Huhezinema Euskal Ikus-Entzunezkoen Jaialdiak 20. urteurrena ospatuko du aurtengo ikasturtean, eta bere ibilbideko ediziorik berezi eta esanguratsuena bilakatuko da. Bi hamarkadako bidea osatu ondoren, jaialdiak urrats historiko eta estrategiko bat ematea erabaki du: euskarazko lanen apustu sendoagoa egingo du. Euskarazko ikus-entzunezkoak soilik onartuko dira lehiaketan.
Martxa duinean doaz izen-emateak, baina gogoratu nahi dugu epeak irekita jarraitzen duela azaroaren 15era bitarte, egun hori barne. Horregatik, zinez eskertuko genuke izen-emate epea zabaltzea hedabideetan, gero eta jende gehiagorengana iritsi, are aberatsagoa izango baita ikasturte honetako jaialdia!
Xehetasunak, aurrerago
Sortu zenetik, Huhezinemak ezinbesteko erakusleiho izatea lortu du zinemagile gazte eta hasiberrientzat. Aurten, 20 urteko konpromiso hori borobiltzeko, euskarazko sorkuntza ardatz izango duen edizio berezi bati aurre egingo dio. Neurri honekin, antolakuntzak euskarazko sorkuntzaren aldeko apustua sendotu nahi du, jaialdiaren izaera bera indartuz.
Hogei urte ez dira alferrik igaro, eta Huhezinemak euskal kulturaren mapan bere tokia finkatzea lortu du. Edizio berezi honetan, jaialdiak atzera begirako keinua egiteaz gain, etorkizunera begira jarri nahi du, euskarazko fikzioari, dokumentalei eta sormen lan berriei ateak zabalduz. 20. urtemugak ezustekoak, proiekzio bereziak eta topagune biziak ekarriko ditu.
Antolakuntzak xehetasun guztiak aurrerago jakinaraziko ditu. Besteak beste, datak, egitaraua, epaimahaia, sail desberdinetako parte-hartzaileak eta abar.
Harremanetarako eta informazio gehiago: