Aste Nagusia Bilboko kaleetara itzuliko da abuztuaren 20tik 28ra bitartean, COVID19aren pandemiaren ondoriozko bi urteko geldialdiaren ondoren. Bilbok jai-eredu finkatu eta erreferente bat berreskuratu du, Aste Nagusiak ematen duena, hain zuzen ere. Eredu horrek doako eta askotariko eskaintza biltzen du, gustu eta adin guztietarako 500 jarduera ingururekin. Hainbat kanalen bidez (webgunea, sare sozialak…) eskuragarri dagoen programazioa eta zinegotziak gailu mugikor guztietan deskargatzera animatu duen doako aplikazioa.
Bilboko jaiak larunbat honetan, abuztuaren 20an, abiatuko dira, 19:00etan, Arriaga Antzokiko balkoitik. Itziar Lazkano pregoilariak eta Iratxe Palacios txupinerak Aste Nagusiaren historian gehien itxaron izan den Pregoia irakurri eta Txupina jaurtiko dute.
Aste Nagusiko jaietako publikoarentzat musika-eskaintzak duen garrantziaz jabetuta, Bilboko Udalak doako 100 musika-ikuskizun baino gehiago antolatu ditu uriko 8 agertokitan; era guztietako kontzertuak izango dira, gaur-gaurkoak, musika klasikoa eta bilbainadak, besteak beste.
Musikako hitzorduen ardatza eta oinarria, Bilboko jai-ereduaren ezaugarriak izango dira: kalitatea, askotako eskaintza, berdintasuna, parte-hartzea eta doakotasuna. Musika-estilo bakoitzak bere espazioa eta kokalekua izango ditu:
Europa parkea: Kontzertuak eta ikuskizunak
Lau kontzertuak abuztuaren 24tik 27ra izango dira (asteazkenetik larunbatera) 00:00etan.
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 1 MB)
Abandoibarra: Kontzertuak eta ikuskizunak
Guggenheim Museoaren itzalean dagoen kontzertu-guneak askotariko programazioa eta lehen mailakoa izango du. Kontzertuak 23: 30ean hasiko dira:
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 1 MB)
Plaza Barria: Munduko musikak
Bilboko Plaza Barria abuztuaren 20tik 27ra mundu osoko musika-moldeak hartzeko prestatzen ari da. Zortzi kontzertu izango dira guztira, 23:30ean hasita, era guztietako erritmoekin Bilboko gaua girotuko dutenak.
Era guztietako aukerak eskainiko ditu Aste Nagusiak: flamenkoa, swing-a, reggae-a, rock and roll-a, funk-a… Urtero legez, kontzertuotara jendetza biltzea espero dute.
Informazio gehiago: Dosierra (pdf formatuan - 953 KB)
Gizakunde eliza: Musika klasikoa
Gizakundearen Elizak musika klasikoko zortzi kontzertu hartuko ditu munduko hainbat lekutako bakarlari, abesbatza eta orkestrekin, abuztuaren 20tik (larunbata) 27ra (larunbata) arratsaldero, 20:30etik aurrera.
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 1 MB)
Bilborock: Bertoko pop-rocka
Bertako Metal, Pop Rocka-Metal, Aste Nagusiko Pop Rock Lokalaren 35. edizioak 16 kontzerturekin itxi du bere kartela.
Bilborock areto mitikoaren eszenatokiak egunean bi kontzertu hartuko ditu, 20:00etan eta 21:00etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte, abuztuaren 20tik 27ra, larunbata.
Casilda Iturrizar parkeko Pergola: Bilbainadak eta goatekeak
Aste Nagusia ez litzateke gauza bera izango ohiko bilbainadarik gabe. Hori dela eta, Bilboko Udalak Casilda Iturrizar Parkea abesti herrikoiz beteko duten zortzi kontzertu programatu ditu eguerdiro, eguerdiko 12etan, abuztuaren 21etik 28ra, igandea. Lau talde igoko dira agertokira eta txandaka joango dira Bilboko Aste Nagusiko zortzi egunetan zehar.
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 1 MB)
Guateke klasikoak Casilda Iturrizar Parkera itzuliko dira Aste Nagusian. Bilboko Udalak 8 saio programatu ditu Pergolan, abuztuaren 20tik 27ra bitartean, horietako 4 bikoitzak.
