Bilbao TX Fest 2022 - Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren barruan.
Iraupena: 30 minutu
Hizkuntza: Euskara
Helduei zuzendua, 12 urtetik aurrera
Ikuskizun mota: Manipulazio zuzeneko txotxongiloak eta objektuak
Ez dago erlojua gelditzerik,
oraina geroratzerik.
Iraganean korapilatu ginenetik,
minean,
zaurian,
ilusio zapuztuan
bizi da bizia.
Sokak moztu eta agurtu beharra dugu
egunen baten aske dantza gaitezen
Sinopsia
Espazio hutsak ez dira beti isilak izaten. Beti gordetzen dute infrasoinuren bat, aspaldiko oihartzunen bat.
Emakume batek kutxa handi bati tiraka lapurtzen du espazio hutsa.
Zerrek du hainbesteko pisua? Noizbait zerbaiten parte izan ziren objektuek, gaur ezerezean utziak daudenek.
Bada kutxa berriro zabaldu eta amets hautsien dantza ospatzeko garaia, zamak baztertu eta arrastaka daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea.
Xedea
Sorkuntza lan honetarako iraganeko ametsen nostalgia hartu da gai nagusitzat. Iragankortasunaren aldetik bi hitz kontrajarri dira ametsa eta nostalgia: ametsa gertatzea nahi den zerbait da, hau da geroaren desira; nostalgia ordea iragandako zerbaiten oroitzapena da. Dualtasunean, bi denbora ezberdinen desiran bizi da gizakia, iragana eta geroa. Honi aurre egiteko beharrezkoa da erresumina sendatzea, oroitzapenei lur ematea.
Baina, norbanakoaren izaera ez dute esperientzia indibidualek soilik osatzen, arbasoek ere zerikusia handia dute. Hori dela eta, honako galdera hau presente dago lanean: zein amets, desira edo ilusio izan zituzten sortzailearen aitona-amonek?
Honela beraz, sortze prozesu hau memoria ariketa bat izan da: memoria arbasoei eskaintza egiteko, eta memoria behin izandako ametsei lur emateko.
Antzezlea & Gidoia MAREN BASTERRETXEA Kanpo begirada ESTITXU ZALDUA Txotxongilo egilea VALENTINA RAPOSO Argiztapena ION CHAVEZ Afixa MAIDER ALDAY
Maren Basterretxea Iribar. Berriatuarra.
2009an José Uruñuela Dantza Kontserbatorian sartu zen, eta bertan burutu zituen Ikasketa Profesionaletako lehenengo eta bigarren mailak.
Bizitzak dantzatik aldendu zuen, eta bide berriak zabaldu zizkion. Horrela, 2016an Dantzertin sartu zen Arte Dramatikoko Ikasketak burutzera.
Gaur egun ondorengo ikuskizunetan antzezten du: Lubaki Lainotsua, Atx Teatroa. Kotondarrak, Anita Maravillas. Pintto-Pintto, Anita Maravillas. Urpekakariak, Lanku. Alpistegia, Lanku.