GetxoPhoto 2020ren barruan.
2019ko ekaina eta urria artean Hong Kong-en izandako protestei buruzko argazki-proiektu dokumentala da How was your Dream? Thaddé Comar-ek gaur egun kontrol handipean bizi diren gizarteek asmatutako matxinada eta manifestazio-eredu berriak aztertzen ditu. Lanaren izenburuak manifestatzaileek haien bizipenei buruz isilpean hitz egiteko eta harrapatuak ez izateko darabilten esaldi alegorikoari egiten dio erreferentzia.
Ohizko fotokazetaritzatik haratago doazen kodigoak baliatuz, Comar-ek, mugimendu demokratikoaren altxamendua eta erresistentzia dokumentatu zituen kolonia ingelesan eraldaketa politikoa gertatzen ari zen bitartean. Gobernuaren kontrol sistema sofistikatuari aurre egiteko –aurpegi antzematea, geolokalizazioa, entzuketak, infiltrazioak, ur-kainoiak, gas negar-eragilea, helikopteroak eta arma sonikoak–, manifestatzaileek ikusezintasunean oinarritutako teknikak garatu zituzten, hala nola, laserrak, maskarak, dronak eta komunikazio enkriptatua. Lan honetako argazkiek komunikazio bide eta gailu berriek identifikazio eta kontrol erak zelan eraldatu dituzten azpimarratzen dute. Aldi berean, protesta estrategia eta erresistentziarako bide berriek, singulartasuna ezkutatuz eta nortasun komunak eta lausoak sortuz erantzuten dutela egiaztatzen dute irudiok.
Thaddé Comar, 1993an Parisen jaioa. Ekonomia eta Gizarte-Zientzietan lizentziatua, 2014an argazkilaritza ikastea erabaki zuen. 2018an cum laude graduatu zen École cantonale d’art de Lausanne-n (ECAL). Bere lana gaur egungo gertakizunei eta mugimendu sozialei sakonki lotuta dago. Paris eta Suitza artean bizi da, non lan editoriala, enkarguak eta ikerketa pertsonalak gauzatzen dituen. Bere lana Vevey Images edo ParisPhoto-n egon da ikusgai, eta Vice Magazine France, It’s Nice That, Trans Magazine edota Variety Magazine bezalako agerkarietan ere argitaratua izan da.