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 1 MB)
Plaza Biribila: Berbenak eta Orkestrak
Aste Nagusian dantzaldiak eta orkestrak Plaza Biribilera itzuliko dira. Abuztuaren 20tik 27ra bitartean, erdiguneko agertoki hori adinik ezagutzen ez duen musika mota horrekiko leialak diren entzule ugariren topagune bihurtuko da, bi emanaldirekin egunero 20:00etan eta 23:15ean musika modalitate horretan ospe handia duen talde beraren eskutik.
Areatzako kioskoa: Bilboko Udal Banda
Bilboko Udal Musika Bandak ez dio hutsik egingo bere publiko fidelari, eta 8 kontzertu eskainiko ditu Areatzako Kioskoan, egunero eguerdiko 12:00etan. Kontzertu horietarako errepertorio oparoa aukeratu da, pasodobleetatik eta zarzueletatik hasiz, klasikoetatik igaroz, baita eszenatokian dantza eta gaitak uztartuz.
José R. Pascual-Vilaplana (abuztuak 22, 23, 24 eta 25) Muroko maisuaren eta Iñaki Urkizu (abuztuak 21, 26, 27 eta 28) zuzendariorde beasaindarraren gidaritzapean, Areatzara hurbiltzen diren bilbotarrek askotariko errepertorioaz gozatzeko aukera izango dute, hainbat gai jorratuz: “FESTARAKO MUSIKA”, “MUSIKA ETA EGINTZA, “PASODOBLEEN ETA GAITEN ARTEAN”, “DANTZALDIA”, “ONGI ETORRI”, “ZARZUELAKO PRELUDIOAK ETA TARTEKOAK”, “ZEZENKETEN PASODOBLEAK” eta “NAOHIRO IWAIREKIN GOGORATZEKO MUSIKA”.
Kantu herrikoiak eta jai-girokoak eta estilo ezberdinak uztartuko dituzten programak dira, hala nola zarzuela, euskal konposizioak, jazza, musika latinoa, pasodoblea, antzerki musikala, popa, soinu bandak, guztiak oso ezagunak diren musika piezak.
Aipatzekoak dira Eltziegoko Gaiteroekin abuztuaren 23an (asteartea) eta Dantza Aiko Taldearekin hilaren 24an (asteazkena) eskainiko dituzten baterako emanaldiak euren musika eta dantzak bandaren interpreteenari gehituz.
Bilboko kaleak eszenatoki handi bihurtuko dira Aste Nagusi honetan, kaleko Antzerkiaren eta Arte Eszenikoen eskutik. Gas Plaza eta Casilda Iturrizar Parkeko Txikigunea kaleko arteetarako gune gisa finkatu dira jaietan, eta Udalak 18 ikuskizun programatu ditu 17 konpainiaren eskutik, 2 Bilboko zigiluarekin (Panpotx eta Eidabe), 8 Euskadiko gainerako lekuetakoak, 6 estatukoak eta 2 nazioartekoak.
Estreinaldiek, muntaia bereziek eta sari ospetsuak jaso dituzten obrek laburbiltzen dute Aste Nagusiko Kaleko Antzerki eta Arte Eszeniko programazioa, “originaltasunarekin eta dibertsioarekin nahitaezko hitzordua, kartelak erakusten duen maila handiarengatik”. Izan ere, kalitate handiko doako ikuskizunak izango dira, ikus-entzule guztiei zuzendutako musika, magia, akrobaziak, clowna eta umore asko uztartzen dituztenak, goizeko zein arratsaldeko saioetan.
Nazioartean ospe handia duten antzezpenak nabarmentzen dira, baita euskal konpainia ugari eta euskarazko lanak ere, bai eta emakumeak eta dibertsitate funtzionala duten pertsonak egindakoak ere, euren proposamenekin ikus-entzuleak hotz utziko ez dituzten lanak, hain zuzen ere.
Aurkezpena programazio hori hartuko duen guneetako batean egin da, Gas Plazan. Bertan, GANSO & CÍAk “Panoli Kabareta” lanaren zati labur bat eskaini du. Clown ikuskizun horrek jaietan izango du pase osoa, hilaren 22an, 13:15ean.
Gas plazan egingo dira emanaldi orokorrak, bi emanalditan, 13:30ean eta 21:15ean. Bakoitzak 50 minutu inguru iraungo du.
