Ikuskak hamarnaka film labur bilduko ditu Trintxerpen, ikusleak hunkitzeko eta hausnarketa eragiteko asmoz

  • Ikuskak hamarnaka film labur bilduko ditu Trintxerpen, ikusleak hunkitzeko eta hausnarketa eragiteko asmoz

Ikuska Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko Erakustaldiaren 28. edizioa azaroaren 13tik 21era egingo da Erakustaldia Pasaiako Udalak eta Trintxer Kulturala elkarteak antolatu dute, eta askotariko programazioa eskainiko du Trintxerpeko Alkateordetzan. Halaber, proiekzio paraleloak eskainiko dira Oarsoaldeko hainbat udalerritan.

Pasaiako alkateak, Laura Ré Kulturako zinegotziak eta Trintxer Kulturalaren ordezkari Kike Santiagok zioa aurkeztu dute aurtengo egitaraua.

Pasaiako alkate Teo Alberrok Ikuska bezalako ekimen kulturalak mantentzearen eta indartzearen garrantzia azpimarratu du, ibilbide luzea baitute eta udalerriko identitate kulturalaren parte baitira. “Ikuska proiektuak erakusten du pertsona askoren elkarlan eta inplikaziotik eraikitzen dela kultura. 28 edizioren ostean, zinema herritarrengana hurbiltzeko, begirada berriak deskubritzeko eta hausnarketa eragiteko espazioa izaten jarraitzen du. Udaletik herriko bizitza aberasten duten eta, gainera, Pasaia gure mugetatik haratago proiektatzen laguntzen duten kultura-proiektuak babesten jarraitu nahi dugu”.

Bestalde, Laura Ré Kulturako zinegotziak aurtengo egitarauaren aniztasuna nabarmendu du, eta film laburrek errealitate eta gai oso ezberdinak jorratzeko duen gaitasuna azpimarratu du. “Aurtengo egitarauak berriz ere askotariko proposamenak eskaintzen dizkigu, euskarazko zinemari, ikuspegi feministei, umoreari, animazioari eta zinema dokumentalari lekua eginez. Ikuska publiko guztiei irekitako erakusketa izatea nahi dugu, zinemaz gozatzeko aukera emango duena, baina, era berean, beste errealitate batzuetara hurbiltzea, ezarritakoa zalantzan jartzea eta bestela agian iritsiko ez litzaizkigukeen istorioak ezagutzea ahalbidetuko duena”.

Kike Santiagok hautaketa-taldeen, epaimahaikideen, laguntzaileen, erakunde publikoen eta publikoaren inplikazioa eskertu du. "28 edizio hauek guztion ahaleginaren emaitza dira. Ikuska erreferente bihurtu da Oarsoaldean eta harago; eta, zinema topagune gisa hartuta, ekarpena egiten die euskararen normalizazioari, berdintasunari eta emakumeen ahaldutzeari". Santiagok hori ahalbidetzen duten pertsona guztiei eskaini die edizio hau, eta adierazi du "hunkitzeko, hausnartzeko eta konektatzeko pentsatutako" egitaraua antolatu dutela.

Egitarauari hasiera emateko, azaroaren 13an 20:00etan Mintzagun ataleko euskarazko film laburrak proiektatuko dira. Oraingo honetan bost lan proiektatuko dira: “700”, “Buelta eta buelta”, “Etxaldea”, “Ispilua Zeharkatuz” eta “Ultramarino”.

Larunbatean, hilak 14, Emea eta Askotarikoa atalaren txanda izango da, 19:00etan. Saioan zazpi film labur proiektatuko dira, emakumeak bizitzaren hainbat eremutan islatzen dituztenak. Saioaren amaieran, atal honetako lan onenaren saria emango da. Gau horretan bertan, 22:30ean, Gauguasa iritsiko da, umorezko film laburren atala.

Igandean, 15ean, 19:00etan, zine dokumentalaren saio bat eskainiko da, bost film laburrekin.

Atal ofiziala azaroaren 16tik (astelehena) azaroaren 20ra (ostirala) izango da, eta egunero eskainiko dira proiekzioak 20:00etan. Guztira, 25 film labur ikusi ahal izango dira lehiaketan, Espainia, Kanada, Alemania, Herbehereak eta Kubako produkzioekin. Gainera, ostiralean, hilak 20, 22:30ean, animazioari eskainitako saio bat egongo da.

Mintzagun-ek eskualdeko beste espazio batzuetara ere hurbilduko du euskarazko zinema. Egitarauan honako saio hauek jasotzen dira: euskaltegietako ikasleentzako saioak Errenteriako Niessen aretoan, hilaren 16an, 10:00etan, eta Trintxerpeko Alkateordetzan, hilaren 18an, 10:00etan. Halaber, Lezoko Gezala aretoan, 17an, 19:00etan, eta Oiartzungo Landetxe auditoriumean, 18:30ean, emanaldi irekiak izango dira. Lezoko Institutuko ikasleek saio bat izango dute 19an, 12:45ean.

Erakustaldiak 6.100 euro banatuko ditu guztira saritan, bederatzi kategoriatan:

  • Film labur onena: 1.500 euro.
  • Emea eta askotarikoa saria: 1.000 euro.
  • Mintzagun saria: 600 euro.
  • Animazioko film labur onena: 500 euro.
  • Film labur dokumental onena: 500 euro.
  • Emakumezko aktore onena: 500 euro.
  • Gizonezko aktore onena: 500 euro.
  • Epaimahai gaztearen saria: 500 euro.
  • Ikusleen saria: 500 euro.

Ikuska 2026 azaroaren 21ean bukatuko da Trintxerpeko Alkateordetzan 19:30ean hasiko den ekitaldi batekin. Ekitaldian epaimahaiaren erabakia ezagutuko da, sariak banatuko dira, eta saritutako film laburrak proiektatuko dira.

EGITARAUA

pasaia.eus

  • DataAzaroak 10
  • Gaia Ikus-entzunezkoa