Azaroaren 22a da Santa Zezilia, musikarien eguna, eta, urtero bezala, Galdakao musikaz beteko da haren inguruan antolatutako Musika Astearen baitan. Aurten, egitasmoaren XXXV. edizioa ospatzen da, azaroaren 16a eta 21a bitarte, programak askotariko proposamenak bilduko dituela; musika klasikotik abiatuta, sorkuntza garaikideraino, publiko mota guztientzako emanaldiak izango dira datorren astean zehar.
Ikuskizunek ganbera musika, pianoa, txistua eta musika klasikoa uztartuko dituzte, besteak beste. Kontzertuez gain, antzerkia eta musika klasikoa batzen dituen haurrentzako ikuskizuna ere izango da, baita txistu bandaren kalejira eta Da Capo bandaren kontzertua ere. Hala, estilo eta formatu anitzeko proposamenak izango dira Torrezabal Kultur Etxean eta Galdakaoko kaleetan. Torrezabaleko ikuskizunak 19:30ean izango dira, 3 euroko sarrerarekin; txistu bandaren kalejira 19:00etan hasiko da ostiralean, eta Da Caporen larunbateko kontzertua ordu berean izango da, 5 euroren truke.
Egitaraua gaur aurkeztu dute Maximo Moreno Musika Eskolan izan den agerraldian Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak, Edurne Espilla Kultura zinegotziak eta Maiteder Lertxundi udal musika eskolako zuzendariak. Hirurek azaldu dituzte aurtengo edizioaren nondik norakoak eta programako proposamenak.
Arriandiagak musika eskola “herrian oso errotuta dagoen instituzioa” dela adierazi du, eta galdakoztarrentzat horrek duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, “belaunaldi asko igaro dira, igaro gara, bertatik”, Galdakaoko familien artean dagoen “musikarekiko grina eta zaletasuna agerian utziz”. Horren harira, Musika Astea ikasleek “urtean zehar egindako lana balioan jartzeko aukera paregabea” dela esan du, baita egiten diren emanaldiei esker “erreferenteak ezagutzeko eta proiektuak errealitate bihurtzen direla ikusteko” ere. Hori, alkatearen hitzetan, “bultzada izugarria da musika ikasten ari diren belaunaldi berrientzat”.
Bere aldetik, Espillak “herrian kultura sustatzeko egitura egonkorrak” izateak duen garrantzia nabarmendu du. Esan duenez, bai Musika Asteak bai udal musika eskolak berak “musikaz gozatzeko, ikasteko eta arlo horretan sakontzeko oinarri sendoak” eskaintzen dizkie herritarrei. Horregatik, egitasmoa galdakoztar askok “urtero agendan gordeta daukaten hitzordua” dela esan du, “musikaz maitemindutako pertsonek antolatua eta beti maila artistiko handiko eskaintza egiten duena”.
Lertxundik, bere aldetik, Musika Asteak ikasleei eskaintzen dizkien hiru ekarpen nabarmendu ditu: “urtean zehar egiten duten lana eta ahalegina borobiltzea, beste artista batzuen lana bertatik bertara ezagutzea eta euren artean entzule ohitura sustatzea”. Azken helburu horrek, haren esanetan, kontzertuetara, antzerkira eta bestelako ikuskizunetara hurbiltzeko aukera ematen die, musikaz eta kulturaz gozatzeko ohitura garatu dezaten.
Hurrengoa da XXXV. Musika Astearen egitarau osoa
Azaroak 16, astelehena. Dolmen Ensemble ganbera taldeak errepertorio klasikoa eta sorkuntza garaikidea uztartuko ditu, genero horren indarra eta bilakaera nabarmenduz. Euskal konpositoreen lana balioan jarriko du, nazioarteko sortzaileen musikarekin elkarrizketa osatuz, tradizioaren eta berrikuntzaren arteko loturak arakatzen dituen proposamen batean.
Azaroak 17, asteartea. ‘Eko eta itsasoa’ publiko guztientzat den arren, bereziki umeei zuzendutako ikuskizuna da, antzerkia eta musika klasikoa uztartzen dituen umorezko obra. Eko, ustekabean, izaki magiko bihurtuko da, eta itsasoa kutsatu duten arazoei aurre egin beharko die. Horretarako, ikusleen eta itsasoko musikaren laguntza izango ditu. Lortuko al du?
Azaroak 18, asteazkena. Duo Boreal taldeko Claudia Besne harpa jotzaile donostiarrak eta Eva Calvo gitarra jotzaile segoviarrak bidaia musikal batean murgiltzera gonbidatuko dute publikoa. Harparen eta gitarraren arteko elkarreraginak melodiak eta akonpainamenduak uztartuko ditu, hainbat garai eta estilotako soinuak sortuz. Besteak beste, Piazzolla, Albeniz eta Boccheriniren piezak interpretatuko dituzte.
Azaroak 19, osteguna. Moises Sanchez piano jotzaile eta konpositoreak 'Soliloquio' izeneko kontzertua eskainiko du. Bere konposizioak, inprobisazioak eta beste konpositore batzuen obrak uztartuko dituen musika bidaia proposatuko du, bere sormen unibertsoan murgiltzeko aukera emanez.
Azaroak 20, ostirala. Txistu Bandak kalejira egingo du Galdakaoko kaleetan barrena, 19:00etan hasita. Herriko kaleetan txistuaren doinuez gozatzeko aukera izango da.
Azaroak 21, larunbata. Da Capo Bandak kontzertua eskainiko du Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan, 5 euroren truke.