Informazio: Dossierra (pdf formatuan - 2 MB)
Txikigunean, Casilda Iturrizar parkeko pergolan, umeentzako ikuskizunak egingo dira, egunero 19:30ean.
Informazio gehiago: Dossierra (pdf formatuan - 2 MB)
Umeentzako "Txikigune" parkea ume eta familientzako topagunea izango da Aste Nagusian, programazio oso eta askotarikoarekin. Aurten, NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) izango ditu ardatz.
Bilbo "Planetaren Salbamenduko Zentro Unibertsala" bihurtuko da. Umeek eta familiek, erronka ludiko-pedagogikoen bitartez, garapen jasangarriaren esanahia ezagutuko dute, 2030 Agendan dauden 17 GJHak identifikatuz. Hezkuntza-jolasaren bitartez, 33 jarduera dibertigarri, dinamiko eta parte-hartzaile planteatuko dira, eta ardatz estrategikoak Pertsonak, Planeta, Bakea, Oparotasuna eta Aliantzak izango dira.
33 JARDUERA PARKEKO 4 GUNETAN
Abuztuaren 21etik 28ra igandetik igandera, goizez eta arratsaldez, Casilda Iturrizar parkeko Pergolan, Ahateen urmaelerarte zabalduz, dagoen Txikiguneak 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara irekiko ditu ateak, eta adinaren arabera diseinatutako hogeita hamar jarduera baino gehiago eskainiko ditu.
Txikienek, 0 eta 3 urte bitartekoek, euren zentzumenak estimulatuko dituzten hainbat gune ezagutuko dituzte Aste Nagusiko Txikigunean, hala nola Hareagailu Interaktiboa, Txiki Laboratory izenekoa edo Oxizeanoa. Baita euren energia guztia gastatzeko beste leku batzuk ere, Experiteka psikomotrizitate zirkuitu erraldoia, edo Plankt-on, koloretako bolak dituen igerilekua.
Jarduera horietan gauzatuko diren dinamikek, besteak beste, berdintasunarekin, parte-hartzearekin, bizikidetzarekin edo klimaren eta itsaspeko bizitzaren defentsarekin erlazionatutako balioak barneratzera bultzatuko dituzte umeak.
Helduagoek, 3 eta 12 urte bitartekoek, Garapen Jasangarriko Helburuak lortzea ahalbidetuko duten jarrerak garatzearen garrantzia ere landuko dute. Kasu honetan, adibidez, dibertitu egingo dira, klima, itsaspeko ura eta lehorreko ekosistemak, osasuna eta ongizatea defendatzeko ekintzen edo desberdintasunak murriztearen garrantzia barneratzen duten bitartean.
Horrela, araztegien lana ezagutuko dute, ura protagonista izango duten puzgarriekin; elkarlanean arituko dira eta taldean lan egingo dute zurezko jokoekin; birziklatutako materialekin ontzi bat eraiki ahal izango dute eta funtzionatzen duen ala ez ikusi; eta grabitatearekin esperimentatu ahal izango dute ohe elastikoetan salto eginez.
Adin guztietarako diseinatutako espazioak ere egongo dira, hala nola makillaje tailerrak, irratia, ipuin kontalariak, eraikuntza jolasak eta photocall bat.
ANTZERKI ETA TAILER IKUSKIZUNA TXIKIGUNEKO BILBOBUS GELTOKIAN
Txikiguneak Bilbobuseko bere geltokia izango du, antzerki ikuskizun batekin. Gidaria B Agentea bihurtuko da 12:30ean (euskaraz) eta 18:00etan (gaztelaniaz) egingo den ikuskizunean. Horrez gain, 16:30ean, Bilbobus bat eraikitzeko tailerra egingo da gune horretan.
TREBETASUN-ZIRKUITUA
Euskaltelen eskutik, bizikletaren erabilera bultzatzeko eta bertan ibiltzeko teknika hobetzeko trebetasun-zirkuitua prestatuko da. Begirale espezializatuen laguntzarekin, bizikletarekin Bilbon modu seguruagoan ibiltzen ikasiko dugu. Jarduera hori 6 eta 12 urte bitarteko umeei dago zuzenduta.
