Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 2002ko apirilean ireki zituen ateak. Harrezkero, erreferente izan da espainiar Estatuan arte garaikidearen esparruan, bakarra, artista garaikide garrantzitsuen 2.700 artelan baino gehiagoko izaera publikoko ondare-funtsa duelako, tartean Jorge Oteiza, Néstor Sanmiguel Diest, Elena Asins, Ángeles Marco, Dora García, Miquel Barceló, Juan Luis Moraza, Juan Muñoz, June Crespo, Ignasi Aballí, María Luisa Fernández edota Cristina Iglesias artistenak.
Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko almendraren ondoan, eraikitako 13.000 m2 dituela, ia % 75 kalearen mailaz azpian, eraikina barruko plaza baten inguruan eta haren azpian antolatu da, eta bertan dago museoko lorategia.
Eraikinaren bi bolumen besterik ez dira ikusten: hormigoi zuriko kubo handi bat, izaera gordin hutsera murrizteko arkitektura-apaingarriak kendu zaizkiona, eta bigarren bolumen bat, granito grisez egina, azaleratik irten eta barruko plaza mugatzen duena. Lurpean, aretoetan zehar doan ibilbideak museoko Bilduma eta erakusketak ezagutzeko aukera ematen du.