GazteFilm Fest jaialdiak bederatzigarren edizioa ospatuko du, Mexiko da herrialde gonbidatua eta haurren zinema onenaren aldeko apustu berria egin dute

  • GazteFilm Fest jaialdiak bederatzigarren edizioa ospatuko du, Mexiko da herrialde gonbidatua eta haurren zinema onenaren aldeko apustu berria egin dute

GazteFilm Fest-ek, Gasteizko haur eta gazteentzat antolatzen den jaialdiak, bederatzigarren edizioa ospatuko du azaroaren 19tik 29ra. Aurten, herrialde gonbidatua Mexiko da, eta gelditzeko etorri diren nobedade asko daude: GFF bonuak, «Jaialdiaren Lagunak» proiektua eta egoitza berriak: Arkabia, Izaskun Arrue Kulturgunea eta Baratza Aretoa. 

Edizio honek jaialdiaren xarma bereizgarria mantentzen du. Bere sail ofizialak munduko leku ezberdinetako film eder, adoretsu eta konprometituak biltzen ditu; zaila da gero horietako asko ikuskizunen sail komertzialetan aurkitzea. Eta aurten ere haurren partaidetza izango da gakoa: epaimahaia haurrek osatuko dute, herriko gazteek bikoiztu dituzte filmak euskarara eta Gasteizko ikastetxeetako ikasleek aukeratutako film laburren programazioa daukagu. Edizio honetan, Errota Eskola eta Toki Eder ikastetxeek aukeratuak, zehazki. 

Mexiko, hainbat Mexiko 

Mexiko jaialdira hainbat hizkuntza, paisaia eta kontatzeko modurekin iritsi da, eta herrialde gonbidatuari buruzko erakusketak hiru proposamen jasotzen ditu. Lehenengoa Fernando Eimbckeri eskainitako fokua da, azken hamarkadetako zinemagile mexikar pertsonalenetako bat, eta bere hiru film eskainiko dira: Lake Tahoe, Temporada de patos eta Moscas. Foku honekin batera, film laburren beste bi programa daude: Hizkuntza indigenen bestiarioa eta Bizitzaren doinura kantatzen du lurrak. Baita herrialde gonbidatu ibiltariaren programa ere: Espaziotik norberaren mundura. 

Begirada horri esker lortu dugu edizio honetako irudia, Luis Felipe Hernández Alanis animatzaile mexikarrak diseinatua. 

Hernández Alanis, stop motion teknikan eta bere proiektu ANIMABLESekin sortzen dituen partaidetza-proiektuetan espezializatua, Mexikotik hona etorriko da jaialdia aurkezteko eta bi tailer emateko. Lehenengoan, inaugurazioko kontzertuarekin batera, 9 eta 12 urte bitarteko haurrek zuzenean sortuko dituzte irudiak, itzal jokoak eta argi-mahai bat erabilita. Montehermoso Kulturunearekin eta Jesús Guridi Kontserbatorioarekin egindako elkarlanaren emaitza izango da. Bigarrenean, stop motion tailerra antolatuko da Arkabian, cut out teknika erabilita. 

Bidaia joan-etorria izan da. Gasteizera iritsi baino lehen, Mugi-Mugi tailerra Jalisco-n egin zen Zapopaneko haurrekin, INGENIA gazteentzako sormen digitaleko zentroan, Taller del Chucho-rekin sortu den zubiari esker, Guillermo del Torok bultzatutako animazio-estudioa. Hortik datoz jaialdiaren gortinarekin batera ikusiko diren proiekzioetako istorio laburrak. 

Inaugurazioan, azaroaren 19an, osteguna, 19:00etan Jesús Guridi Kontserbatorioan, Mexiko ere entzungo dugu. Asier Zabalza Larretak zuzendutako Ikasketa Profesionaletako Bandak (Banda Handik), mixe eskualdeko emakumeek konposatutako bi pieza joko ditu, baita La Sierra Negra eta Coco filmaren soinu-bandaren abesti-sorta bat ere. Josune Vélez de Mendizabal aktorea izango da aurkezpenaren arduraduna. 

Txakun txakür, pantaila handian 

Edizio honetako film nabarmenetako bat Txakun txakür da, Zinemiran aurkeztu zen eta Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Filma haurtzaroaren erretratuan oinarritzen den gure programazioan sartu dugu. EHUko UNESCO Katedraren lankidetzarekin egingo den Txakun txakür filmaren emanaldia azaroaren 29an izango da, arratsaldeko 17:00etan. Jaialdiaren amaiera koroatuko du, eta Elsa Oliarj-Inés zuzendaria eta filmaren lantaldearen zati bat bertan egongo dira. 