MARIGORRINGOEN KOLONIA HANDI BAT
Parkeak, gainera, lorategiak apainduko dituen marigorringoen kolonia handi bat izango du (Gau Zurian erabili den instalazio artistikoa), eta bi pertsonaia historiko: Parkea eta bisitariak babestuko dituzten Casilda Iturrizar eta Ricardo Bastida.
KALEKO ANTZERKIA 19:30EAN
Casilda Iturrizar Parkeko Txikigunea Antzerki eta Kaleko Arte Eszenikoen agertoki gisa finkatu da jaietan. Arratsaldetan, 19:30etik aurrera, hauek iritsiko dira Pergolara: Eidabe, “Gora bihotzak!” obrarekin; Chirs-iris, “Gap of 42” lanarekin; Akelar, “TNT” ikuskizunarekin; eta Circo Los, “Kasumay” emanaldiarekin. Era berean, Panpotxen “Arin arin erbiaren abenturak”; Hutsun + Ortziren “Txalaparta hutsa” eta Tippiaren “Plas & Co” ere ikusi ahal izango dira.
"UMEEN ADISKIDEEN HIRIKO" TXU TXU TRENA
Udalak martxan jarriko du berriro “Umeen Adiskideen Hiriko” Txu Txu trena. Doako anezka-zerbitzua izango da eta 25 minuturo ibiliko da pertsona guztiak Txikigunera eramateko. Tren horiek umetxoentzako orgatxoak eramateko egokituta egongo dira, eta mugikortasun urriko pertsonak zuzenean sartu ahal izateko arrapala izango dute.
Ordutegia: Goizez: 11:00etatik 14:30era. Arratsaldez: 16:30etik 20:30era
Geltokiak:
Informazio gehiago: Jardueren dosier osoa eta Planoa
Aste Nagusiak kulturaren hiriburu bihurtuko du Bilbo 9 egunez, Euskal Folklorearekin eta Herri Kirolekin erlazionatutako ehun jarduera baino gehiagorekin.
Udalak, euskal tradizioak, ohiturak eta kultura zabaltzearen aldeko apustuan, euskal kirolaren hainbat erakustaldi eta lehiaketa jasotzen dituen programazio osoa prestatu du. Izan ere, jaietan hiria dinamizatzeaz gain, helburua bilbotarrek eta bisitatzen gaituztenek Euskal Herriko historia eta ohiturak gertutik ezagutu ahal izatea da. “Elkar ezagutzea eta ezagutu gaitzatela” da Itziar Urtasunek aurkezpenean erabili duen leloa.
Eszenaratze bereziarekin, Garikoitz Otamendiren musikaz girotuta eta Onintza Enbeita bertsolaria eta Karmele Gisasola harri-jasotzailea lagun zituela, Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak Euskadiko kultur eskaintza esanguratsu horren xehetasun guztien berri eman du. “Abuztuaren 21etik 28ra (igandetik igandera), eta kalean bertan, hiriaren bihotzean, Alde Zaharrean, hitzorduak, egunero, irisgarriak eta askotarikoak izango dira… erakustaldiak, alardeak, kalejirak, kontzertuak… eta euskara eta emakumea izango dira protagonista”, Urtasunek adierazi duenez.
“Izan ere, Aste Nagusia jai internazionala, anitza, herrikoia eta parte-hartzailea da, eta Udalaren helburua dibertimenduaren aldeko apustua ikusaraztea da, baina baita gure nortasuna, kultura eta tradizioak balioan jartzea ere”, nabarmendu du Jaietako Zinegotziak eta jaiez goizez, arratsaldez eta gauez gozatzera gonbidatu du. “Goizetik hasi eta arratsaldera arte euskal Folklore eta Herri Kirol egun batez gozatzeko, oinetako erosoak, lepoan lotutako zapia eta jai-programa bat eskura edo aplikazio ofiziala mugikorrean baino ez dira behar”.
GOIZAK TXISTULARIAK ETA GAITARIAK IGAROTZEAN HASTEN DIRA
Eguneko plana, egunero, 10:00etan, Zazpi Kaleetan zehar hiria esnatzen duten TXISTULARIEKIN ETA GAITEROEKIN abiatuko da.
