Bilboko Etxebarria Parkeak instalakuntza artistiko berria du gaurtik aurrera. “Baso bidaiariak / Bosques viajeros” izeneko zuhaitz-lerrokaduraren prototipoa da, José Ramón Ais artistak espazio publikorako asmatua eta Azkuna Zentroa-Alhóndiga Bilbaok ekoitzia 2021eko Prototipoak, Arte Forma Berrien Nazioarteko Bienalaren barruan.
Pieza ekainaren 1etik irailaren 19ra bitartean instalatu zen Azkuna Zentroko terrazan, eta orain Bilboko gune horretara lekualdatu da. Bertan, instalazioko zuhaitz guztiak birlandatu dira.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Zinegotziak, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Zinegotziak, Fernando Pérez Azkuna Zentroko Zuzendariak eta José Ramón Ais artista berak instalakuntza bisitatu dute gaur Etxebarria Parkean.
“Baso bidaiariak / Bosques viajeros” espazio publikorako asmatutako zuhaitz-lerrokatzearen prototipoa da. Arboreto bat antolatzen du lerroan, espazioa diagonalean zeharkatzen duen erabilera publikoko lorategia. “Arbolado para calles, imperios y paraísos” seriearen baitan dago, artistak Erroman egin zuen egonaldian hasitako proiektuan; zuhaitz-lerrokatze patroiak eta ereduak zortzen ditu, zuhaitzen historiatik eta testuingurutik abiatuta kontakizunak eraikiz.
“Baso bidaiariak / Bosques viajeros” lanean Euskadiko zuhaitzen historia da ardatza: horietako batzuk jatorriz tokiko basoetakoak dira, beste batzuk beste nonbaitetik ekarriak. Lerrokatzea osatzeko, haritzak (quercus robus), pagoak (fagus sylvatica), lizarrak (fraxinus excelsior), palmondoak (washington robusta) eta pinuak (pinus insignis) erabili ditu. Proiektu honek zuhaitzen gure historiaren bilakaeran duten garrantzia azpimarratzen du, eta gue egungo harreman eta jardunbideei buruzko galderak eragiten ditu.
Piezak, artistak adierazi duen bezala, bidaiaren irudietara eramaten gaitu: “Zuhaitzak itsasontziak egiteko lehengaiak izan ziren, leku desberdinak lotuz, nondik pinus insignis bezalako espezieak iritsi ziren, gaur egun gure mendiak zeharkatzen dituena. Mendeetan zehar, pagoak eta haritzak erregaiak izan ziren burdinolentzat, zuhaitz-lerrokadura Etxebarria siderurgia-fabrika zaharraren eta Bilboko gas udal-fabrikaren lurretan kokatzen da orain”.
José Ramón Ais Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean eta prestakuntza hori lorezaintza-diseinuko ikasketekin osatu du. Bere lana paisaiaren eraikuntzarekin eta irudikapenarekin lotutako kontzeptuei buruzko hausnarketa eta azterketatzat har daiteke. Naturari buruzko kontakizunak, ideologiak, desioak eta utopiak proiektatzeko erabitzen diren lotura emozionalak eta moduak aztertu nahi ditu.
Bere lan-prozesuetan uztarri berean batuta daude argazkia eta irudia postproduzitzeko teknikak, landa-lana, ikerketa historikoa eta lantzen dituen espezieak landatu eta behatzea.