BAD Bilbao 2022 Jaialdia: "Otempodiz" (Estreinaldia Euskadin)

Bilbao 2022(e)ko Urriak 21
  • BAD Bilbao 2022 Jaialdia: "Otempodiz" (Estreinaldia Euskadin)

2022ko BAD Bilbao Jaialdiaren barruan.

Sinopsia

«Zuek erlojua duzue; guk, denbora».

Diotenez, mendebaldekook denbora zenbatu, neurtu, erosi, saldu, planifikatu, antolatu egiten dugu. Guretzat, denbora ondasun objektiboa da, gizakiarengandik independentea, gauzak egiteko erabiltzen duguna, baina, ia beti, faltan daukaguna. Afrikan, ordea, denbora bizi, eduki, egin egiten dute; gizakiaren berezko ondasun subjektiboa da, esanahia du eta ia inoiz ez da falta. Munduko leku jakin batean jaiotzeak ezinbestean markatzen du gure denbora-nozioa eta, ezer aldaezina ez bada ere, nekez aldatuko dugu gureganatu genuen lehen nozio hura. Denbora modu askotan bizi daiteke, baita haren esklabo izanda ere; baina ezin da ukatu, eta horrek munduko edozein txokotan balio du, dantzak boterea ematen digula denbora erabateko orainaldian bizitzeko, dantzaren jatorria, generoa edo baldintza edozein dela ere.

 

Konpainia

ERTZA 2004an jaio zen, Asier Zabaleta dantzari eta koreografoaren zuzendaritzapean. Koreografiarako gune berri bat sortu nahi zuen, loturarik eta konbentzionalismorik gabea, proiektuak garatu ahal izateko beste eremu batzuetako artistekin lankidetzan, edo dantza-estilo desberdinen arteko fusio-lengoaia berriak bilatzeko. Konpainiak, bere lanetan, gizakion eta gizartearen kontraesanei buruzko galderak irudikatzen ditu, eta ikus-entzuleak gonbidatzen ditu, modu ludiko eta estetiko batean, gori dauden gaiei buruz hausnartzera eta ikusten ari direnaren aurrean jarrera aktiboa hartzera. Martxan hasi zirenetik, Txinan, Filipinetan, Brasilen, Perun, Costa Rican, El Salvadorren, Mexikon, Israelen, Errusian, Lituanian, Luxenburgon, Suitzan, Alemanian, Frantzian, Italian, Grezian, Polonian, Mozambiken, Portugalen eta Espainian aurkeztu dituzte beren lanak.

  • Jatorrizko ideia, zuzendaritza eta koreografia: Asier Zabaleta
  • Dantzariak: Fenias Nhumaio, Deissane Machava
  • Musika: Batzuk
  • Laguntzak: Embajada de España en Mozambique, Cooperación Española (AECID), Gipuzkoako Dantzagunea (Gipuzkoako Foru Aldundia), Festival ATLANTIKALDIA
  • Ekoizpena: ERTZA Sorkuntza Artistikoa S.L.

 

Dokumentala

“Vosotros tenéis los relojes, nosotros tenemos El Tiempo…” («Zuek erlojua duzue; guk, denbora»)

Bizitzan sormenarekin zerikusia duen zerbaitetan jardun gura izatea jo ohi da buruaz beste egitea legetxe, lanbideari dagokionez . Mozambike moduko herrialde batean dantzan jardun gura izatea da sare gabe hiltzeko arriskua duen jauzi hirukoitza egitea legetxe…

Mozambikeko hiriburuan, Maputon, gutxieneko soldata hilean 66 eurokoa da, eta bizimodua, beraz, gogorra. Oso gogorra.  Are eta gogorragoa umeentzat, zeren eta, Save The Children GKEaren urteroko sailkapenak ziurtatzen duenez, planetako lekurik txarrenetakoa baita umeentzat.

Ondo dakite Fenias Nhumaio (33) eta Deissane Machava (25) gazteek, Maputoko hiripeetako auzorik behartsuenetako batean hazi baitziren, oraindik ere sukaldean janaria prestatzeko sua egiteko ikatza darabilten leku batean: Polana Caniçu be. Biek ere ahalegin handiak egin dituzte dantzak beren bizitzan sartzeko.

2019ko egun batean, izena eman zuten Maputon euskal dantza konpainia batek ematen zuen dantza ikastaro baterako: Ertza da konpainia hori, eta Asier Zabaleta konpainiaren burua. Handik hiru urtera, OTEMPODIZ aurkeztu zuten, dantza ikuskizun bat, Espainiako eta Europako agertokietara eraman zutena.

Marian Gerrikabeitiak zuzendu zuen «Zuek erlojua daukazue; guk, denbora…» filma, eta TU & YO produkzioak konpainiak ekoiztu, AECID eta Ertza Sorkuntza Artistikoa entitateen laguntzarekin: film horrek haien bizitza erakusten digu, eta zer sorkuntza-ibilbide egin duten.

  • Zuzendaria: Marian Gerrikabeitia
  • Gidoia: Marian Gerrikabeitia
  • Arizaleak: Fenias Nhumaio, Deissane Machava, Asier Zabaleta
  • Ekoizlea: TU & YO Producciones

 

badbilbao.eus

Laburrean

Non