Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, azaroaren 18an, asteazkena, 19:00etan, Auditorioan, LOBO lanaren Euskadiko estreinaldia hartuko du, eszenAZ Zentroaren arte bizien denboraldiaren barruan.
Aurora Bauzà eta Pere Jou sorkuntza eszeniko garaikideko erreferenteak dira, giza ahotsari eta hizkuntza eta narratiba berriak sortzeko duen ahalmenari buruz egin duten ikerketagatik. Haien obra berria, LOBO, Alonso Lobo konpositore errenazentistaren De lamentatione Ieremiæ Prophetæ (1602) musika koralean oinarrituta dago.
Kantu kolektibotik eta paisaia koreografiko sotil eta denboraz kanpoko batetik abiatuta, LOBO obrak polifonia eremu musikaletik arlo eszenikora eramaten du, presentzia partekatuaren indarra eta komunitatean biltzeko formak berriz aurkitzeko beharra aztertzeko, gero eta bakartuago gauden testuinguru batean.
Hitzik eta testurik gabe, hasieran Aste Santuan interpretatzen zen polifonia batetik abiatzen da pieza, eta esangura berri batez jantzitako esperientzia sentsorial bat eraikitzen du. Ahotsa, mugimendua eta argia korapilatu egiten dira sorkuntzan. Lanak gonbit egiten du begiratzeko ikusgarri bihurtzen denari eta ezkutuan edo esan gabe geratzen denari.
Esekita dagoen eskultura handi baten inguruan egituratzen da espazioa. Eskultura etengabe aldatzen ari da, hizketan jarduten du antzezleekin, loturen, nahien, kexen eta tentsioen adierazpen fisiko bihurtuz. Horrela, ahotsa ez da gertaera musikal huts bat, eta harremanetarako, orientaziorako eta elkar aitortzeko keinu bihurtzen da.
Aurora Bauzà eta Pere Jou
Aurora Bauzà eta Pere Jouren praktika artistikoak konposizioa, sorkuntza eta interpretazioa uztartzen ditu, eta arte eszenikoen abangoardian dago. Beren ikerketa nagusiaren ardatzak dira giza ahotsa eta gorputzarekin, mugimenduarekin, espazioarekin, agertokiarekin eta argiarekin dituen lotura korapilatsuak. Beren konposizioek genero artistikoen muga tradizionalak gainditzen dituzte, eta musika hartzen dute ezaugarri fisiko, eszeniko, bisual, dramaturgiko, adierazkor eta poetikoak dituen alderdi askoko entitate gisa.
Bauzà Mallorcakoa eta Jou Bartzelonakoa da. Jakin-min obsesiboa dute gizaki garaikidea ulertzeko, esanahia sortzeko mekanismoen bidez, bereziki identitate indibidualak eta kolektiboak eraikitzen parte hartzen duten horien bidez.
Beren sorkuntza eszenikoek giza ahotsa eta identitatearen konplexutasuna aztertzen dituzte, ikuspegi, formatu eta gailu eszeniko desberdinetatik, baina guztiak bateratuta daude konpromisoa baitute giza ahotsaren bidez narratiba dramaturgikoak sortzeko.
Antzerkia, dantza eta musika urtea amaitzeko
eszenAZ programazioak abenduan jarraituko du, dantzaren, musikaren eta antzerkiaren mugak eta beste lengoaia artistiko batzuekin duten elkarrizketa aztertzen dituzten proposamenekin.
Abenduaren 3an Mal Pelo —2009ko Dantza Sari Nazionala— iritsiko da Bach en familia lanarekin, nazioarteko kritikak bere osagai emozionalagatik goraipatutako pieza. María Muñoz konpainiako zuzendarikideak Bach bakarkako lana dantzaren eta zuzeneko musikaren arteko topaketa intimo bihurtzen du; hainbat belaunaldi elkartzen ditu mugimendua, memoria eta gorputz-hizkuntzaren transmisioa esploratzeko.
Urtea María Marínen kontzertuarekin amaituko da, abenduaren 17an, Auditorioan. Kantaria, gitarrista eta konpositorea, artistak begirada berezia eskaintzen dio flamenkoari, bere musika-prestakuntzatik eta Israel Galván bezalako figurekin izandako esperientziatik abiatuta.
Sarrerak salgai daude azkunazentroa.eus webgunean eta AZ Infon.