Berriz itzultzeko jaialdi bat 

Sarrerek 4,50 euroko prezioa izango dute, eta aurten GFF bonuak estreinatuko ditugu, ezer edo ia ezer galdu nahi ez dutenentzako. Bonu bakoitzak 10 saioetarako sarrera izango ditu, jaialdiaren bi asteburuetan zehar aukeratzeko. 

Beste nobedadea haratago doa. Jaialdiaren lagunak urtero bueltatzen den publikoarekin eta jaialdiak osatzen duen komunitatearekin lotura sendotzeko proiektu bat da. 

«Bederatzi edizio daramatzagu eta askoz gehiago egin nahi ditugu. Bonuak eta Jaialdiaren lagunak publikoari zuzentzeko modu bat dira, gu ikusten jarraitzeko eta moduren batean jaialdia eurena ere badela esateko. Bihotzaren egonezinari erantzuten dio, kultura izanik komunitatea egiteko eta komunitatea izanik kultura egiteko», azaltzen dute Helena Gonzálezek eta Ricardo del Condek, GazteFilm Festeko zuzendarikideek.

Egoitza berriak, hiri gehiago 

Arkabia egoitza nagusi bezala estreinatzen da: amaierako emanaldia, film luzeen zati handi bat eta tailer ugari bertan izango dira. Proiekzioak eta jarduerak Izaskun Arrue Kulturgunean (IAK) eta Baratza Aretoan ere banatuko dira; inaugurazioa, berriz, Jesús Guridi Musika Kontserbatoriora itzuliko da. Azaroaren 16tik 26ra bitartean egingo diren eskoletako saioak Salburua eta Zabalgana gizarte-etxeetan izango dira. 

Baratzan Cucinema ospatuko da, zehazki azaroaren 29an, igandean, goizeko 10:00etan. Cucinema 2005ean Genzano di Roman sortu zen tailer bat da, 50 nazioarteko jaialdi baino gehiagotatik pasa den proiektua, hain zuzen ere. «Tailer murgiltzailea da, eta han, hiru edo lau ordutan film bat margotzen da zeluloide baten gainean, momentuan egindako instrumentuekin soinu-banda konposatzen da eta sukaldatu egiten da; aurten, janari mexikarrak bere lekua izango du. Adin guztietako jendearentzat dago pentsatuta eta ez da beharrezkoa prestakuntza profesionalik izatea», azaltzen du Ricardo del Condek.

 Aldatzen ez dena 

Irabazleen zerrenda, aurten ere, haurrek erabakitzen dute. Adinaren araberako bi epaimahai izango ditugu, 6 eta 12 urte bitarteko hamalau kidek osatuak. Lau sari emango dituzte: film luze onena eta film labur onena, 6 urtetik gorakoentzat eta 9 urtetik gorakoentzat. Epaimahaiak berak amaierako emanaldian jakinaraziko du erabakia. 

Jaialdiak jatorrizko bertsioaren aldeko apustua egiten du, baina publiko txikienak ezin ditu azpidatziak irakurri oraindik. Beraz, Gasteizko haurrek bikoizketa tailer batean utzi dute euren ahotsa, jaialdia hasi aurreko hilabeteetan egin den bikoizketa tailerrean, alegia. Aurten Jauregiko bizitza (La vie de château) eta Oihanean jaioa (Born in the Jungle) film luzeak bikoiztu dituzte, sail ofizialeko film laburrez gain: haiengatik izango ez balitz, ezingo genituzke film hauek euskaraz ikusi. 

Film laburren sail ofiziala Toki-Eder Ikastolako eta Errota Eskolako ikasleek aukeratu dute. Ikasle horiek, udaberrian zehar, filmak ikusi, haiei buruz eztabaidatu eta aukeratu egin zituzten. 

Serigrafia txokoa ere bueltan dugu, hirugarren urtez, jaialdiaren diseinua jantzi propioetan estanpatzeko. Gainera Ortzadarra sorkuntza-tailerra ere badugu, eta bertan, 9 urtetik gorako haurrek dekorazio-elementuak sortzen dituzte, ondoren jaialdiak kalera ateratzen dituenak.
 

Datu praktikoak 

• Datak: 2026ko azaroaren 19tik 29ra. 
• Egoitzak: Arkabia (egoitza nagusia), Izaskun Arrue Kulturgunea, Baratza Aretoa, Zabalgana eta Salburua gizarte-etxeak, eta Jesús Guridi Musika Kontserbatorioa (inaugurazioa). 
• Sarrerak: 4,50 euro, www.gaztefilmfest.com webgunean edo leihatilan, proiekzio bakoitza hasi baino 30 minutu lehenago. 
• GFF bonua: 10 saio 36 euroren truke, erreserbarekin, gutxienez saio bakoitza baino hiru egun lehenago.

araba.eus

  • DataAzaroak 12
  • Gaia Ikus-entzunezkoa