Gazte Arte sariketaren bosgarren edizioak honako hauen lanak saritu ditu: Mireya Jiménez Pérez (25 urte), ‘Lugares por dentro’ (argazkia, ehungintza eta espazioa); Iratxe Arrilucea Apraiz (20 urte), ‘Pisukideak’ (komikia); Uma Fernández de Larrea Mondejar (18 urte), ‘Barrukoa kanpoan askotan ikusezin’ (eskultura, argazkia eta collagea), eta Irache del Cabo Oteiza (19 urte), ‘Umbral Onírico’ (pintura, mosaikoa eta eskultura). Aurten zortzi proposamen artistiko aurkeztu dira guztira, horietako sei 14 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzendutako kategorian, eta gainerako biak 20 eta 25 urte bitartekoen kategorian.
Ana López de Uralde Gazteriako zinegotziak honako hauek nabarmendu nahi izan ditu: “aurkeztutako obren kalitatea eta 20 urtetik beherako gazteen parte-hartze handia, guztizkoaren % 75 izan baita. Datu horrek gazteek sorkuntza artistikoarekin duten interesa eta inplikazioa islatzen du, bai eta Gazte Arte gisa dituzten aukerak aprobetxatzeko duten gogoa ere, horrek aukera ematen baitie beren talentua garatzeko, esperimentatzeko eta proiektuei forma emateko, ospe handiko artisten eskutik”.
Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak esan duenez, “Kulturan tokiko talentua bultzatzea dugu helburu, eta hala jasotzen dugu gure Plan Estrategikoan. Gazte Arte bezalako programak plataforma ezin hobea dira horretarako, lanak saritzeaz gain, artistei sorkuntza-prozesuan laguntzen dielako, Gasteizko kultura-bizitzaren etorkizuna diren gazte horien prestakuntzan eta garapenean lagunduz”.
Gazte Arteko epaimahaiak, Gazteria eta Kultura Udal Zerbitzuetako teknikari banak eta Alba Tojo eta Mel Arranza artista gazteek osatuak, honako alderdi hauek balioetsi ditu: kalitate artistikoa eta teknikoa, publikoarekiko interakzioa, materialarekiko sentikortasuna eta lanak tailer ireki batean egiteko aukera.
Irabazleek besteak beste Alba Tojo, Mel Arranz eta Ani Chkhartishvili izen handiko artisten tutoretzapeko sormen-prozesuan parte hartuko dute. Hain zuzen ere, azken horrek irabazi zuen Gazte Artearen 2023ko edizioa, eta alboko tutore gisa jardungo du.
Obrak jendearentzat irekitako tailerrean egingo dira, 2027ko urtarrilaren 2tik 8ra, Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegian. Horrela, herritarrek zuzenean ezagutu ahal izango dute proposamen artistikoak sortzeko prozesua.
Lanak amaitu ondoren, 2027ko urtarrilaren 28tik otsailaren 28ra arte egongo dira ikusgai Montehermosoko Jovellanos aretoan, lau artista gazteen lanak ezagutzeko aukera emango duen erakusketa kolektiboan.
Sorkuntza artistikoko esperientzia honetan eta erakusketa kolektiboan parte hartzeko aukeraz gain, saridun bakoitzak 300 euroko opari-kupoia jasoko du, eta beste 100 euro bere obra egiteko materialak erosteko erabiliko dira.
Halaber, lan irabazleak eta sortzaileen ibilbidea bilduko dituen katalogoa argitaratuko da. Proposamenak formatu birtualean ere bisitatu ahal izango dira, Udalaren webgunearen bidez.