1976ko apirilaren 5ean ETAko 24 kidek eta Kataluniako hainbat organizazio eta alderdietako beste bost lagunek ere ihes egin zuten Segoviako kartzelatik. Bost urte geroago, otsailaren 23an izandako estatu-kolpe saiakera gertatu berriak markatutako testuinguru soziopolitikoan, ameslari talde bat omenezko film baten ekoizpen zentzugabean murgildu zen: Segoviako ihesa zen film hori, espetxetik ihes egindako pertsona batzuek berek parte hartuko zuten film luzea, etengabe Juan Jose Roson Barne Ministroaren jopuntuan egongo zena.
Imanol Uribek zuzendu eta Angel Amigok produzitutako filma, euskal zinemagintzaren mugarrietakoa izateaz gain, euskal historiako garai zail eta nahasi hori jasotzen duen dokumentua ere bada.
Angel Amigok (Imanol Uriberekin batera filmeko gidoilaria izana) eta Carlos Juarezek (Euskal Produktoreen Elkarteko presidentea) bultzatutako erakusketa honek bildu egiten ditu Jesus Uriartek filmatze lanean zehar egin zituen argazkiak, berrogei urte geroago zinema-proiektu bat baino gehiago izan zen une errepikaezin hura hobeto ulertzen lagundu diezaguten.
Argazkiekin batera, erakusketan beste zenbait objektu ikusi ahalko dira: kartel eta gidoi originalak, filmatzean erabilitako klaketa, Felix Murcia zuzendari artistikoaren marrazki ezberdinak, edota pelikulak Donostiako Zinemaldian jaso zuen FIPRESCI saria, besteak beste.
Ordutegia
Erakusketaz gainerako jarduerak
Erakusketa solasaldi oso berezi batekin inauguratuko da urriaren 1ean, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Un sueño hecho realidad: La fuga de Segovia titulupean, Imanol Uribe zuzendaria, Angel Amigo produktorea, Xabier Elorriaga aktorea eta Amaia Zubiria musikaria solasean arituko gira, Carlos Juarezek gidatuta, pelikula honek, pertsonalki eta profesionalki, suposatu zuen esperientziaren inguruan. Solasaldirako gonbidapenak amarakulturetxea@donostia.eus posta elektronikora idatziz eskuratu daitezke.
Erakusketa Euskal Produktoreen Elkarteak (EPE-APV) eta Donostia Kulturak ekoitzi eta antolatu dute, Euskadiko FIlmategiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin.
Urteurrena borobiltzeko, Euskadiko Filmategiak Segoviako ihesa proiektatuko du urriaren 2an, 19:00etan, Tabakaleran. Imanol Uribek eta Angel Amigok pelikula aurkeztuko dute proiekzioaren aurretik. Sarrerak 3,5€ balio du.