Barakaldok Santa Zezilia ospatuko du 25 jarduera musikalekin eta bi astetik gorako kontzertu, kalejira eta emanaldiekin

  • Barakaldok Santa Zezilia ospatuko du 25 jarduera musikalekin eta bi astetik gorako kontzertu, kalejira eta emanaldiekin

Barakaldok Santa Zezilia, musikaren zaindaria, ospatuko du berriro ere, azaroaren 14tik 29ra bitartean hiriko hainbat gunetan banatutako 25 musika-jarduera eskainiko dituen programazioarekin. Kontzertu koralak, instrumentu emanaldiak, musika eta dantza tradizionala, kalejirak eta musika errondak Barakaldoko kaleak, plazak eta kultur etxeak musikaz gozatzeko agertoki bihurtuko dituzte bi aste baino gehiagoz. Herriko abesbatza eta musika taldeek, kultur elkarteekin, beste udalerri batzuetako talde gonbidatuekin, Kontserbatorioko ikasleekin eta Udal Musika Bandarekin batera programazioan hartuko dute parte.
 
Musika-jardueren osagarri gisa, azaroaren 10etik 30era Ceferino del Olmo aretoan «Bizkaiko musika tradizionalak» erakusketa ikusi ahal izango da. Bizkaiko musika-ondare tradizionalari eskainitako erakusketa da, eta XX. mendeko musikari nabarmenenetako batzuk eta tradizio horri lotutako instrumentuak ezagutzeko aukera emango du.
 
Barakaldok elkarte-sare kultural zabala eta aktiboa du, musikarekiko eta tradizioekiko zaletasunari eusten dioten talde ugariz osatua. Bere lana ez da jardunaldi hauetara mugatzen: urte osoan zehar egiten dituzten entsegu, kontzertu,
topaketa eta emanaldiek auzoetako eta hiri osoko bizitza kulturala aberasten laguntzen dute.
 
KONTZERTU KORALAK, MUSIKA TRADIZIONAKA ETA KALEETAKO EMANALDIAK
Egitaraua azaroaren 14ean, larunbata, hasiko da eta hurrengo hamabost egunetan zehar luzatuko da herriko hainbat puntutan proposamenak eginez. Abesbatzen kontzertuek protagonismo berezia izango dute, barakaldar talde ugariren parte-hartzearekin, besteak beste, Zigor Abesbatza, Bengolea Abesbatza, Kantarte Abesbatza, Amanecer Abesbatza, Cantabria Abesbatza, Lagun Beti Abesbatza, Gure Nahia Abesbatza, Zuazoko Abesbatza, Schola Cantorum, Barakaldoko Orfeoia, Manchego Zentroko San Isidro Labrador Abesbatza eta Burgosko Zentroko Tierras del Cid Campeador Abesbatza.
 
Horiez gain, beste udalerri batzuetako talde gonbidatuak ere izango dira, hala nola Kantabriako Columba Abesbatza, Derioko Ipar Alde Abesbatza, Bilboko Gaudeamos Hodei eta Sestaoko Gaztela eta Leongo San Fernando Abesbatza.
 
Musika instrumentalak ere bere lekua izango du Udal Musika Bandaren eta Kontserbatorioko ikasleen emanaldiekin. Era berean, egitarauak musika eta dantza tradizionaleko proposamenak bilduko ditu Hala Dzipo Kultur Elkartearen, Ibarra-Kaldu Taldearen, Lutxanako Dultzaina Taldearen, Amaia Dantza-Taldearen eta Laguntasuna Taldearen eskutik.
 
Kalejira eta musika ibilbideek Santa Zeziliako jai giroa kaleetara eramaten lagunduko dute. Besteak beste, Amigos de la Guitarra eta Tierra de Gracia (Venezuela) taldeak arituko dira Foruen pasealekuan, Gernikako Arbolan, Beurko-Bagatzan, Lutxana-Llanon eta Zuatzu-Arteagabeitian.
 
Herritar guztiei irekitako programazioa da, eta musikaz gozatzera eta, batez ere, Barakaldon tradizio hori bizirik mantentzen duten pertsonak eta taldeak aitortzera gonbidatzen gaitu.
 

barakaldo.eus

  • DataAzaroak 9
  • Gaia Musika