Gasteizko Udal Antzoki Sareak 43 ikuskizun proposatu ditu negu honetarako

  • Gasteizko Udal Antzoki Sareak 43 ikuskizun proposatu ditu negu honetarako

  • XXI. Mendeko Flamenkoa zikloaren 30. edizioan honako hauek izango dira: Argentina, José Valencia, Sandra Carrasco y David de Arahal, Gregorio Moya, eta Antonio Reyes

Gasteizko Udal Antzoki Sareak Gabonetako eta Neguko denboraldia eta XXI. Mendeko Flamenkoa zikloa aurkeztu ditu. Abenduaren 16tik martxoaren 20ra, 43 ikuskizun izango dira Sareko agertokietan: 6 abenduan, 32 neguko gainerako hilabeteetan, eta 5 kontzertu 2027an 30 urte beteko dituen Zikloaren barruan.

"Vitoria-Gasteizek publiko heldua eta zorrotza du, kultura kontsumitzen duena eta kalitatezko kultura eskatzen duena. Arrakasta handia izan duen Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren ondoren, Neguko denboraldia aurkezten dugu. Ziur gaude aretoetara joaten direnen aurreikuspenak beteko dituela", iragarri du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak.

Antzerkia, dantza edo musika bezalako ohiko diziplinez gain, zarzuela, zirkua eta familia osoarentzako eta lehen haurtzarorako proposamenez gozatzeko aukera izango da. Formatu desberdinak, baina literaturaren klasikoak ahaztu gabe, hala nola: Invisible, Don Juan, La muerte y la doncella, Panorama desde el puente...

Ohikoa den moduan, programazioak tokiko eta euskarazko sorkuntzaren aldeko apustuari eutsiko dio, Euskadiko 16 konpainia eta euskarazko 12 ikuskizunekin. Kokapenei dagokienez, 36 Felix Petite Antzokian izango dira, 8 Jesus Ibañez de Matauco Antzokian eta 1 (saio bikoitzean) Federico García Lorca antzokian.

Besteak beste, Gasteizko agertokietara igoko dira artista hauek: Lucía Lacarra, Oriol Plá, Yllana, Blanca Portillo, Ane Gabarain, Alba Flores, Joaquín Reyes, Hovik Keuchkerian, María Adánez, Manuela Velasco, Miguel Rellán, Silvia Marsó, eta Leonardo Sbaraglia. Baita ospe handiko tokiko izenak ere, adibidez: Joxe Ramon Soroiz, Aitziber Garmendia, Iñaki Rikarte eta Kepa Errasti.

Zuzendariei dagokienez, bestalde, hauek azpimarratu behar dira: Sergio Peris Mencheta, Andrés Lima, Juan Carlos Fisher, Xabier Albertí, David Serrano, Iñaki Rikarte, Fernando Bernués eta Mireia Gabilondo.

Sarrerak abenduaren 1ean jarriko dira salgai, 10:30etik aurrera, turismo-bulegoko leihatilan, Principal Antzokiko webgunean edo telefonoz (945 161 045).

Jarraitu irakurtzen


  • DataAzaroak 17
  • Gaia Arte eszenikoak, Musika