2023ko Eibarko Antzerki Jardunaldien barruan.
Papera hitz magikoa da antzerkiaren arte noblean aritzen direnentzat. Izen polisemiko horren atzean hainbat adiera daude. Aktoreentzat, ezin bestela izan, paperaren esanahi nagusia RAEk honelaxe definitzen duena da: “Antzerkiko edo zinemako lan batean antzeztu behar den pertsonaia”. Interprete batek paper baten proposamena jasotzen duenean, jakin-mina sortzen da antzeztu beharreko pertsonaiarekiko; libretoa paperean eduki nahi da testua irensteko eta ikusteko bere lanbideak pertsonaiari zenbat ñabardura eman diezazkiokeen, hura, zalapartarik gabe, handitu ahal izateko.
Antzezlan bat paperetik eszenatokira pasatzeko unean, hainbat ofiziok egiten dute bat. Antzerkian aritzen direnen ibilbide profesionalen hasieran oso ohikoa da paper eta ofizio bat baino gehiago bete izana. Ziurtatu daiteke ezen, zorte gehiago edo gutxiagorekin, hasiera batean, profesional gehienek antzerkigintzaren alderdi askotarikoetan jardun dutela, hala nola, produkzioan, zuzendaritzan, jantzien diseinuan, eszenografian, argiztapenean, soinu-giroan, koreografian eta abar; eta, azkenik, horietako bakar batean amaitzen dutela.
Eta, kurioski, profesional asko, beren ibilbidean zehar, antzerki-lanbidearen paper desberdinak betetzeko tentazioan erortzen dira, hori ere zorte gehiago edo gutxiagorekin. Horretaz hitz egingo dute solasaldian interpretazioaren bi izen handik: Pepón Nieto eta María Adánez. Solasaldi formatuan, beren ibilbidean zehar antzezle gisa bete dituzten paperei buruz hitz egingo digute, eta nola jokatu behar izan dituzten beste paper batzuk, interpretazioarekin loturarik ez baina antzerki-ibilbidearekin zerikusia dutenak.