Bidebarrieta Kulturguneak Paco Rocaren eleberri grafiko berria, Ander Izaguirreren «La mochila» liburua eta Telmo Lazkanoren «Reset educativo» saiakera aurkeztuko ditu azaroan

  • Bidebarrieta Kulturguneak Paco Rocaren eleberri grafiko berria, Ander Izaguirreren «La mochila» liburua eta Telmo Lazkanoren «Reset educativo» saiakera aurkeztuko ditu azaroan

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturgunean azaroan zehar “El viaje” eleberri grafikoa aurkeztuko da, Paco Rocaren azken lana; "La Mochila: Vida de Muñagorri" Ander Izagirre kazetariak idatzitako liburua, Alberto Muñagorriren bizitza kontatzen duena, eta "Reset educativo" saiakera, Telmo Lazkanok idatzia. Azaroaren 18an, 23an eta 27an, hurrenez hurren, izango diren hitzorduak 19:00etan hasiko dira eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira.

  • Azaroak 18, asteazkena. "El viaje", Paco Rocarena. Astiberri argitaletxearekin eta Joker liburu denda bilbotarrarekin elkarlanean antolatutako topaketa. Aurkezpena Koldo Azpitarte komiki kritikari eta dibulgatzailearen eskutik. Bertaratzeko, gonbidapen bat erreserbatu behar da.

Paco Rocak bere lan berrian oroimena aztertzen jarraitzen du, "Arrugas", "El invierno del dibujante" edo "Los surcos del azar" bezalako aurreko lanetan ere jorratua. Kasu honetan, hogei urteko bikote-harremanaren eta bi alaben ondoren duela gutxi banandu den Fran idazlearen istorioa kontatzen da. Promozio bidaia batean Patagoniako leku urrun batean dagoela bere harreman porrokatuaren oroitzapenak zelatatzen dizkiote, aurrera jarraitu ahal izateko bere iraganeko zauriak ixten saiatzen den bitartean. Astiberri argitaletxeak eleberri grafiko hau argitaratu du, eta zinemara egokitzeko proiektu bat prestatzen ari dira.

Paco Roca (Valentzia, 1969) espainiar garaiko komikigile eta ilustratzaile nabarmenetakoa da. Valentziako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan hezia, nazioartean ibilbide ezaguna egin du, sentsibilitatea, memoria historikoa, hausnarketa soziala eta esperientzia pertsonalak uztartzen dituzten lanekin. Bere eleberri grafiko ezagunenen artean, "Arrugas", 2008an Komikiaren Sari Nazionala jaso zuena eta animaziozko zinemara egokitua, "El invierno del dibujante", "Los surcos del azar", "La casa", "Regreso al Edén" eta "El abismo del olvido", azken hau Rodrigo Terrasa kazetariarekin batera. Hainbat hizkuntzatara itzulitako bere lanak aitorpen garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina 2021ean eta Bartzelonako Komiki Azokako Sari Nagusia 2025ean. Halabr, komikigile lana dibulgazioarekin eta beste kultur jarduera batzuekin uztartzen du.

Lanbidez medikua den arren, istorio grafikoekiko grinak gidoilari, dibulgatzaile eta komiki kritikari gisa ibilbide bikaina egitera eraman du Koldo Azpitarte (Bilbo, 1970). "Trama" aldizkariaren zuzendariordea izan zen, eta 2013tik Zona Cómic elkartearen "Z" aldizkari espezializatua zuzentzen du. "Dolmen" superheroietan espezializatutako aldizkariko ohiko kolaboratzailea ere bada. Bere lanik ezagunenen artean daude "Reliquias", "Cara de Ángel" eta "El Diablo y el Señor Twain", azken hau Mikel Bao marrazkilari bilbotarrarekin batera egina. 2006an "Cómics Made In Spain" liburua argitaratu zuen, Estatu Batuetako merkaturako lan egiten duten espainiar jatorriko marrazkilariengan oinarritua. Halaber, "Senderos" (2009) idatzi du, Paco Rocaren ibilbidea eskaintzen duen lana.

  • Azaroak 23, astelehena. “La Mochila: Vida de Muñagorri”, Ander Izagirrerena. Idazleak Alberto Muñagorri eta Galder Reguera kazetariarekin hitz egingo du.

Liburuak Alberto Muñagorriren historia eta bizipenak berreskuratzen ditu, hamar urteko haurra zela bonba motxila batekin atentatu bat jasan baitzuen. Bere esperientzia pertsonalaren bidez, Euskadin indarkeriaz, beldurrez eta isiltasunez betetako hamarkadak aztertzen ditu lanak, bai eta euskal gizarteak memoriarantz eta bizikidetzarantz izan duen bilakaera ere. Liburuan, Muñagorriren eta Errenteriakoaren bizitza markatu zuten gertakarien protagonisten eta lekukoen ahotsak gurutzatzen dira, eta oroimenari, barkamenari eta bizikidetzari buruz hausnartzera gonbidatzen du. Muñagorrik aurrera jarraitzeko borondate irmoarekin egin die aurre atentatuaren ondorioei, gorrotoa eta mendekua baztertuz.