Lekukoa 8 ERRALDOIEK eta BURUHANDIEN segizioak hartuko diote, 11:00etan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra taldeko dantzari eta musikariek lagunduta, Euskal Museotik hasita egingo duen ohiko kalejiran. Bi orduko iraupena duten eguneko ibilbide desberdinak izango dira. Bilbao Aste Nagusia 2022 aplikazio ofizialak, kalejiraren ibilbidea zuzenean jarraitzeko eta bertara erraz sartzeko aukera emango du.
Baina pertsonaia horien egun handia abuztuaren 28an izango da, igandea, 10:30ean, Euskadiko hainbat herritatik –Kanbo-Lapurdi, Iruñea, Arrasate, Bergara…– etorritako ERRALDOIEN KONTZENTRAZIOAREKIN. 13:30ean Areatza izango da topalekua.
Modu berean, Aste Nagusi osoan, gura duenak Erraldoien erakusketa doan bisitatu ahal izango du Mariaren Bihotza plazako aztarnategian.
Kontuan hartzeko goizeko beste hitzordu bat Txistularien Alardea izango da, abuztuaren 28an, igandean, 13:00etan, Plaza Barrian. Aurten ere, Euskadiko herri askotatik etorriko diren txistulariez gain, Iñigo Eskubi metal taldea gitarran arituko da; Gorka Eskauriaza baxuan; Ander Zulaika baterian; eta San Anton Abesbatza Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren gidaritzapean. Alarde horretan Xabier Solano musikari ospetsuak ere hartuko du parte. Gainera, Euskal Dantzak izango dira Oinkari taldearen eskutik.
BERTSOAK ETA BILBAINADAK EGUERDIAN
Egitarauko hurrengo geldiuneak 13:00etan izango dira, Santiago plazan, bertsolarien eskutik, eta tabernaz taberna Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzten eta Bilbotarrak taldearen eskutik etorriko diren bilbainadekin. Bilbainada gehiago Casilda Iturrizar Parkean entzun ahal izango dira, 12:00etan, eta Udal Musika Banda, egunero 12:00etan Areatzako Kioskoan.
Santiago Plazak BERTSO-SAIOAK hartuko ditu egunero, 13:00etan, lehen mailako bertsolarien eskutik:
Casilda Iturrizar Parkeak, Aste Nagusi bakoitzean BILBAINADA tradizionalen kokaleku nagusiak, protagonismo berezia hartuko du eguerdiro, bertaratzen direnei oso abesti ezagunak hurbilduko dizkien talde baten emanaldiarekin..
Bilbainadez gain, Casilda Iturrizar Parkean talde horiek habanera doinuak, pasodobleak, eskualde eta nazionalitate ezberdinetako folklorea eskainiko dute, euskal musika, besteak beste.
Adiskideak eta Dunbots FANFARREAK beste erritmo bat jarriko dute abuztuaren 26an (ostirala) eta 27an (larunbata), 13:00etatik 14:30era, Ledesma eta Diputazio kaleetan, eta 19:30etik 21:00etara, Alde Zaharreko kaleetan.
Horrela, Ostiral Handian –abuztuak 26–, 13:00etatik aurrera, “XXI ALBOKARIEN TROPELA” izeneko kalejira hasiko da Arriaga Plazatik, hogeita hamar alboka, pandero eta gainerako musika-tresna autoktono baino gehiagorekin.
ARRATSALDEAK DANTZETARAKO DIRA
Aste Nagusiko arratsaldeak eguneko unerik berezienetakoa dira eta hirian zehar giro bikaina sortzen da. 19:00etatik aurrera, DANTZETARAKO unea izango dira Plaza Barrian, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak (BDB) erakustaldiak, erromeriak, Larrain Dantza eta alardeak eskainiko ditu egunero, abuztuaren 21etik 28ra, eta Bizkaiko hainbat lekutik etorritako taldeen emanaldiak koordinatuko ditu.
Aste Nagusiko atal honetako unerik ezagunenetako bat asteartean, abuztuaren 23an, izango da, Euskal Herriko dantzarik errotuenetako baten inguruan, kalejira, fandangoa, jota, balsa, bolera, kateak edo bikoteak batzen dituen “Larrain dantza”. Hitzordu horretarako, Udalak jantzi tradizionalekin jantzita parte hartzera animatzen du, “Zatoz zure jantziarekin!” deiarekin. 20:00etan izango da, Plaza Barrian.