EITBk eta Artium Museoak Gema Intxaustiri buruzko dokumental bat estreinatuko dute "Erresonantziak" proiektuaren baitan

  • EITBk eta Artium Museoak Gema Intxaustiri buruzko dokumental bat estreinatuko dute

  • Piezaren aurkezpena dela eta —azaroaren 19an izango da 18:00etan—, museoak solasaldi bat antolatu du artistarekin
  • EITBk eta Artium Museoak Begira Produkzioekin batera bultzatutzen dute euskal artisten lana ikuspegi kritiko eta historiko batetik ikusaraztea bilatzen duen erresonantziak ekimena
  • Dokumentala ETB ON plataforman ere estreinatuko da ostegunean bertan, hilak 19
  • Joan den martxoan Esther Ferrerren eta Mari Puri Herreroren ibilbideei buruz aurkeztutako bi dokumentalei gehitu behar zaie lan hau
  • Itziar Okariz izango da gaur egun ekoizpen prozesuan dagoen laugarren dokumentalaren protagonista

Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) artistari buruzko dokumentala estreinatuko da Artium Museoan datorren ostegunean, azaroak 19, 18:00etan. Euskal Herriko sorkuntza garaikidea publiko berriei hurbiltzen lagunduko duten kalitatezko ikus-entzunezko edukiak sortzeko museoak eta EITBk elkarrekin aurrera daramaten ekimenaren esparruan ekoitzi da. Euskal artisten lana ikuspegi kritiko eta historiko batetik ezagutzen laguntzen duen erresonantziak proiektuaren parte da pieza, eta museoaren, EITBren eta Begira Produkzioak ekoiztetxearen artean partekatutako lantalde baten ardurapean dago. Emanaldi berriak, ordubete inguruko dokumentalak, monografikoki jorratzen du Intxaustiren ibilbidea. Aipatzekoa da, dokumentala Gasteizen eta Bilbon grabau dela, baita Mendatan (Bizkaia) ere, artistaren lantegian.

Artium Museoaren zuzendari Beatriz Herráezek eta EITBko Kultura eta Euskara zuzendari Vanesa Fernándezek aurkeztuko dute lana. Proiekzioaren ondoren, Gema Intxaustik, Beatriz Herráezek eta Larraitz Zuazok (Begira Produkzioak-en zuzendaria eta dokumentalaren ikus-entzunezkoaren zuzendari eta errealizazioaren arduraduna) elkarrizketa bat izango dute, artistaren lan-prozesuez eta pieza dokumental honen ekoizpenaz aritzeko. EITBk eta Artium Museoak Euskal Herriko entzule berrien artean kultura garaikidea zabaltzeko elkarrekin aurrera daramaten lankidetza-proiektuaren parte da erresonantziak, eta artisten lana ezagutarazteko plataforma bat, egungo gizarteak dituen beharrei eta erronkei erantzuteko sorkuntza garaikidetik ondorioztatzen diren balioak bultzatuz. Lankidetza hori erakunde parte-hartzaileek elkarrekin egingo dituzten hainbat programaren sorreraren bidez gauzatuko da. Lehen ekintza bi lan dokumental ekoiztea izan zen, bi artista nabarmenen ibilbideetan oinarrituak: Esther Ferrer (Donostia, 1937) eta Mari Puri Herrero (Bilbo, 1942), ibilbide profesional luzeko egileak biak, eta azken hamarkadetan praktika artistiko garaikideen garapenari ekarpen garrantzitsuak eginak. Pieza horiei Gema Intxausti protagonista duen dokumentala gehitu behar zaie orain.

Gema Intxaustik (Gernika-Lumo, 1966) eskulturaren, marrazkiaren eta ikus-entzunezko narrazioaren esparruetan lan egiten du nagusiki. Arte Ederretan trebatu zen EHUn, eta zineman eta bideoan Erresuma Batuan; abiapuntu horrekin, haren lanak zinemari, musikari eta literaturari buruzko erreferentziak ditu, eta irudiaren, testuaren eta narrazioaren arteko harremanak aztertzen ditu. 2018an, ibilbide artistikoaren Gure Artea saria jaso zuen. 2020ko otsailetik azarora bitartean, museoak Jendetzaren erdian, atxiloketari begira erakusketa aurkeztu zuen, Intxaustiren formatu handiko lehen bakarkako erakusketa. 2022an, artistak Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoari dokumentu-funts bat eman zion, dokumentazio pertsonalak, sorkuntzaren ingurukoak eta profesionalak osatutako zazpi artxibo- eta karpeta-kutxatan; bere ibilbide artistikoari lotutako material horretan garrantzi berezia du laurogeiko hamarkadaren amaieratik 2000ko hamarkadaren hasiera arteko praktika feminista, kontzeptual eta disziplinartekoak. Funts hori katalogatuta dago, eta museoaren webgunean eskuragarri. Arte-sorkuntzaren eta gizarte-testuinguruaren arteko harremana lantzeko aukera ematen du, baita arte garaikidean narratiba pertsonalak eta kolektiboak artikulatzeko ere. Gai horiek behin eta berriz aipatzen dira Intxaustiren lanean.

Itziar Okariz artista (Donostia, 1965), berriz, une honetan ekoizteko fasean dagoen saileko laugarren dokumentalaren protagonista izango da. Pieza hori hainbat tokitan grabatu da, hala nola Gasteizen eta New Yorken, eta datozen hilabeteetan aurkeztuko da. Okarizen praktikak performancea, bideoa eta instalazioa biltzen ditu. Bere lanean gorputzaren eraikuntza eta espazio publiko eta pribatuarekin duen harremana ikertzen ditu artistak, hizkuntza, generoa eta identitatea eratzen dituzten arauak eta gizarte-konbentzioak zalantzan jarriz. 2026an ibilbide artistikoari ematen zaion Gure Artea Saria jaso du.


  • DataAzaroak 17
  • Gaia Ikusizko arteak, Ikus-entzunezkoa, Museoak, Ondarea