Tabakaleraren eta EITBren eskutik, euskarazko soinu-fikzioa sustatzea helburu duen Audiogile Berriak egitasmoaren hirugarren edizioaren irabazlea, Oier Bravoren "Lehendabiziko ordua", maiatzean eman zen ezagutzera eta gaurtik (azaroak 19) aurrera, audio-fikzio bilakatuta, entzungai dago EITBren GUAU audio plataforman.
"Lehendabiziko ordua" euskarazko soinu-fikzioan, gerra lehertzear da eta Ane aitona erreskatatzera abiatuko da, kaosaren, biziraupenaren eta traizioaren artean. Lau ataleko ekoizpena da eta LERA Estudioak ekoitzi du, Haritz Leteren zuzendaritzapean eta Sara Cozar aktore zuzendari dela. Biak ala biak aritu dira aktore lanetan, Nerea Sanz, Ramon Agirre, Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Karmele Larrinaga, Asier Hernandez, Dorleta Urretabizkaia, Egoitz Sanchez eta Nahikari Beltzarekin batera. Haritz Letek egin du, halaber, soinu diseinua eta nahasketa, Elena Setienek sortu du musika eta Alain Martinez Iribarrenek irudia.