61. Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur, Durangoko Musika Eskolan. Bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean ari diren guneetako arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Andoni Urzelai (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara) eta Maider Larrañaga (Szenatokia). Horiez gain, Azoka Telebistako Aitor Agiriano eta Zu Non Han DA! egitasmoaren koordinatzaile Amaia Egidazu ere izan dira aurkezpenean. Guztien artean, 61. edizioko egitarauaren xehetasunak eta gunez gune izango diren proposamenak azaldu dituzte.
61. Durangoko Azokaren prestaketak azken txanpan sartu dira. Hilabeteetako lanaren ostean, egitaraua osatuta dago, erakusmahaien antolaketa aurreratuta, eta dena prest dago abenduaren 4tik 8ra euskal kulturaren nobedadeak eta proposamenak hartzeko. Urtero bezala, ilusioa eta gogoa nagusi dira Azokaren atarian, kulturzaleei beste edizio batez gozatzeko aukera eskaintzeko.
Aurten ere, Durangoko Azoka Kulturaren Jaialdia izango da, euskarazko sorkuntza sustatu eta erakusteko topagunea. Horregatik, sortzaileei eta haien lanari eman nahi zaie protagonismoa. Sorkuntza-lanek askotariko estiloak eta gaiak biltzen dituzte, euskal kulturaren bizitasunaren erakusgarri. Euskal kultura etengabe ari da garai berrietara egokitzen, adierazpide eta joera berriak bereganatzen, herritarren nortasun kulturala bizitzeko eta garatzeko tresnak eskainiz.
"Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa izango dugu aurtengo Durangoko Azokan. Horregatik, jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da", adierazi du Beñat Gaztelurrutia Gerediagako koordinatzaileak. Herritarrei egitaraua ezagutzera eta eskaintza zabalean barrena ibiltzera gonbita egin die, Azoka euskal kulturaren askotariko adierazpideak ezagutzeko aukera ere badelako.
Aurtengo edizioaren datuei dagokienez, Landako Gunea erakusmahaiz beteta egongo da berriro ere. Guztira, 174 partaide etorriko dira, eta 286 erakusmahai atonduko dituzte. Bertan, 2026an argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak.
Kulturaren balioetan sinetsita, gainerako eragileekin eskuz esku jarduteko prest dago Durangoko Azoka. "Horrelaxe osatu dugu egitarau eder bat. Guztira, 311 ekitaldi programatu ditugu", azaldu du Gaztelurrutiak.
Iaz hasitako bideari jarraituz, iluntze eta gauetako ikuskizun bereziak izango dira aurten ere. Hala, Azokako ateak itxi ondoren ere egitarauak jarraipena izango du. Gaueko kontzertuei dagokienez, abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak arituko dira; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia izango da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin.
Kontzertuez gain, beste hainbat ikuskizun ere izango dira iluntzean. Abenduaren 5ean, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa izango dira; 6an, Oraingoz izen gabe filma eskainiko da, estreinaldiaren 40. urteurrenaren harira; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua izango da. Horrez gain, iazko Sormen Bekaren irabazleen lana ere aurkeztuko da Durangoko Azokan: Esperantza zoro batez komikia abenduaren 5ean ezagutuko dugu, Talaia gunean.