"3409 Worker", Estampa taldearen erakusketa

Getxo 2020(e)ko irailaren 3(e)tik 2020(e)ko irailaren 27(e)ra
  • "3409 Worker", Estampa taldearen erakusketa

GetxoPhoto 2020ren barruan.

Estampa kolektiboak bi proiekturekin parte hartzen du Getxophoton: 3409 Worker, Jaialdian fisikoki instalatuta dagoena, eta Smile! You are out of Camera, Internetetik eskuragarri. Bi proposamen horiek makinek eremu publikoan nola zaintzen eta esku hartzen duten aztertzen dute, eta gizartean duten eraginari buruzko gogoeta poliedrikoa proposatzen dute.

Smart City zigiluarekin ezarritako hiriko kudeaketa eta zaintza-sistemek, kapitala erakartzeko diseinatuak, zaintza-kameren kopurua eta irudien sofistikazioa are gehiago handitu dituzte. Prozesatu beharreko etengabeko ikusmen-fluxuak giza gaitasuna gainditu du; ez dago hainbeste irudi ikusteko eta adierazteko behar adina begi. Gaur egun, makinak, irudiak hartzeaz gain, analisiaz, identifikazioaz eta etiketatzeaz ere arduratzen dira, makinek eta makinentzat sortutako irudi-zirkuitu itxia sortuz.

3409 Worker-ek ikuspegi konputazionala ezagutzera ematen du, begiek eta burmuinak mundua ikusi eta ulertzeko duten gaitasuna ordenagailuekin emulatzen duen diziplina zientifikoa. Bideoan, hiri-paisaiako elementuak identifikatzeko entrenatutako sare neuronal artifizial batek ikusten du hiri garaikidea. Makinak bere identifikazio-prozesuan erabiltzen duen logika agerikoa da ezagutzen duena kokatu, testuingurutik atera eta zerrendatzean: 30.344 pertsona, 9.354 auto, 3.049 langile… Ariketa horrek hirietako kaleetan dauden sistema automatizatuek espazio publikoan dabiltzan herritarrak begiratzeko eta asimilatzeko erabiltzen duten metodoa hurbiltzen digu.

Smile! You are out of Camerak ere objektuak identifikatzen trebatutako ikusmen konputazionaleko sistema erabiltzen du, Getxoko kaleetan instalatutako kamera batek zuzenean hartutako bideo-seinale bat aztertzeko. Sare neuronalak etengabe prozesatzen du emisioa, baina, aurreko lanarekin alderatuta, mugitzen ari diren objektuak koadro zuri baten azpian ezkutatzen ditu. Horrela, webcam-aren aurrean dabiltzan pertsonak, ibilgailuak edo animaliak automatikoki desagertzen dira. Mundu hiperbisual honetan, ikusezintasun digitala inor gutxik gozatzen duen pribilegio bihurtu da.

Estampa kolektiboak 3409 Worker proiektuan erakusten diren kontrol eta zaintza-tresnen erabilerak aldatzea proposatzen du, herritarren zirkulazio askea ahalbidetzeko, Smile!You are out of Camera proiektuan moduan.

Estampa ikus-entzunezko esperimentalaren eta ingurune digitalen arloetan lan egiten duen errealizadore, programatzaile eta ikertzaileen taldea da. Roc Albalat, Pau Artigas, Marcel Pié, Marc Padró eta Daniel Pitarch-ek osatzen dute taldea. Ikus-entzunezko teknologien hurbilketa kritiko eta arkeologikoan, tresna interaktiboen aukeretan eta animazio esperimentalaren baliabideetan oinarritzen da euren jarduera. Estatuko eta nazioarteko deialdietan aukeratuak izan dira eta hainbat arte zentrotan erakutsi dituzte euren lanak, esaterako:  El mal alumno. Pedagogía crítica para las Inteligencias artificiales (2017-2018), La Capella, Barcelona Producció; Espacios latentes. Imaginaciones maquínicas (2018), Sónar + d (2019), CaixaFòrum (2018), Interface Politics Congress (2019) eta CCCBLab (2019); Deep Blue Rhapsody, 2019ko Kosmopolisen aurkeztua eta Letter Award saria irabazi zuena; You have spoken to me… Irene Solà idazle eta artista bisualarekin egindako proiektua (2019, SWAB).


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2020(e)ko irailaren 3(e)tik 2020(e)ko irailaren 27(e)ra
  • LekuaAmezti aretoa (Amezti, 6)
    Getxo
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez

Non

Euskadi, auzolana