Euskal ondare zinematografikoak eta Merina Gris eta EZEZEZ taldeen proposamenek bat egingo dute Montrealen aste honetan, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako bi ekimenen bidez. Cinémathèque québécoise-k atzo eman zion hasiera Euskadiko Filmategiarekin eta Etxeparerekin elkarlanean antolatutako zinema zikloari. Filmategiak zaharberritutako zazpi euskal film biltzen ditu. Bestalde, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek M pour Montréal jaialdiaren programa artistikoan eta profesionalean hartuko dute parte, azaroaren 18tik 21era.
Bi ekimenek euskal ondare zinematografikoa eta gaur egungo musika sorkuntza publiko berriengana hurbiltzeko aukera eskaintzen dute. Aldi berean, Quebeceko kultur erakunde eta eragileekin harremanak sendotzeko, truke profesionalak sustatzeko eta nazioarteko lankidetzarako bide berriak irekitzeko balio dute.
Cinémathèque québécoise-k La Cinémathèque basque présente zikloa hartuko du azaroaren 16tik 18ra, Euskadiko Filmategiarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatuta. Programazioak Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak bilduko ditu lehen aldiz, Montxo Armendarizen Obaba (2005) filmarekin batera.
Hautatutako filmak honako hauek dira: Tasio (Montxo Armendáriz, 1984), Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra (Montxo Armendáriz, 1981), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986).