"Tabakalera belaunaldia"ren bigarren topaketa eta "Herri Pantaila"ren estreinaldia, 2027ko programazioaren proposamen nabarmenenak


  • Programazioak Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa ere hartuko du barne, baita Jacques Tati, Pier Paolo Pasolini eta Albertina Carri zinemagileei edo zinema arabiar garaikideari buruzko zikloak ere

Tabakalerak 2027rako bere zine-programazioaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu, ikus-entzunezko ekosistema paregabearen sendotasuna eta ageriko eragina berretsiko dituen denboraldia izango dena. Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren, Donostia Kulturako Zinema Unitatearen, Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) eta Tabakaleraren elkarlanari esker, zentroaren pantaila partekatuak elkarrizketa sustatuko du beste behin sorkuntza, ikerkuntza, prestakuntza eta erakusketen artean.

Tabakalera Belaunaldiaren II. topaketa eta beste proiektu partekatu batzuk

Urteko lehen gertaera gogoangarria urtarrilaren 14tik 16ra bitartean egingo den Tabakalera Belaunaldiaren bigarren topaketa izango da, ikus-entzunezko garaikidearen egutegian ezinbesteko hitzordu gisa finkatzeko bidean den deialdia. Programak publikoari irekitako saioak eta profesionalei zuzendutako topaketak uztartuko ditu hiru egunez.

Programa ostegunean, hilaren 14an, hasiko da Zine izarak filmaren proiekzioarekin. Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategiak eta EQZEk bultzatuta, Harkaitz Cano idazleak eta María Elorza zinemagileak emandako lantegi baten emaitza da film kolektibo hau. Ondoren, Bingham Bryant EQZEko 2023-2024ko Sorkuntza Masterreko ikasleak zuzendutako El espejismo (2024) proiektatuko da, FIDMarseille zinemaldian estreinatu eta Seminci zinemaldian proiektatu ondoren. Zuzendaria saioa aurkeztera etorriko da, eta ondorengo solasaldian parte hartuko du. Hilaren 15ean, ostirala, sektoreari eskainiko zaion networking-saioa egingo da; hilaren 16an, larunbata, Lejos de los árboles (2026) filmaren proiekzioak emango dio itxiera zikloari. Meritxell Colell zuzendariak —Ikusmira Berriak egonaldi-programako parte-hartzailea— aurkeztuko du, eta ondoren, Kontatutako zineko saioa eskainiko du.

Jarraitu irakurtzen


  • DataAzaroak 24
  • Gaia Ikus-entzunezkoa