Kultura Behatokien Nazioarteko Foroak ezagutzaren garrantzia aldarrikatu du, kultura-politikak eraldatzeko eta kultura-eskubideak bermatzeko

  • Kultura Behatokien Nazioarteko Foroak ezagutzaren garrantzia aldarrikatu du, kultura-politikak eraldatzeko eta kultura-eskubideak bermatzeko

Kultura Behatokien Nazioarteko Foroa atzo bukatu zen Bilbon, bi egunez kultura-behaketaren erronka nagusien inguruan hausnartzen eta ezagutza trukatzen aritu ondoren. Eusko Jaurlaritzako Euskal Kulturaren Behatokiak antolatu du topaketa, bere hogeigarren urteurrena dela eta. Foroan agerian geratu da informazioa sortu eta joerak aztertzeaz gain, gizarte-eraldaketak interpretatzeko, erronkak aurreikusteko eta erabaki publikoak hartzen aktiboki laguntzeko gai diren behatokiak behar direla.

Azaroaren 5ean eta 6an, nazioarteko adituek, erakundeetako ordezkariek, ikertzaileek eta kulturako profesionalek esperientziak eta ikuspegiak partekatu dituzte kultura-behaketako ereduei, gobernantzari, adimen artifizialaren eraginari eta kultura-eskubideen berme eraginkorrari buruz.

Lehen jardunaldia Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak inauguratu zuen. Hainbat hitzaldi eta eztabaida-mahaik kulturaren egungo erronkak testuinguruan kokatzeko eta kultura-kudeaketan eta politika publikoetan ezagutzak duen funtzio estrategikoari buruz hausnartzeko aukera eman zuten.

Eztabaidaren ardatz nagusietako bat datuak biltzean oinarritutako ereduetatik ezagutza estrategikoa sortzeko, lankidetza errazteko eta hobeto oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko gai diren behaketa-sistemetara igarotzeko beharra izan zen. Nazioarteko mahai-inguruek Europako, Afrikako eta Latinoamerikako esperientziak alderatzeko aukera eman zuten, erakunde- eta lurralde-testuinguruak askotarikoak izan arren, erronka partekatuak identifikatuz.

Adimen artifiziala, etika eta kultura behatzeko modu berriak

Eraldaketa digitalak eta adimen artifizialak leku nabarmena izan dute egitarauan. Teknologia horiek kultura-analisia eta publikoen ezagutza hobetzeko eskaintzen dituzten aukerak ez ezik, alborapenei, datuen interpretazioari eta erakundeen erantzukizunari lotutako arriskuak ere aztertu dituzte hizlariek. Partekatutako hausnarketek tresna horien erabileran irizpide etikoak, giza gainbegiratzea eta ikuspegi kritikoa txertatzearen garrantzia nabarmendu dute, gogoraraziz kultur balioa duen guztia ezin dela adierazle kuantitatiboen bidez neurtu.

Topaketak, halaber, Euskal Kulturaren Behatokiaren hogei urteko ibilbidea berrikusteko aukera eman du. Euskadiko kultura-ekosistemari buruzko ezagutza sortzen egindako ekarpena aitortu da, eta datozen urteetan behatokiek beharko dituzten gaitasunei buruzko hausnarketa ireki da.

Kultura-eskubideak aitortzetik haien benetako erabilera bermatzera

Bigarren jardunaldian, eztabaida kultura-eskubideetan eta behatokiek eskubide horien benetako aplikazioa ebaluatzeko duten eginkizunean ardaztu da. Euskadiko, Nafarroako eta Kataluniako gobernuetako ordezkariek lege- eta erakunde-ikuspegi desberdinak partekatu dituzte, eskubide horien legezko aitortza herritarren eguneroko bizitzara eramateak dakartzan erronketan arreta jarriz.

Hitzaldiek eta elkarrizketek kultura-behatokien autonomia, garrantzia eta eragiteko gaitasuna aztertu dituzte, baita erronka globalak tokiko errealitateekin lotzeko beharra ere.

Nazioarteko ikuspegia Alexandra Xanthaki Nazio Batuen Erakundeko Kultura Eskubideetarako errelatore bereziaren hitzaldiak osatu du. Kultura-eskubideen benetako aplikazioa neurtzeari buruzkoa izan da haren ekarpena. Halaber, Euskadiko kultura- eta sormen-industrien eta ongizatearen arteko harremanak aztertu dira, bai eta UNESCOren esparruan kultur adierazpenen aniztasunaren nazioarteko jarraipen-sistemak eguneratzeko erronkak ere.

Foroa kultura-eskubideen aplikazio praktikoari buruzko elkarrizketa batekin amaitu da, ikuspegi juridikoak, nazioartekoak eta kultura-kudeaketakoak uztartuz. Ondoren, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak egin du erakunde-itxiera. Bere hitzaldian, kulturaren balio publikoa jarri du erdigunean, ongizatearen, gizarte-kohesioaren eta komunitate-garapenaren eragile gisa. Halaber, erakundeen, kultur eragileen eta herritarren arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du.

Era berean, euskal kultura-sistemaren etorkizuneko erronka nagusiak jorratu ditu, besteak beste, sormen-talentua sustatzea, jasangarritasuna, herritarren parte-hartzea eta teknologia kulturaren zerbitzura dagoen tresna gisa baliatzea. Hori guztia, gobernantza partekatua indartzera eta kultura-eskubideen benetako erabileran aurrera egitera bideratutako ikuspegi estrategiko batetik.

Hogei urteko ibilbidea eta etorkizunera begirako ikuspegi partekatua

Hitzaldiez eta eztabaidez harago, Foroak nazioarteko esperientzien trukea sustatu eta behatokien, kultura-erakundeen, administrazio publikoen eta ikerketa-komunitatearen arteko lankidetza-sare berriak bultzatu nahi izan ditu.

Euskal Kulturaren Behatokiaren hogeigarren urteurrenak, beraz, ez du soilik hogei urteko lanaren aitortza ekarri; etorkizuna proiektatzeko aukera ere izan da. Partekatutako erronka nagusia da kultura-ezagutza gizartearen beharrei erantzuteko gai diren politika publiko informatuago, inklusiboago eta eraginkorrago bihurtzea.

Ideia nagusi batekin amaitu da topaketa: kultura behatzeak hura ulertzeko aukera ematen du; ezagutza partekatzeak ikasteko aukera; eta lankidetzak, hura eraldatzeko aukera berriak irekitzen ditu.

 


  • DataAzaroak 7
  • Gaia Sektore anitz