Ander Izagirre (Donostia 1976) Esukadiko eta nazioarteko hainbat hedabidetarako idazten duen kazetaria da, hala nola, CNN, Jot Down, eta El Diario Vasco, El Correo, Noticias Taldeko egunkariak edo Berria. Radio Euskadin, Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan ere lan egin du. Kazetaritza-lanaren aitorpenen artean, nabarmentzekoak dira Manos Unidas kazetaritza saria eta Madrilgo Prentsa Elkartearen saria, biak 2010ean, eta Europako Prentsa Saria 2015ean. Gainera, literatur lan zabala du kazetaritza narratiboaren barruan, eta idazle gisa Ryszard Kapuscinski Literatur Erreportajearen 2022 Saria jaso du, eta birritan eman diote Euskadi Literatura Saria, 2017an eta 2022an, "Potosí" eta "Vuelta al país de Elkano" saiakerengatik, hurrenez hurren.

Alberto Muñagorri (Errenteria, 1972) ETAren biktima da, eta hamar urte besterik ez zituen 1982ko ekainaren 26an, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako kanpainaren testuinguruan, bere herrian jarritako motxila bonba baten leherketaren ondorio larriak jasan zituen. Atentatuak hanka bat galtzea, begi baten ikusmena eta bizitza markatu dioten ondorio fisiko larriak eragin zizkion. Azken urteotan, biktimekin, ETAko kide ohiekin eta gazteekin izandako topaketetan partekatu du bere testigantza, biktimen aitortzan laguntzeko, memoria zaintzeko eta errespetuan eta adiskidetzean oinarritutako bizikidetza sustatzeko.

Galder Reguera (Bilbo, 1975) Filosofian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta gaur egun Athletic Club Fundazioko Estrategia eta Eragiketen zuzendari gisa lan egiten du. Bi jaialdi zuzentzen ditu, bata literaturakoa (Letras y Fútbol) eta bestea zinemakoa (Thinking Football Film Festival). Era berean, hamar bat liburu idatzi ditu, saiakerak zein fikziozko eleberriak; horien artean, nabarmentzekoak dira "Hijos del fútbol" (2017), "Libro de familia" (2020) eta "Vida y obra" (2024) eleberriak. El País eta Diario AS egunkariekin kolaboratu ohi du, eta futbolari eta bizitzari buruzko atal batean parte hartzen du, Rafa Cabeleirarekin batera, Cadena Ser kateko Hoy por Hoy saioan.

  • Azaroak 27, ostirala. “Reset educativo”, Telmo Lazkanorena. Dibulgatzailearekin batera, Unai Aberasturi eta Jon Bustillo adituak eta Iñigo Fernández de Lucio eta Mikel Reparaz kazetariak izango dira.

Saiakera honek gelen digitalizazio masiboaren ondorioak zalantzan jartzen ditu. Chromebook bat bere semearen hezkuntzan nola sartu den bere buruari galdetzen dion ama eta irakasle den Begoñaren istorioaren bidez, egileak ikastetxeetan gailu eta plataforma digitalak ezartzearen atzean ezkutatzen diren interes ekonomikoak jakinarazten ditu. Lanak hainbat gai jorratzen ditu, hala nola adingabeen pribatutasuna, haien garapen kognitiboa eta pantailek ikaskuntzan duten eragina. Multinazional teknologikoek gero eta gehiago baldintzatzen duten hezkuntza ereduaren aurrean, Lazkanok ebidentzia zientifikoan, pentsamendu kritikoan eta ikasleen benetako beharretan oinarritutako hezkuntza berreskuratzea proposatzen du.

Telmo Lazkano aholkularia, dibulgatzailea eta ikertzailea da hezkuntzaren eta osasun digitalaren arloan. Hezitzaileentzako psikologian eta haur eta nerabeentzako psikoterapia laburrean espezializatuta dago, eta sare sozialen eta pantailen hezkuntzan duen eraginean aditua da. Parte hartzen du Ingurune digital seguruak sortzeko Haurtzaro eta Gazteria Ministerioko Adituen Batzordean, Europar Batasuneko H.A.R.M.O.N.Y. proiektuan, bitartekari digitalen bidez osasun mentala eta ongizatea hobetzean oinarritua, eta Hermes Fundazioko Batzorde Zientifikoan, eskubide digitalen defentsan diharduena. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko adikzioen arloko praktika onenaren saria eman zion (2022-2024), eta 2026an Kontsumoko Euskadi Saria jaso zuen kontsumitzaileen eskubideak defendatzeagatik.

Unai Aberasturi Datuak Babesteko Euskal Agintaritzako (DBEA) presidentea eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoko (DBEA) Aholku Batzordeko kidea da.

Iñigo Fernández de Lucio 2021etik ari da EL CORREOn kazetari lanetan, eta hezkuntzan espezializatuta dago.

Jon Bustillo EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslea da eta eskarmentu handia du teknopedagogian.

Mikel Reparaz Nazioarteko Informazio zuzendaria da ETBn, eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean. Euskaldunon Egunkaria eta Diario de Noticias egunkarietan hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta urte batzuk geroago Bruselara joan zen korrespontsal gisa. Halaber, ordezkari berezi gisa lan egin du hainbat herrialdetan, besteak beste, informazio politikoaren eta gatazka belikoen berri emateko. Reparazek bost urte eman zituen EITBrentzat lanean Estatu Batuetan, 2013tik. Berak idatzitako "Las grietas de América. Bajo la piel de un país dividido" saiakera Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2021ean.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegiko gunea da, eta kultura zabaltzeko lanetan aritzen da. Horren helburua da literatura, ezagutza eta dibulgazio zientifikoa sustatzea.

Bertara joaterik ez baduzu, aurkezpenak streaming bidez ikus ahal izango dira, Bidebarrieta Kulturgunearen YouTube kanalean.

bilbao.eus

  • DataAzaroak 10
  • Gaia Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Ondarea