzertuak, aurkikuntzak eta topaketak gertatuko dira, paisaiak agertokietan gertatzen denak bezainbesteko protagonismoa duen esperientzia batean. Lotura horretan oinarritzen da XXI. edizio honetako ildo grafikoa, jaialdiaren esparrua abiapuntutzat hartu eta ilustrazio formatuan berrinterpretatuta. Txokoak, natura eta iruditeria ospatzen dituen begirada, eta mendia betiko zerrendaburu izan dadila aldarrikatzen duena.
Bilbao BBK Live jaialdiaren antolatzaileek esker ona adierazi nahi diete, bereziki, Bilboko Udalari, BBK Banku Fundazioari, eta San Miguel eta Repsol etxeei, ekitaldi hauek gauzatzeko ezinbestekoa baita haien guztien laguntza, gainerako babesle eta laguntzaileekin batera.
Aurreko edizioetara hurbildu zirenen salmenta esklusiboa, Fan salmenta eta promozio prezioko salmenta orokorra eskuragarri daude jada jaialdiaren webgunean