GetxoPhoto 2020ren barruan.
Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, espainiar bakoitzak urtero 480 kilo zabor sortzen ditu. Eta zabor honek ingurumen-inpaktu handia dauka, izan ere, baliabide naturalak suntsitzen ditu eta itsasoa, lurra, airea, flora eta fauna kutsatu. Birziklapenaren industrian inbertsio handia eginagatik ere, sortzen ditugun hondakin gehienak zabortegira doaz zuzenean. Horregatik, birziklatzeaz gain, nahitaezkoa da berrerabilpena eta murriztapenaren aldeko kontzientziazioa. Gobernuek zein ekimen indenpendenteek ahaleginak egin arren, gizakiok etengabe jarraitzen dugu ikaragarrizko zabor kopurua sortzen.
Mentalgassi talde alemaniarrak Getxophoton aukezten duen Waste Wastes proiektuak hondakinen gai arantzatsu eta konplexua mahaigaineratzen du. Horretarako ikusgai bihurtzen du pertsona bakoitzak sortzen duen zarama, zabor poltsetan aurpegiak ipiniz eta hauek hiriko kaleetan barreiatuz. Kale artisten hirukote honek, hiri-interbentziotan ibilbide luzea egina daukana, gaur egun ingurumen-arazorik handienetakoan ipintzen du arreta, norberak sortzen duen hondakin kopuru handia azpimarratuz.
Mentalgassi Berlinen sortutako hiru artisten taldea da. Haien inspirazio iturria euren talde bizipenenetan aurki daiteke, elkarren arteko etengabeko berrelikaduran. Emaitza? Jendearen aurrean tupustean azaltzen den arte urbanoa. Ikuspuntu originalak sortzeko, hirian eskua sartzen dute artazi zein cutter-ekin egindako irudiak edota inprimatua izan daitekeen edozein gauza erabiliz. Talde honek hiri-altzariak, birziklapen kontainerrak, bazterrak zein fatxadak eraldatzen ditu, hauexek begikortasuna eta emozioak pizten dituzten objektu biihurtuz. “Hiri monotonoak” leku dibertigarriago bihurtzeko premisapean –gai “serioak” jorratzen dituztenean ere bai– Mentalgassik atentzioa ematen dio hiritarrari, hau bere ingurunearekin nahastuz eta berari irakurketa modu ezberdinak eskainiz. Berlin eta Europako hainbat hiritako kaleetan euren lanak paratzeaz gain, azkenengo hamabi urtetan makina bat jaialditan hartu dute parte; gurean laugarrenez izango dira aurten.