Getxophoto 2023 jaialdiaren barruan.
ImageNet Adimen Artifizialen entrenamendu bisualerako iru- di-artxibo erraldoi bat da. 14 milioi argazkik baino gehiagok osatzen dute, 21.000 kategoriatan antolatuta. Sailkapen-lan hori, argazki bakoitzari hitz bat ematen diona, Amazon Mechanical Turk plataformaren bidez egin zen. Online plataforma horrek “giza adimeneko zereginak” kanpora ateratzen ditu, makinek egin ezin dituztenak. Bi urtez, 25.000 langile baino gehiago aritu ziren etiketatze-lan gogor horretan, segundo bakoitzeko 2 irudiko abiadura estimatuan.
Nicolas Malevék, lan honetan, alde batetik algoritmoen bolumenaren eta prozesatze-abiaduraren arteko gatazkari heltzen dio, eta, bestetik, horri eusten dioten giza lanaren baldintzei. Instalazio horretarako script bat egin du, gutxi gorabehera ImageNet-en erdia –7 milioi argazki inguru– erakusten duena Getxophotok irauten duen 25 egunetan, irudi bakoitzeko 180 milisegundoko abiaduran. Scripta ausaz gelditzen da horietako batzuetan, giza adimen motelak ezagutu ahal izan ditzan. ImageNet kategoriak WordNet-etik datoz. Aurrerago jakin zenez, beste datu-base horrek arraza- eta genero-alborapenekin sailkatzen ditu pertsonen argazkiak. Hemen erakusten dena editatutako bertsioa da.
1969an Bruselan jaioa, Nicolas Malevé artista bisual, programatzaile informatiko eta datu-aktibista da. Brusela eta Londres artean bizi eta egiten du lan. Doktoretza lortu zuen London South Bank University-n, The Photographers’ Galleryrekin lankidetzan, ikusmen-algoritmoei buruz egindako ikerketagatik. 1998tik Bruselako Constant for Arts and Mediako kidea da, feminismoa, egile-eskubideak eta lankidetza-praktika alternatiboak jorratzen dituen elkartea. Scandinavian Institute for Computational Vandalism erakundearen kidea ere bada. Erakunde akademikoekin (CRID edo Namur) eta kulturalekin (Centre Pompidou (Paris), Fundació Tàpiesekin (Bartzelona), MUHKArekin (Anberes) edo Antioquiako Museoarekin (Medellin) lankidetzan egin ditu bere ikerketak. Michael Murtaughekin batera, Active Archives garatu zuen. Proiektu horretan, ikusizko materialen bilduma handiekin elkarreragiteko eta haietatik nabigatzeko eta haiek zalantzan jartzeko moduak aztertzeko teknikekin esperimentatzen du. Teknika horiek dokumentue 12 (Kassel) edota Kiasman (Helsinki) erakutsi ditu, bai eta ikerketa-ekitaldietan ere, hala nola Archive in Motion (University of Oslo) edo Document, Fiction et Droit (Académie Royale des Beaux-Arts, Brusela), eta MIT Pressek eta Presses Universitaires de Provenzak argitaratutako liburuetan ere.